argia.eus
INPRIMATU
Berriketa gutxi
Windows 95
Imanol Epelde Pagola 2025eko abenduaren 10

Piztu dut ordenagailua. Mantso ari da gaur. Eguneraketak ditu instalatzeko, berrabiarazteko eskatu dit. Hodeiarekin sinkronizatzen hasi da gero, ez du guztiz lortu. Antibirusak mehatxua ikusten du gaur ere toki guztietan. Etenik gabea da posta elektronikoaren jakinarazpen segida, WhatsApp eta Telegram ere lanean ari dira, ahaztu gabe jarraipen scriptak beti daudela martxan: ordenagailuak beti jakin nahi duelako non nagoen, zer irekitzen dudan, zenbat denboraz aritu naizen bakoitzarekin. Horregatik, seguru asko, horrenbeste kostatu zaio gaur ere dokumentuak sortzeko programa zabaltzea. Bigarren planoan programa gehiegi ditu martxan. Nik ere bai.

Jaiki naiz ni ere. Mantso. Windows 95a bezain. Eguneraketak ditut instalatzeko nik ere. Dutxa hotz batek ez dit buru-lokatz guztia arinduko. Berrabiarazteko eskatzen dit gorputzak, update bat, atsedenaldi bat: mugitzeko, luzaketak egiteko, sendotzeko giharrak. Oporrak behar ditudala, alegia. Gaurko nire antibirusa hauxe: Ibuprofeno bat. Pilatzen ari zaizkit gauzak. Asko dira datozkidan pop-up mezuak: zaintza-lanak. Fakturak. Sorpresak. Gosari osasuntsuak. Gabonak. Argiak. Opariak. Eta jaiotza jarri beharra, noski. Zuhaitza behintzat. Hor dauzkat sare sozialak ere elikatzeko: behar naute, ez naiz existituko, bestela. Eta ez dakit zergatik, baina, badirudi dena gaur egin behar dudala. 

Nire bigarren planoan hainbestekoa da burrunba, hainbeste gauzek jaten didate memoria, gaur ere kosta egingo zaidala zabaltzea dokumentu-programa. Artikulu hau idazteko.