argia.eus
INPRIMATU
Bostehun urteren ondoren
Fotovoltaikoen zilar goseak hondoratuko du Cerro Rico
  • Potosí hiri ondoan, Boliviako altiplanoan 4.800 metrotara altxatzen den Cerro Rico mendia kolapsatzeko zorian dago. Ehunka galeriak zulatzen dute, espainiarren –eta euskaldunen– garai kolonialetatik esplotaturiko munduko zilar meatze garrantzitsuena. Adimen artifizialak, elektrifikazioak eta, batez ere fotovoltaikoen ezarpen masiboak, zilar eskaria handitu du, eta 10.000 meatzari dabiltza gau eta egun, euren hilobia industen ari balira bezala ibili ere, aurretik beste milaka esklabok egin zuten gisan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko abenduaren 4a
Amerikako hiriburu bihurtu zen Potosí XVIII. mendean; bere meatzetik ateratako zilarrak kapitalismo globala bultzatzeko balio izan zuen, orain energia eta industria trantsizioentzako funtsezkoa den bezala.  Ordainetan, bostehun urtez mendia hustu ondoren,
Amerikako hiriburu bihurtu zen Potosí XVIII. mendean; bere meatzetik ateratako zilarrak kapitalismo globala bultzatzeko balio izan zuen, orain energia eta industria trantsizioentzako funtsezkoa den bezala. Ordainetan, bostehun urtez mendia hustu ondoren, guztiz hondoratzeko zorian dago. Argazkia: Wikipedia

Boliviako armarrian mendi baten itzala nabarmentzen da, eguzkia atzean duela: Cerro Rico da, Potosí hiri ondoan dagoen mendi mitikoa. Baina, agian, etorkizun ez oso urrun baten itzalik ere ez du izango, adituen arabera kolapsatzeko zorian baitago, ia bost mendetako meatzaritzaren ondorioz. Egiaz, mendiaren gaurko itxurak jadanik ez du zerikusirik antzinako armarri eta grabatuekin... Ofizialki 4.753 metro ditu, jatorrian baino ia 250 metro gutxiago. 

Puntita era pues” (Tontortxoa zen ba), diotso Petrona Santos Mamani izeneko amona batek Benjamín Swift kazetariari: “Boliviako sinboloa da eta orain hautsita dago”. Santosek bizitza osoa palliri moduan egin du lan –meazuloen kanpoan harria birrintzen duten emakumeei deitzen diete horrela ketxuaz–, baina 82 urterekin, jadanik ez du errekonozitzen haurra zela ezagutu zuen mendia. Mongabay hedabide independenteen elkarteko atarian jaso du Swiftek amona horren testigantza, In the heart of Bolivia, the mountain that financed an empire risks collapsing (Boliviako bihotzean, inperio bat finantzatu zuen mendia kolapsatzeko arriskuan) erreportajean. 

Iraganekoek bezala,  gaurko konkistatzaileek ere begiz jota dute mendia. Baina orain, adimen artifiziala, elektrifikazioa eta berriztagarriak dira haien akuilu, zainak zurrupatzen segitzeko: eolikoen turbinentzako zinka, baterientzako beruna, erdieroaleentzako eztainua, eta batez ere, eguzki-plakentzako zilarra. Horiek dira txanpon-truke modernoak.

Kazetariaren arabera, mineralen prezioen gorakada izugarriak areagotu du meatzaritza Cerro Ricon. Gaur egun 10.000 lagunetik gora aritzen dira 54 "kooperatibatan" banatuta, eta horien guztien lana prozesatzen Manquiri enpresa dago, Coeur Mining multinazional estatubatuar boteretsuaren filiala. Aldiz, lan baldintzak ez dira duela lau edo bost mende baino askoz hobeak: 2025ean jadanik ia ehun hildako zenbatu dituzte istripuen ondorioz, azkenaldiko kopururik altuenetakoa. 

Hasierako garaietan ez bezala, minerala nahasiago dago oraingo geruzetan eta lur gehiago erauzi behar da zilarra lortzeko. Soilik Manquiri enpresak du hori guztia txikitu eta lixibiatzeko gaitasuna 

Inork meatze horietan bizi diren egoerak birtualki ezagutzeko gogorik badauka, Ander Izagirreren gaztelaniazko Potosí (Libros del K.O., 2017) liburua leitzea besterik ez du; Euskadi Literatura Saria eman zioten lan horrengatik: “Potositarrak azken kolapsoaren beldur dira, Cerro Ricoren historiarekin amaituko duen luizi apokaliptikoaren beldur: bere barruan dozenaka milaka meatzariren hezurrak daude, hezurren hautsa”. 

