argia.eus
INPRIMATU
Boga Boga elkartea
Ondarroan badakite nola lortu zahartzaro feminista
  • Askatasuna, ahalduntzea, gozamena, laguntasuna... Hitz horiek askotan gaztetasunari lotuta imajinatzen ditugu, baina, kasu honetan, 70 urteren bueltako hiru emakumek zerrendatu dituzte, Ondarroako (Bizkaia) Boga Boga elkartean bizi dutenari buruz berbetan. Elisabet Santiso Arrizabalaga (Ondarroa, 1954), Maria Dolores Gojenola Urkiaga (Ondarroa, 1955) eta Yolanda Burgoa Zenarruzabeitia (Ondarroa, 1956) dira emakumeok; bi abizenak ezartzeko eskatu diote kazetariari, elkartean egiten dituzten gogoetetatik tiraka, besteak beste ohartu baitira bestela amaren arrastoa desagerrarazten dela. “Proaktiboa, autoestimua, enpatia, enpoderatzea... Horrek berbok hementxe ikasi eta erabiltzen ditugu”, azaldu digute Etxelilan egindako hitzorduan, asteroko saioen fruituak erakusteko.

Leire Artola Arin 2025eko abenduaren 4a
Argazkia: Ainhoa Garalde Ortega

“Barikuro Boga Bogakoekin egotean sentitzen dut nire tokia topatu dudala, ondo sentitzen naizen espazioa, elkar zaintzen garena. Badakit nahi dudana esan dezakedala, ez daukagulako barrerarik gure artean, eta hori inportantea da”. Burgoak azpimarratu du ez duela preziorik horrelako espazio erosoa aurkitzeak zahartzarora heldutakoan. Adineko emakumeek osatzen dute taldea, eta hamabost bat lagun elkartzen dira astero Etxelilan, Ondarroako Udalak irekitako emakumeen etxean. Baina sare hori harago ere zabaldu dute: irteerak, bidaiak, zine forumak, pintxo-poteoak, ikastaroak, eztabaidak, jaiak... Gojenolak taldera batzera animatzen ditu andreak: “Inguruko denei esaten diet: ‘Ez dakizu ze aberasgarria den gu denok elkartzea hemen’. Ez da bakarrik egun batekoa, ekintza gehiago egiten ditugu, eta parte hartzailea da”.

2025ean 30 urte bete ditu elkarteak, eta egindako “ahalduntze kolektiboaren” balioa jendarteratzeko dokumental bat estreinatu dute azaroan: Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga. Honelaxe diote protagonistek: “Erakutsi digute ez dela isildu behar, berba egin behar dela”. Askotariko hitzaldiak jasotzen dituzte emakumeok, eta dokumentalean azaltzen denez, entzule izatetik parte hartzaile izatera eta ardurak hartzera igaro dira, bai elkartean bai handik kanpo. Taldearen dinamizazioaz edota ikastaroak emateaz arduratu izan dira Mijo Lizarzaburu (Ondarroa, 1998) eta Udane Barinagarrementeria Laka (Markina-Xemein, 1996), eta eurek zuzendu dute dokumentala. Boga Boga ezagututakoan elkartearekin maitemindu zirela onartu dute, eta andre horiei eginiko elkarrizketak grabatuta, zahartzaroaren irudi aktiboa, kritikoa eta kolektiboa transmititu nahi izan dute.

Argazkia: Ainhoa Garalde Ortega

Lizarzaburuk dio dokumentala hainbat helbururi erantzuteko egin dutela, baina, batik bat, herriari helarazteko elkarteak duen garrantzia. Lehen helburua izan da artxibo ariketa egitea, jasota gera dadin Boga Bogaren funtsa. Bigarrena, Ondarroan legitimotasuna lortzea, izan ere, azaldu du elkarte hau ez dela ikusten gainerako talde feministen parean, baizik eta “folklore” moduan: “Andre nagusiak infantilizatzen direnez, Boga Boga ere infantilizatuta geratzen da herrian, eta dokumentalaren bidez erakutsi nahi dugu andre hauek ere politika eta feminismoa egiten ari direla”. Hirugarren xedea izan da aitortza publikoa egitea, kontuan izanda gaur egun ohikoa dela pertsona bat noizbait foku azpian edo ekintza publiko batean agertzea (eskolako antzerkian, dantza emanaldietan...), baina ez da hala izan dokumentaleko protagonista guztien kasuan. “Emakume hauetako batzuek 14 urterekin eskola laga behar izan zuten, eta bizi guztia beharrean pasa. Irizten zitzaigun aitzakia ona zela egindako lanari omenaldi publiko bat egiteko”.

