Ez nago ziur oilasko buru ezizena nori eta zergatik jarri zioten, errezeloa daukat irakasleren bati jarria ote zioten, fraide bati, agian. Orain ia denoi letorkiguke neurrira. Izan ere, oilasko haztegi handietan gau eta egun gelditu gabe martxan dabilen zinta batean jartzen diete jana, eta, oilaskoek, konposatua badoala ikusirik, lepo egin arte jan! Azalak eman ahala gizendu! Eta jandakoa ongi digeritu ez denez, zirinetan jangarri asko dagoenez, konposatu berriarekin nahastu eta berriro ematen omen diete, eta segi...
Pertsonekin ere antzera jokatzen du sistemak, Amazon, Apple eta abarrek. Zenbat arropa erosten dugu, zenbat aldiz dator banatzailearen furgoneta paketez beteta? Behar al dugu hori dena? Behin jantzi eta oparitu, edo besterik gabe, zaborretara (edo birziklatzera eta horrekin lasaitzen dugu gure kontzientzia). Eta guri zer? Guk ez dugu ikusten munduko bazterretan pilatzen ari den zaborra. Herrialde behartsuenetan zenbat arropa, mugikor, biziraupen programatuko tresna... pilatzen ari den, gu oilasko buru garelako, buru arrazional behar genukeenak.
Herrialde behartsuenetan zenbat arropa, mugikor, biziraupen programatuko tresna... pilatzen ari den, gu oilasko buru garelako, buru arrazional behar genukeenak
Gu sei senide gara eta zaharragoek ajatu arte erabilitako arropak soineratu ditugu. Aldaketa txikiren bat egin, eta praka motzak gona ziren. Orain, gure bilobak ezin du aurrez beste ume batek jantzitako arroparik jantzi, nola bada! Praka, gona, niki... neguko, udako... zer ez daukagu armairu betean.
Hain erraza al da gure borondatea maneiatzea? Hain gezur nabarmenak sinesten al ditugu ala geure komenentziara sinesten dugu gezurra egia dela? Sistemak dena ongi aztertuta dauka, iragarkia noiz jarri eta zeri buruzkoa, zein musika izango duen egokiena produktu horrek erraz saltzeko, birziklagarria dela jarri poltsa eta plastiko denetan! Berrerabiltzekoa eta beste hainbat ikur, egileak bestek ezagutzen ez dituenak, zertarako? Azkenean erretzeko edo lurperatzeko. Edo merkeago dena, itsasora bota eta azalduko da nonbait, han bizi ezinak jotako eta zer janik ez duen jendea entreteni dadin. Haiek ez daukate gripearen kanpainaren ez musukoaren beharrik, ezta Gabonetako opari faltarik ere, horra mundu aurreratuak dohainik zenbat erregali...
Gabonak, San Valentin, San Jose, San Patras... Erosteko, kontsumorako eta behar ez duguna eskuratzeko bada santurik eta abagunerik. Hurbilen ditugunei begira, mundua zaborrez gehiago ez betetzeko saiakera egitea eskatzen dit barruak. Beranduegi ote? Errege eguna ere etorriko da, emeritua ere etortzear dela diote... ez buru eta ez oilasko!