Euskaldunak lehen hiri globalean

1545ean, espainiar kolonizatzaileak herri indigenak esplotatuz Cerro Ricoko zilarra erauzten hasi zirenetik, bere barrunbe aberatsak gizaldiz gizaldi hustu dituzte, ehunka galeria irekita. Zilar hori baitezpadakoa izan zen Europaren lehen industrializaziorako eta kapitalismo globala bultzatzeko. Urte gutxitan, mendiaren ondoan hiri kolonial alimalekoa jaso zuten, eta XVII. mende hasieran 100.000 biztanlerekin, Amerikako hiri populatuena eta Londres, Milan zein Europako beste hiri batzuk baino handiagoa bihurtu zen. 

Zorioneko metal preziatua usaintzen iritsi zen jende asko, eta jakina den bezala, euskaldunak izan ziren jaun eta jabe negozioan. Potosíko kronikagile Bartolome Arzans Ursua y Velari kasu egiten badiogu, haranean zilarra lantzen aritzen ziren 132 ingenio edo fabriketatik 80 “nazio horren” esku zeuden. Euskaldunek Arantzazuko amaren kofradia sortu zuten Potosín, eta espainiar erregeekin tratutan, aginte postuak lortu zituzten, mundu osorako zilarrezko txanponak egiten ziren Casa de la Monedan kasu. Hori guztia ederki ikertu zuen Joxe Migel Esnaola frantziskotarrak Arantzazuko Andre Maria Potosí hirian liburuan, hiri inperialaren artxiboetako lehen eskuko dokumentazioa erabilita.  

Meatzeen kanpoaldean emakumeek jarraitzen dute lan prekarioenak egiten, sexu-erasoak jasaten dituzte, eta materiala lapurtzen diete 

Hain justu, garai hartakoa da euskaldunen eta espainiarren edo bikuinen arteko gerra. “Bikuina” deitzen zieten euskaldunak ez ziren beste herrialdeetako kideei (gaztelarrak, andaluziarrak, extremadurarrak, portugesak…), abere horren larruarekin egindako txanoa zeramatelako. Potosíko meatzeetan euskaldunek zuten nagusitasunarekin hautsi nahi izan zuten, eta 1622an Juan Urbieta izeneko gizasemea hil zutenean lehertu zen gatazka. Haren atzetik euskal jatorriko beste dozenaka lagun hil zituzten bikuinek. Horren aurrean, euskaldunek zera oihukatzen zuten, Arzans Ursua y Vela kronikariak jaso zuenez: “¡El que no responda en vascuense muera!” (Euskaraz erantzuten ez duena, hil bedi!). Baina azkenean, ez espainiar ez euskaldun, ez zuen inork irabazi. Aldiz, benetan galdu zutenak Andeetako altiplanoko herritarrak izan ziren, esklabo bezala lan egitera behartuak segi baitzuten (ikusi beheko koadroa).

Euskal jatorriko beste dozenaka lagun hil zituzten bikuinek. Horren aurrean, euskaldunek zera oihukatzen zuten, Arzans Ursua y Vela kronikariak jaso zuenez: “¡El que no responda en vascuense muera!”

Dirua joan, hildakoak geratu

XXI. mendean zilarra ez da palanka edo mailu hutsez erauzten: “Zulatzaile pneumatikoei esker meatzariek askoz azkarrago egiten dute lan, hogei tonako iraulki-kamioi bat bete dezakete egun gutxiren buruan, lehen asteak eramango lituzkeena”, dio Swiftek erreportajean. Baina hasierako garaietan ez bezala, minerala beste material batzuekin nahasiago dago oraingo geruzetan, eta kooperatibek askoz lur gehiago erauzi behar dute zilar kopuru bera lortzeko. Soilik Manquiri enpresak dauka material hori guztia txikitu eta lixibiatzeko gaitasuna, hiriaren kanpoaldean duen prozesatze plantan. Horrela, aurrerakuntza teknologikoak elikatutako zirkulu estraktibistaren ondorioz, luiziak areagotu egin dira. 

