argia.eus
INPRIMATU
Txinarekin borrokatzeko prestaketa lanak Washingtonen
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2025eko abenduaren 10

Aspalditik, Etxe Zurian ondo dakite zein den AEBetako etsai/arerio nagusia. Erosahalmenean munduko lehenengo ekonomia Txina da, baina azkeneko urteetan aldeak handitzen ari dira, batez ere, ekonomia produktiboari begiratuta. AEBen ekonomia botere finantzario eta militarrean sostengatzen da nagusiki. Hau da, ezerezetik dolarrak inprimatuta.

Egoera larritu da pandemiatik hona. 2025eko azaroan AEBetako zorra BPGren %143ra igo da, eta kontutan hartu behar da BPGa ere ezerezetik inprimaturiko papertxoekin osatuta dagoela. Txina, berriz, BRICS edo Shanghaiko Elkarlan Erakundea erabiliz, nazioarteko posizioa indartzen ari da, besteak beste, tradizionalki Washingtonen eraginpeko herrialdeak erakarrita. Azkeneko urteetan horren adibidea izan da Saudi Arabia: BRICS taldean sartzeko gonbita jaso zuen eta Txinari petrolioa yuanetan erosten dio.

AEBentzat desdolarizazioaren prozesu mantsoa drama bat da. Horregatik, bere egoera ekonomikoa indartzen saiatzen ari dira. Helburu horrekin, urteak dira AEBek eta Mendebaldeak Errusiaren baliabide naturalak eta merkatuak kolonizatzeko estrategiak martxan dituztela. Baina Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren garapena ikusita, badirudi ez dela Boris Jeltsin-en garaietara bueltarik egongo. Horren harira, AEBetako errealistek pentsatzen dute Ukraina eta Errusiaren arteko gerra akats bat izan dela. NATOk Errusiari gerra egin dio Ukrainaren bitartez, eta horrek Mosku eta Pekinen arteko harremanak estutzea ekarri du. Ondorioz, Txina indartu egin da, behar dituen lehengaiak saltzen dizkiolako Errusiak prezio onean, eta arlo militarrean elkarlana sakondu dutelako.

AEBek etorkizunean ezingo dute dolarrak ezerezetik inprimatzen jarraitu, horregatik, Latinoamerikako lehengaien gaineko kontrola areagotu nahi dute, dibisa sostengatzeko

Egoerari aurre egiteko Washingtonek bere bi “atzealdeko patioak” motzean lotu eta bere eraginpeko herrialde historikoekin harremanak estutu nahi ditu. Europako Batasuna eta NATO bere esanetara ditu. Latinoamerikan bere posizioak indartuz doaz, Argentina eta Bolivian, adibiderako. Baina orain Venezuela behar du. Washingtonek etorkizunean ezingo du dolarrak ezerezetik inprimatzen jarraitu, horregatik, Latinoamerikako lehengaien gaineko kontrola areagotu nahi du, dibisa sostengatzeko. Antzeko logikarekin, Trumpek Iranekin eta Palestinarekin gerrak baretu ditu, aliatu historiko arabiarrei bere eraginperako buelta errazteko. Hor daude Saudi Arabia eta AEBek sinatu berri dituzten akordio ekonomiko eta militarrak.

Trumpek India eta Hegoafrikarekin ere saiakera ez hain arrakastatsuak egin ditu. Halere, sari handia Errusia da. Washingtonek Ukrainako gerra ahalik eta lasterren itxi nahi du Mosku Pekinengandik distantziatzeko. Trumpen bake akordioko puntuen artean Errusiaren G7rako (G7+1) buelta proposatzen da. Ikusteko dago Kremlinak nahiko lukeen, ez dirudi erraza Txinarekin lortu duen ententea ahultzea, nahiz eta Errusiako Gobernuak nazioarteko politikan ez duen ideologiarik ez eta aliaturik ere, interes nazionalak (burgesia nazionalarenak) baino ez.

Bitartean, Asia-Pazifiko eskualdean giroa berotzen ari da. Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak iradoki du Txinak Taiwani eraso egingo balio Japoniak autodefentsa indarrekin erantzun ahal izango lukeela. Ondoren, Taiwan eta Yonaguni artean drone txinatar baten hegaldiagatik Japoniak gerra-hegazkinak aireratu zituen eta azaroaren 24an Taiwanetik gertu lur-aireko misilak jarriko zituela iragarri zuen. Txinak Japoniako Gobernuari tentsio diplomatikoak igo nahi izatea leporatu dio. Ez da giro Asia-Pazifikoan, jakiteko dago borroka arlo ekonomikora mugatuko den, edo arlo militarrera salto egingo ote duen etorkizunean.