“Saiakera egin dugu beste gorputz batzuk ekartzeko feminismoaren subjektura; kalean daude eta lan handia egiten dute, baina ez daude gure buruan normalean”, Udane Barinagarrementeria, dokumentaleko zuzendarikidea

Eta laugarren helburu gisa izan dute feminismoaren subjektuari buruzko gogoeta elikatzea: “Zer irudikatzen dugu feminismoaren subjektua imajinatzen dugunean? Zer gorputz etortzen zaigu burura”, galdegin du Barinagarrementeriak. “Boga Boga moduko elkarte baten lanak erakusten du subjektu hori askoz zabalagoa dela. Dokumentalarekin saiakera egin dugu beste gorputz batzuk ekartzeko feminismoaren subjektura; kalean daude eta lan handia egiten dute, baina ez daude gure buruan normalean”. Santiso, Gojenola eta Burgoa adi entzuten ari dira bi zuzendarien azalpenak, eta duela urte batzuk ezezagun zitzaizkien hitz “akademikoagoak” ere etxekoago egiten zaizkie orain, hamaika saiotan landu baitituzte kontzeptuok, bizitzako praktikatik teoriara eramanda, hain justu Lizarzaburuk eta Barinagarrementeriak egin dutenaren kontrako noranzkoan: Boga Bogako kideekin ikasi baitute teoria feminista eta politikoak lurrera ekartzen, materializatzen. “Elkarrizketa interesgarri asko izan ditugu elkarrekin. Adibidez, zaintzaren greba antolatzeko unean, mugimendu feministako hausnarketak hona nola ekarri asko landu nuen. Gauzak izendatzeko eta esplikatzeko beste modu bat ikasi dut, eta horrek eraman nau ni beste toki batean kokatzera”, jakitun da Barinagarrementeria.

Zahartzaro feministaren eredu

“Askatasuna hasten da heldutakun zahartzarora, biharrin pasa bizitza osoan hainbeste denpora / Gugandik sumisioa, bestik zaintzi espero da, baina gu pozik joaten gara lagunen ondora”. Horrela hasten da Boga Bogako kantua, eta hiru protagonistek barre artean ziurtatu dute letrak ederki islatzen duela euren taldea. Lagunekin edonora pozik mugitzen direla diote: “Ni beti izan naiz bidaiatzekoa, baina Boga Bogan sartu geroztik beste zera bat da”, aitortu du Santisok. Hara eta hona ibiltzen ohituta daude, inguruko herrietako zineetara, esaterako, eta etxean daudenean ere datorren bidaia prestatzen egoten direla dio Santisok: “Elkarri animatu eta han joaten gara. Oraintxe sei andre Cadizera joan gara, eta bonba pasa dugu”. Euren artean antolatzen dituzte txangoak, eta ziurtatu dute lagungarria dela elkarri proposamenak egitea, taldean errazago joaten baitira, bakarrik baino.

Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Maria Dolores Gojenola, Elisabet Santiso, Yolanda Burgoa, Udane Barinagarrementeria eta Mijo Lizarzaburu. / Argazkia: Ainhoa Garalde Ortega

Parean dituzten bi gazteek miresmenez ikusten dituzte, eta ziurtatu dute haien eredua dela Boga Boga bezalako sare baten babesa izatea. Lizarzaburuk zehaztu du taldekideak ez direla kontziente egiten dutena zer baliotsua den, eta sentipen hori lotuta dagoela euren beharra inoiz baloratua egon ez izanari. “Uste dute juntadizotxoak besterik ez dituztela egiten, baina hemen egiten dena oso sakona da. Nik politika heterosexualen kontrako taldeetan militatzen dut, eta bollerismoan dugun beldur erraldoienetako bat zahartzea da. Zeinek zainduko gaitu, familia heterosexualik eduki ez badugu? Beldur diogu bakardadeari. Boga Bogak demostratzen du posible dela feminismo eta militantzia bidez familiatik kanpoko kolektibitateak sortzea. Edade batetik aurrera sostengu hori eduki ahal izatea guri erokeria bat irizten zitzaigun”. Bollerentzat eredua direla dio, eta Barinagarrementeriak ere argi du Boga Bogaren bidea jarraitu behar dela: “Guk euren adina dugunean beste modu batzuk izango ditugu, baina bidea hau da: laguntasuna, kolektibitatea, espazio propioa, politizazioa”.

“Sentitzen dut nire tokia topatu dudala, elkar zaintzen garen espazioa. Badakit nahi dudana esan dezakedala, ez daukagulako barrerarik gure artean, eta hori inportantea da”, Yolanda Burgoa Zenarruzabeitia, Boga Bogako kidea 

Izan ere, Etxelilan juntadizo hutsak egitetik harago, gizarteari buruzko begirada kritikoa jorratzen dute, dokumentalean deskribatzen duten bezala: “Onena da ikastea bezalakoa dela, baina etsaminik gabe”. Burgoak dio ikastaro oso baliagarriak izan dituztela, eta dinamizatzaileen lana eskertu dute hirurek: “Zeuekin geu ere hazten joan gara”. Saioak ez dira hutsalak, eta zer pentsatua ematen die hurrengo egunetan; besteak beste, gai hauek lantzen dituzte: arrazakeria, zaintza-lanak, buru osasuna, sexualitatea, kultura, zahartzaro feminista... baita taldekideek proposatzen dituzten hainbat auzi ere. Eztabaida mamitsuak izaten dituzte Etxelilan, eta gozamenerako tokia egiten dute gero, “Habemus vinus” poteorako tartean, esaterako.

