argia.eus
INPRIMATU
Euskaldun Bat Paris-En Apezpiku
2021eko uztailaren 20a
Apaiz bati elkarrizketa

Euskaldun Bat Paris-En Apezpiku
JADANIK erran dugun bezala, maiatzaren 27-an, Monseigneur roger Echegaray apezpiku egina izan da Pariseko Eliza nagusian. Izan gira han zen apezetarik bati galde batzuen egiterat...
-Bazena ainitz jende?
-Bai, iduritu zait eliza betea zela; alta badakizu Pariseko eliza-nausia handia dela. Lehen lerroan ziren apezpiku berriaren ama eta arreba, beren ahaide eta Ezpeletako adixkiderekin. Bertzaldetik zenbait minixtro, hala nola Marcellin, Foyer eta bixtan dena, Michel Inchauspé, Pariseko prefeta, Diebolt jauna, lehen Pauen egona, eta bertze frango nik ezagutzen ez ditudanak.
-Eta euskaldunak?
-Bai, baziren eta ainitz: apez andana bat lehenik, hogeita hamar bat, eta Pariseko Eskualdun frango, iduri baitzuen zeremonia aintzin, Makeako edo Baigorriko plazan ginela. Funtsean, Arbeletche jaun apezak Pariseko Eskualdunen omonierak zaukun ongi etorria egiten elizako atean eta erakusten non jar.
-Bainan, zertako ez da zeremonia hori, Baionan egin?
-Etzira lehena galde horren egiteko. Nik funtsean ez dakit xuxen, bainan iduri zait ikusi-eta zer den Monseignur Etchegaray-en saila, etzitakela Parisen baizik egin. Badakizu, nik bezala, Parisen bizi dela zortzi urte huntan eta zen den haren lana: Frantziako apezpiku guzien zerbitzuko idazkaritza bereziaren buru: Secrétariat de L'Episcopat delakoaren buruzagi egin dute oraino hiru urterentzat.
-Bazitaken beraz ainitz apezpiku ordinazione horrendako?
-Bai, Frantziako apezpiku guziak han zire, sei kardinale barne, horrek berak erakusten baitu zer estimu duten gure herritar apezpiku berriarentzat. Baziren ere Italiatik, Espainiatik, Angleterratik, irlandatik, Hongriatik, Afrikatik, Uruguayetik. Jakin behar da Europako apezpikuek duten batzorde bereziaren sekretario dela Mgr. Etchegaray. Eta zerbeit dakitenek salatu daukute Konziolio denboran lan asko ibili duela Erroma berean, harrabotsik gabe, beti Elizaren zerbitzuko. Eta hartu eman ainitz baitu ere gutarik berexiak ere toki berezian Protestan eta Ortodoxetarik zonbeit, baieta, ahantzi gabe, Pariseko Mahometanoen buruzagietarik biga.
Horiek hola, nolako zeremonia da apezpiku egitea?
Apezen ordinazionearen eitekoa, mezaren erdian, Kontsekratzaile Pariseko apezpikua Marty kardinalea, eta haren lagun Gouyon kardinalea, eta Mgr Rubin, Erromatik etorri apezpiku bat. Horiekin eta apezpiku berriarekin batean meza eman dute bertze bederatzi apezpiku eta hamabortz apezek. Horien artean ezagutu ditugu: Vincent Baionako apezpikua eta bertze bi apezpiku eskualdun, Donostiakoa, Argaya jauna, eta Mendiharat jauna, Urugayekoa, (familiaz Izurakoa). Hamabortz apezen artean ziren: Jean Etchegaray, apezpiku berriaren anaia, Perugorria, Mugerreko jaun erretorea, Bense, Paueko erretor bat, eta Andiazabal, Uztaritzeko Semenarioko eskol-emailea.
Egun hartako mezako Ebanjelioak aipatzen zuen artzain ona, atetik sartzen dena, ardien alatzeko eta ez lapurtzeko. Eta bere predikuan Maty kardinaleak erakutsi du nola apezpiku eta apezak oraiko gizonen zerbitzuko giren, lehen lehenik Krixtoren lekuko izanez.
Gero apezpiku berriak goraki erran du bere xedea: Elizaren zerbitzari izaitea, bai ta fedearen begirale. Sainduen litaniak kantatu ondoan, konsekratzaileak eta apezpiku guziek eskuak hedatu dituzte apezpiku berriaren gainean, orduan erran otoitzarekin baitiote eman Ordenako sakramenduaren betea. Gero Krisma sainduarekin oliostaturik eman dio apezpiku erraztuna, mitra edo apezpiku-burukoa eta bere makil berezia.
-Meza luzea izan da beraz?
-Ez hanbat; oren bat eta erdi; bertzalde hango kantu xaramelekin etzauku batere luze iduritu. Erran behar da ere eskuaraz kantatu dugula: menturaz lehen aldia zitaken Notre-Dame eliza nausian, eta Pariseko kazeta handiek aipatu dute gauza hori. Bai hunkigarri zen eta gogotik eman dugu kantu hori. Iratzederek egina.
-Egia dea eskuaraz ere egin duela bere mintzaldia meza burutatzean?
-Bai, eskuaraz eman ditu bere eskerrak bere familiari, Ezpeletako bere herriari; erran dauku nola maiz bidetan balinbada bere karguaren betetzeko, bere erroak azkar dauzkala bere herrian, eta hortako duela bere apezpiku makila ezpelaz eginarazi.
Erakaspen ederra gure herritarrentzat, Etchegaray jaun apezpikuak eskuararentzat duen atxikimendua. funtsean hori baginakien, behin baino gehiagotan erran baitauku, urrun izanik ere, artoski segitzen zituela (eta sustatzen) Eskual Liturgiaren alde, eskual katiximaren alde egin diren lanak. Eta bururatzen dut haren mintzaldiatik hartu hitz hauekin: "Sobera girixtino etsituak dira, lotsatuak eta elgarrekin has gaiten edo berriz has Elizaren eraikitzen".
Jainkoak eman diezazula hortarako indar eta kar!
("HERRIA"-TIK)
4

GaiezGizarteaErlijioaEliza katolApezpikuak