argia.eus
INPRIMATU
Noiz Arte...! Quosque Tandem...! Noiz Arte...!
1971ko ekainaren 20a
Oteizarekin
Noiz Arte...! Quosque Tandem...! Noiz Arte...!
QUOSQUE TANDEM...! J. Oteizaren liburua bigarren aldiz argitaratu dela eta Oteizarengana jo dut. Bere liburua atxakia dut, zeren besterik ere beti da jakingarria Oteizaren iritzia, eta are gehiago Oteizaren mundura zertxo bat hurbiltzera.
Orion gara. Udaberriko arrats euritsua. Trixtura dario ortziari. Oteiza ilun arkitu dut. Baina bere tristura ez dio euri langar iraunkorrak erantsi. Herri-miña du oteizak, min bizia. Herri-maluran eta kezkan itsasten da bere hitza. Hitz erraza berea. Baina bortitza eta estua da bere pena. Azkar hitzegiten du berez doakio hizketa, eta orobat ixurtzen da Oteiza bere hitzean. Orain hotz, gero bero, beti zinezko Eskultura baten antzera,mailuka tajutzen du bere hizkera:
-OTEIZA. Bakoitza bere alderditik dabil. Euskal errealitatearen benetazko analisa sakon baten faltan gaude. Taldetxoetako ekintza arruntetan gelditzen gara. Ez dakigu Euskal Herria zer dan. Helbururik ezean galduta gabiltza. Batasunaren beharrean arkitzen gara! Bakoitzaren ideologi estu eta ttipiak baztertuta, batu egin behar dugu. Geure lanak batasun begiaz ikuspegitu behar ditugu. Eta analisa jator batek eraginda arduratu behar dugu. Ni aspertu naiz. Neure itxaropen bakarra zuek gazteok, zinaten baina gazteriak huts egin du. Eta orain norengan itxaro behar dut? Zaharrengan? Utikan!...
-Zeure liburuaren izen-buruari "Euskal arimaren azalpen estetikoa" erantsi diozu. Zergatik arima?
-OTEIZA. Eta zergatik ez, Arima hitza, erlijio zentzun batekin hartu ohi izan dugu. Baina gauza orok du arimarik: zuhaitzak, harriak, herriak, gizonak... Artegintza ekintza edo jokabide erlijioso eta estetikoa dugu, Bozkarioz burutzen den ekintza bat. Herri baten arima bere jokabide bera dugu. Artegintza jokabide errotua da, herrian errotua. Hitzak berritu eta aldatu egin behar ditugu, bestela mitoan eroriak ginake.
-Zerorri ere mito bihurtu zaitugu.
-OTEIZA. Zenbait, horren atzetik dabil. Eta Oteiza bitxi estraino bat bezala begiratzen dute. Ni bezelako bat mito bihurtuaz, gero hobeto suntsi eta gal daiteke.
-Bada zugan itxaro duenik ere.
-OTEIZA. Ez nogan itxaro. Egin lan zeuek.
-Pertsonalista zarela edo... esan ohi da.
-OTEIZA. Ni, pertsonalismo ororen aurka borrokatzen naiz. Pertsonalismoak izan dira izan, gure Herriko politika egoeraren ondamendia sortu dutenak, ena, instinto bat falta zaiku. Azkarrak izan behar dugu. Gure sena berritu behar dugu, eta agian artegintzatik berritu ere dezakegu. Sena honek emanen die gure erabakiei bizitasun eta sakontasuna. Gure zuhurkeri zahar hau alde batera utzi behar dugu. Animalia batek borrokarako, lanerako, mugitzeko, saltatzeko eta aukeratzeko duen bizkortasunaren gisako sena berbiztu behar dugu.
-Egin ote liteke, gero, senarekin, politikarik?
-OTEIZA. Neure liburuan euskaldunon berezko sena eta berezitasun bat esna arazitzen ahalegindu naiz. Egungo estetika zentzuna, gure aintzinako senatikan oso hurbil dagoke. Hain zuzen ere politika zentzuna eta senak, arte bera du iturbur. Euskaldunen berezko imajinazioa, hots irudimena, munduko aberetsenetakoa dugu. Gure irudimena sakona eta praktikoa da. Logikaz eta fantasiaz oretua eta jantzia. Baina ez norbaitzuek uste duten bezala, irudimenik gabeko zentzun praktiko, ustel eta tontoa. (Adibidez gure industrial handi eta herri gizon ospetsu eta inportanteena)
Egun, ikastolek, ez dute geure berezko irudimenik haurrarengan pizten.
Gure andereñoek ere ezer gutti dakite, gure irudimen jatorraz.
-Euskaldunok ez ote gara mundu desberdinetan bizi?