Meatzeen kanpoaldean, ordea, gauzak ez dira asko aldatu. Emakumeek jarraitzen dute lan prekarioenak egiten, sexu-erasoak eguneroko ogia dira, eta langile peoiek materiala lapurtzen badiete, esklabo bihurtzen dira zorra kitatzeko. Izagirreren liburura jo dezakegu berriz, hobeto ikusteko: “Denoi lapurtu digute, a todas, toditas”, dio Rosa izeneko batek. 

2010ean luizi batek krater handi bat ireki zuen gailurretik gertu, eta beste askok jarraitu zioten horren ondoren. UNESCOk, 2014an, arriskuan den munduko ondarearen zerrendan gehitu zuen Potosí, eta 2022an auzitegi batek agindu zuen 4.400 metrotik gorako meazulo guztiak ixtea, handiegia zelako behera erortzeko probabilitatea

Munduko ekonomia bultzatzeko giltzarri izan zen arren, Cerro Ricoko aberastasunaren zati ñimiñorik ez da inoiz eskualdean geratu: “Jendea Potosíra iritsi zen, aberastu egin zen eta ospa egin zuen”, azaldu du Hernan Ríos geologoak, Mongabayko Swiften galderei erantzunez. Potosí da Boliviako departamentu behartsuena. 480 urteotan, kapitalak zuzenean herrialdea abandonatu ez badu, orduan beste hirietara egin du ihes, eta mendia kontserbatzeko inbertsioak hutsaren hurrengoa izan dira. 

2010ean luizi batek krater handi bat ireki zuen gailurretik gertu, eta beste askok jarraitu zioten horren ondoren. UNESCOk, 2014an, arriskuan den munduko ondarearen zerrendan gehitu zuen Potosí, eta 2022an auzitegi batek agindu zuen 4.400 metrotik gorako meazulo guztiak ixtea, handiegia zelako behera erortzeko probabilitatea. Geroztik, badago proiektu bat hondoratzeko zorian dauden galeriak hormigoiz betetzeko: 3,5 milioi dolarreko aurrekontua du, mendeetan zehar zilar esplotaziotik lortutako etekinen “%0,00000001 besterik ez dena”. Baina dirua argiaren abiaduran joaten da Cerro Ricotik, eta hildakoen hautsa, berriz, betirako geratu. 

Zenbat indigena hil ziren meatzean lanean?
2014an Potosíko eskola batean azaldutako gorpuzkinen buruhezurrak; arkeologoek uste dute meatzean aritzen ziren langileenak direla. Argazkia: Descubriendo Bolivia

Konkistatzaile espainiarrak XVI. mende erdian Potosíra iritsi zirenean, hasiera batean Afrikako esklaboak erabili nahi izan zituzten hango meatzeak ustiatzeko, baina 4.000 metrotik goragoko klima gogorrak azkarregi hiltzen zituen. Orduan, indigenak errekrutatzen hasi ziren herriz herri, inken garaiko mita izeneko sistemaren bidez: urtebetez espainiar erregea zerbitzatu behar zuten, beste zazpi urtez “libre” geratzeko. Hala, zenbait kalkuluren arabera, Potosín urtean 13.500 mitayo aritzen ziren hiru txandatan banatuta, baina horietako asko ez ziren bizirik itzultzen baldintza gogorrengatik. 

2014ko uztailean, Cerro Rico ondoan dagoen El Minero meatzari auzoko eskola batean obratan ari zirela, giza hezurrak azaleratzen hasi ziren lurpetik. Lehenik gutxi batzuk, gero zientoka. Potosíko unibertsitate publikoko arkeologoen ustez, baliteke meatzean aritzen ziren mitayo-en hilotzak gordetzeko hobi komun bat izatea. 

Eduardo Galeanok, Las venas abiertas de America Latina (Latinamerikako zain irekiak) obra literarioan idatzi zuen “zortzi milioi indigenen hilotzen” gainean eraiki zela Potosí. Geroztik zifra hori hainbatetan errepikatu izan da, baina Herbert S. Klein, Carlos Sempat Assadourian eta aro koloniala ikertu duten historialari ezagunek ukatu egiten dute halakorik. Oso zaila da meatzean hil ziren esklabo kopurua milaka edo milioika zenbatzea. Nolanahi ere, asko izan ziren, gehiegi.