Askori ezaguna egingo zaio au pair kontzeptua: gazte bat joaten da beste herrialde bateko familia baten etxera bizitzera, denbora jakin baterako, eta laguntzen du etxeko lanekin, umeen zaintzarekin eta abarrekin, mantenuaren eta sos gutxi batzuen truke. Esperientzia berri bat bilatu ohi dute izangaiek, beste toki batzuk ezagutu, eskarmentua pilatu, hizkuntzekin trebatu.
Iñaki Iurrebaso soziolinguistak proposamen argi bat egin zuen urrian, kongresu batean: euskararen biziberritzea dela-eta, duela hamarkada batzuk umeengan jarri omen zen arreta, etorkizuneko gakoa haiek zirelakoan; bada, Iurrebasok proposatzen du ardatz hori aldatu eta lehentasuna eremu euskaldunagoei ematea. Arnasguneei, nahi bada.
Ez du iradokitzen aparte uzteko, inola ere, gurean erabat nagusi diren erdalguneak. Besteak beste, eta aldizkari honetan 2939. zenbakian Onintza Iruretak jaso bezala, “eremu euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako baliabide eraginkorrago” bihurtu beharko liratekeela defendatzen du. Honatx proposamen zehatzetako bat: Euskasmus bat asmatzea, eta erdalguneetako jendea euskal eremuetara joatea oporretan, esate baterako.
Tafallako gazte batek Oiartzungo familia euskaldun batean ikasturte bat eman lezake, edo uda bat. Haiekin bizi, etxean lagundu, familiako beste kide bat izan
Boutade bat iruditzen zaizu, irakurle? Bada, ez nuke adanista agertu nahi zure aurrean, eta are gutxiago nator egile-eskubideak erreklamatzera –neure buruan bakarrik egon den zerbait delako, besteak beste–, baina antzeko zerbait pentsatu izan dut neuk ere. Ñabardura: ez opor gisako Euskasmus bat, ezpada au pair formatuan.
Esaterako, Tafallako gazte batek Oiartzungo familia euskaldun batean ikasturte bat eman lezake, edo uda bat. Haiekin bizi, etxean lagundu, familiako beste kide bat izan, finean, eta libre ibiltzeko askatasun pixka bat ere bai, noski. Baina kontrako norantzan ere ikusten dut: Goizuetako gazte bat joan liteke Laudioko familia batekin bizitzera: euskaraz nola hala aritzen den bikote batekin eta haien seme-alabekin otorduak egin, planak elkarrekin egin… eta tarteka aparte ere bai.
Jakina, alde biek konpromiso erabatekoa erakutsi beharko lukete, eta ttanttaka egin beharko litzateke, ondo neurtuta, erakunderen batek monitorizatuta, eta abar. Eta izena, ahaztu gabe; egitasmoarentzako izen egoki bat bilatzea beti da garrantzitsu. “Euskal au pair” eta antzekoekin bataiatzeko tentazioa lehenbailehen baztertuta, punpa-lasterrean datozkit “Opera”, gris samarra baina erraz esatekoa; edo “Aupair-ak baditützü”, eijerragoa baina korapilatsuegia beharbada. Panazea litzateke? Inola ere ez, baina ez dirudi halakorik dagoenik.