Barinagarrementeria ohartu da horixe dela eredua: borroka eta gozamena uztartzea. “Ni militantzia eredu oso sakrifikatutik nator, eta konturatzen zara ez dela hori modua, hankamotz geratzen dela borroka gozamenik gabe, eta alderantziz. Boga Boga adibide ona da: kristoren militantzia egiten dute eta borrokan eta protestan dabiltza, baina hain ondo pasatzen dute!”.

Andre nagusien ahotsak lehen lerrora

Santisok, Gojenolak eta Burgoak eskertzen dute entzutea gazteek ere ikasi dutela eurengandik, eta ez soilik aldrebes. Baina hiru andreek ikusten dute elkarteak gazteek deskribatutako balioa duela? “Balioa zerk, guk egiten ditugun gauzek? Bueno, bai, balioa bai”, osatu dute erantzun umila. Izatez, eurek sinetsi baino, bi zuzendariek sinesten zuten horretan, eta gazteok konbentzituta ikusteak bultzatu zituen nagusiak dokumentalari baiezkoa ematera. Elkar animatzen joan ziren taldekideak, eta elkarrekin adostu zituzten elkarrizketen gaiak eta kokalekuak. Gainera, Lea-Artibaiko zenbait gazte feministarekin elkarlanean egin dute ikus-entzunezkoa, eskualdeko kultur sortzaileen lanak batzeko asmoz.

Argazkia: Ainhoa Garalde Ortega

Hain zuzen, nahita egin dute modu parte hartzailean dokumentala, zuzendariek argi zutelako filma Boga Bogako kideena izan behar zela, nahiz eta hori gauzatzeko baliabideak gazteen esku egon. Prozesuan ikasi dute berrogei urte pasatxoko adin tartea izateak eragina duela erabiltzen den hizkuntzan ere, eta arrakala nabaritu dute. Barinagarrementeriak eman du adibidea: “Gu bion ustez agian bi gauza zehatzengatik du balioa Boga Bogak. Eta eurei galdetutakoan beste sei diferente esaten dituzte!”. “Askotan pasatzen zitzaigun, guk nahi genuen gauza bat esatea, baina eurak ez ziguten hori esaten, ze eurak ez dute hori pentsatzen!”, ondorioztatu du Lizarzaburuk. “Klaro, geuk bizi duguna kontatzen dugulako”, erantzun dio Santisok, eta Burgoa ere ados agertu da: “Beste ibilbide bat dugu, gauza asko pasa zaizkigu bizitzan, eta ikuspuntuak ere diferenteak ditugu”. Dokumentala egin aurretik zuzendariek buruan zutena eta emaitza desberdinak izan dira, baina eskertuta daude horregatik, finean, adineko emakumeen ahotsa lehen lerrora eramatea baitzen xede inportanteena: “Dokumentalean agertu behar dena da zer diren eurak, ez zer nahiko genukeen guk”, berretsi dute zuzendariek.

“Uste dute juntadizotxoak besterik ez dituztela egiten, baina hemen egiten dena oso sakona da”, Mijo Lizarzaburu, dokumentaleko zuzendarikidea

Eta lortu dute horrela izatea, 35 minutuz andreak ari baitira berbetan, euren bizipenetatik, orain arte Boga Bogan egin dutena herrira zabaltzen. Halere, zuzendariek ohartarazi dute konturatu direla parte hartzaileek karga bat dutela: “Zuekin ikasi dugun zeozer da zelako karga duen zure herrian aurpegia emateak. Nik orain arte Ondarroatik kanpo militatu dut beti, adibidez, eta ez nintzen konturatzen beste pisu batekin jokatzen duzula herrian: ez zara zeu, baizik eta norbaiten ahizpa, ama edo loba zara”, zuzendu zaie Lizarzaburu dokumentaleko protagonistei. Feministaldian estreinatu zuten dokumentala, Donostian, eta ahalik eta herri gehienetan erakutsi nahi dute, Boga Bogako esperientzia baliagarri izan dadin herriz herri, zahartzaro feminista posible dela aldarrikatzeko. Santisok, Gojenolak eta Burgoak, behintzat, argi dute elkarteak asebetetzen dituela, eta horretan jarraitzeko asmoa dutela, elkarrekin arraunean, uretan zein lurrean. Honela amaitzen dute, kantuan, Ondarroako andre hauek, beso zabalik: “Alkartu gaitezen andrak. Asko ginen, asko gara, Ondarroako lagun talde bat gara Boga-boga!”.