argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Hasiera askoren kabi@
Diana Franco Eguren 2025eko azaroaren 27a

Urteak dira kabi@-k Durangoko Azokan lehen urratsak egin zituela. Garai hartan, kupula geodesiko eder baten baitan gogoratzen dut Talaioseko Gorka Juliok, elementu guztien kontra, programa eder bat lantzeko egiten zuen lan itzela. Teknologia eta digitala ez ziren kultur sorkuntzaren gaitzat eta emaitzatzat errazki hartzen. Jende askok ezagutu genuen elkar. Eta ezagutu nituen eremu fisikoan zein digitalean euskararen eta digitalaren inguruan gogoetatzen zuten egitasmo asko, eta elkar topatzeko beste hainbeste: euskal fedibertsoa, mezularitza taldeak, topaketak, poscastak...

Gorkak kabi@ko lekukoa eman zidanean, eta Izaskun Ellakuriagaren laguntzarekin kabi@n lehen pausoak eman nituenean, digitalak kulturan zuen eragina ez zen zalantzan jartzen, ez sorkuntza gaitzat ulertzerakoan, ezta kulturaren isla den mundu ikuskeran izan dezakeen eraginean ere. Dena den, dugun panorama digitalak alertan jarri gaitu herritar asko, eremu digital hegemonikoan diharduten botereen dinamikek bizitzak kakazteko duten gaitasuna ulertu dugulako: indarkeria erreproduzitu, adikzio berriak sortu, faltsukeria hedatu, manipulazioa sustatu, isolamendua handitu... Errealitate hori kudeatzen ikasi behar dugu, digitalak zaurgarri bilakatu ez gaitzan. Eta horretaz guztiaz hitz egiten da kabi@n. Egitasmo eta publiko berriak ere inguratu dira: familiak, gizarte hezitzaileak, hezkuntza komunitatea...

Beharbada, hori da kabi@ guneko gauza ederrenetarikoa, askorentzat aukera izan daitekeela ezagunak ez dituen egitasmo eta pentsamenduetara inguratzeko. Adibidez, digitala sorkuntza gaitzat hartzen dutenen lanetara. Badelako, digitalari eta teknologiari loturiko zenbait sortzaile. Sortzaile horiek istorioak, soinua, irudia, espazioa, gorputza... harremanetan jartzen dituzte geruza digital eta gailuekin. Eta emaitzak askotarikoak izan daitezke. 

Ezagutzen ez ditugun egitasmoetara inguratzeko aukera horietako bat aurten sortzaileen eskutik etorriko dela uste dut.