-OTEIZA. Mundua bakarra da. Bakoitzak bere mundu ttipi eta esia besteengana zabaldu behar du. Batu egin behar dugu, mundu eta jomuga bakarrean batu. Gure saiaketa eta ahalegin guztiek interes berdinaz tajutuak izan behar dute. Interes bateratzaile bat arkitu... baina non ote datza interes berdin hori?
-Agian, herria litzake interes bateratzaile hori.
-OTEIZA. Bai, oso erraza da hori esatea, baina zein Herri? Baina, Herriarenak zerk bateratuko gaitu?
-Herriaren lanak noski.
-OTEIZA. Ni areago noa. Herriaren jokabide orotan arkitu nahi nuke gure batasunaren jatorria. Inbestigazione bat osatu beharrean gara geure nortasunaz eta geure arimaz. Egungo jokabideak geure tradizione ta kondairaren funts berezkoenetan sustraitu behar ditugu.
-Heziketara heldu gara hemen, baina nolaz tajutu heziketa hori?
-OTEIZA. Loiolako Izazioren gogo-jardunen gisako zerbait moldatu behar dugu. Gogo-jardun sekular eta estetikoak. Geure jokaerak aztertuaz eta geure nortasunaren analisa eginaz, Mendietan, herrietan, hondartzetan... bildu behar dugu, talde ttipietan, gure barne muinari so eginaz. Baina heziketa hau aurrerat eramateko gizon askatuak behar ditugu, diruz eta berez askatuak. Dirua irabazteko gutiziak denbora galarazten du. Ni askatuta natza eta besteekin harremanean asteko prest.
Baina inor gutti arkituko duzu, besteentzat denbora duenik. Berekoi bihurtu gara. Politikarako genduen sena bizia bizkortasuna eta irudimena, galdurik ditugu.
-Zer nolatan ikusten duzu Euskal Herriaren geroa?
-OTEIZA. Argi dakusat geure geroa, baina hobe dut ez esatea, zeren oso iluna deritzat... Bart gauean ez nau loak hartu, esnai egon naiz kezkati eta triste. Felipe Iiz gero Euskal Herria lotan datza. Erderaz edo euskeraz zurrunkaka ari gara. Geure Herria miseri espiritual gorrian bizi da. Nor gelditzen da Euskal Herrian besteak direla ta, esnai? Ondo ezagutzen dut nire Herria, barrendikan Jonasek balea bezala, nazka eta mexprexuraino ezagutzen dut nire Herria. Geure kupidarik handiena ere, denok euskeraz zurrunka egitea da... Ni federik gabe borrokatzen naiz, eta hau gauza ederra, zaila eta haundia da. Fededun banintz bezala jarduten dut. Ni hau bat naiz, eta geure Herria ere, oraindik kozkortu gabeko mutikoa da.
Elkar-hizketa honek ez du ez akaberarik, ez eta haserarik ere. Kurpilaren antzera borobil da, jardun soila. Oteizak gogoko ditu gauza eta egoera borobilak, berak dionez borobila dugu euskaldunon estetika zentzunaren funtsa. Gure kondaira ere borobil litzake, eta hor dabil Oteiza gure izate-kurpilaren barne muina aditzerat eman nahiz. Behin eta berriro gibelerat, atzerat begiratu behar dugu. Ezin gaitezke ezeretikan has eta jo. Gure geroak egun eta kondaira osoan sustraitua behar du izan. Kondaira estetikoa eta aszetikoa da. Estetika ezagupide dugu, gure barne muin eta funtsen ezagupide.
Badirudi oteiza denboratikan at bizi dela, gure prehistorian fikatuta dagoela. Baina egoerak beharturik, egungo Herriaren kezkari erantzun ematearren, so egiten du. Oteiza itzulean dabil, Euskal Herriari buelta emanaz. Hortan datza iraultza ororen funtsa.
Mitxelena jaunak zionez Oteiza profeta bat da. Baina Oteiza ez da gero soilaren igarle, aitzitik geure aintzina eta aitzinaren igarle ere ba da. Euskal Herria errorik gabe bezala dabil. Ez daki nondik datorren eta norat doan. Eta horra Oteizaren konbitea: tajutu dezagula Euskal Herriaren geroa sakonki, gure kondairari dagokionez, zeren kondaira eta nor beraren ezagutzea ditugu iraultzaile.
...Orioko arrats euritsuan gisa hontara jardun naiz Oteizarekin. Oteizak bere tristura erantsi dit baina tristura hori ez da agorra, emankorra da aitzitik. Tristura hori hutsa da, gaueko maitalearen joanak uzten duen hutsaren antzekoa; egunsentiaren lehen urratsa. Hutsa ere borobila da, eta jira eta buelta tristuretikan ernetzen da itxaropena. Orioko arrats euritsutikan, esperantza itsatsi zen. Eta gure itxaropena borobila zen.
Luis Haranburu-Altuna
1

GaiezKulturaArteaEskulturaEskultoreakOTEIZA1
PertsonaiazOTEIZA1
EgileezHARANBURU1Kultura