argia.eus
INPRIMATU
Nayib Bukele, kartzela edo erbestea
  • “Erbestearen edo kartzelara joateko arriskuaren artean aukeratu behar genuela sentitzen genuen”. Noah Bullock Cristosal giza eskubideen defentsarako erakundeko zuzendariaren hitzak dira, baina El Salvadorko gizarte zibileko edozein erakundetako kide baten hitzak izan zitezkeen. Bullockek Guatemalako Hiritik erantzun ditu ARGIAren galderak, aurtengo uztailean erabaki baitu erakundeak bere El Salvadorko egoitza ixtea, gobernuaren errepresioak gero eta gehiago itotzen zituela nabarituta. Bullock eta bere kideen moduan, giza eskubideen edo prentsa askatasunaren alde lanean dabiltzan hamarnaka salvadortarrek egin dute ihes herrialdetik, Bukeleren gobernuaren hatsa kokotean nabaritu dutenean. Edo hori, edo kartzela izango zen, eta bigarren hori ez zen aukera bat, honela dio Bullockek: “Preso egonda ez dugu baliorik gure kide preso politikoen edota erregimenaren biktimen alde lan egiteko”.

Maria Ortega Zubiate 2025eko azaroaren 26a
El Salvadorko Polizia manifestarien aurrean. Argazkia: EFE/ Miguel Lemus

Maiatzaren 19an albiste batekin esnatu zen El Salvador: Ruth López abokatua atxilotu zuten. López Cristosal giza eskubideen aldeko erakundeko kide da, ustelkeriaren aurkako sailaren burua. Herrialdean famatua da López, herrialdeko giza eskubideen aldeko erakunde handieneko kide izateaz gain, publikoki salatu duelako Bukeleren gobernuaren ustelkeria. Argitara ekarri zituen gobernuak pandemian egin zituen zenbait kontraturen ustelkeria, Bitcoinari lotuta ere iruzurra izan zela kaleratu zuen, eta salatu zuen gobernuak Pegasus aplikazio israeldarra erabili zuela giza eskubideen defendatzaileak eta kazetariak espiatzeko. CECOTak –Bukeleren "megakartzela" delakoak– ingurugiroan eragingo zukeen kaltea ere plazaratu zuen. Iaz BBCk munduko 100 emakume eragin handienekoen artean kokatu zuen López, baina gutxirako balio izan zion kanpoko errekonozimenduak bere herrialdean. Fiskaltzak Lópezek egindako salaketei itzuri egin eta berari leporatu zion ustelkeria. Atxilotu zutenetik kartzelan dago López, eta uztailetik komunikazio guztiak eten dizkiote.

Erbestetik begiratzen dio Noah Bullockek, Cristosaleko zuzendariak, Lópezen hutsuneari. Guatemalako Hirian daude Cristosaleko kideak uztailaren 18az geroztik, hiru hamarkadatako lanaren ostean herrialdeko egoitza ixtea erabaki zutenetik. “Errepresioaren gorakadagatik” erabaki zuten herrialdetik alde egitea. Lópezen atxiloketaren eta Bukeleren gobernuaren Agente Atzerritarren Legearen ostean ere, herrialdean jarraitzeko asmoa zuten, baina Poliziaren jazarpena areagotu zenean eta beren izenak zerrenda beltzetan agertu zirenean konturatu ziren “jazarpen zuzenaren objektu” zirela, eta “aktibismoa utzi edo herria eta etxea galtzearen artean” aukeratu behar izan zuten. Eta horregatik daude Guatemalan, beren lanari uko ez egitearren.

Ruth López abokatua fiskaltzara eraman zuten momentua. Argazkia: Salvador Melendez (AP)

El Salvador utzi eta hiru hilabetera, Bullockek erbestearen gogortasuna azpimarratu du. “Bizi proiektuaren” galera sentitzen dutela dio. “Tristura” aipatzen du, arlo pertsonalean galdu duen guztiagatik, berak, eta elkarteko hogei lagunek. Baina ezeren gainetik, Lópezgatik sentitzen dute inpotentzia: “Ez da minutu bakar bat pasatzen gure kidearen hutsunea sentitu gabe. Gure azalean sentitzen dugu Lópezen ziurgabetasuna, jasaten ari den indarkeria eta tortura”.

Bullocken eta Cristosalen modura, El Salvadorren kazetarien, giza eskubideen eta ingurugiroaren defendatzaileen erbestealdiak nabarmen ugaritu dira. Aurtengo maiatz eta uztail artean 80 pertsonatik gorak utzi dute herrialdea, beren gaineko jazarpena handitzen nabaritu dutelako. Bullockek dio migrazioaren gorakadaren aurrean, erbestean dauden salvadortarren taldeak eratzen hasi direla, “El Salvadorren trantsizio demokratikoa” bilatze bidean lanean ari direnak. 

Jazarpena, modu askotara

Aurtengo uztailean, beraz, egoera gaiztotu ondoren erabaki zuen Cristosalek, erakunde modura, herrialdea uztea. Baina Bukeleren gobernuarekin izandako gatazkak ez dira berriak, aurretik ere presio handia jasan izan dutela salatu du Bullockek. “Gure prozesua ez zen maiatzean hasi”, dio: “Ia-ia Bukeleren erregimenaren lehen egunetatik jazarri gaituzte legalki eta administratiboki; espiatu ere egin gaituzte. Gure aurkako difamazio kanpainak egin dituzte”. Eta, hala ere, beren lanarekin jarraitzeko asmoz zebiltzan. 

Gobernuak ezarritako presioa mezu bat zabaltzeko dela uste du Bullockek, gizarte osoari beldurra helarazteko. Horren aurrean, jendeak autozentsura aukeratzen duela dio Cristosaleko zuzendariak.

Gero heldu zen agente atzerritarrak arautzeko legea. Lege hori “arma bat” dela dio Bullockek, gizartea kontrolatzeko eta gobernuarentzat deserosoak diren alorrak lantzen dituzten elkarteak zigortzeko arma. Eta Cristosal eta giza eskubideen aldeko defendatzaileak deserosoak dira botereari “mugak jartzea” esan nahi duelako, Bukele ez baitago prest bere boterea mugatuko duen ezein testuinguru onartzeko, zuzendariaren hitzetan. Gehitu du Bukelek bere gobernua “herriaren nahia” balitz bezala saltzen duela, baina bere agendak jendeak dituen premiekin bat egiten ez duenean, orduan mehatxu egiten duela. “Baina kontua da giza eskubideek ez dutela agenda politiko bat jarraitzen. Jendearenak, komunitatearenak eta beren premienak dira eskubideak”.
Horrela, bada, aipatu legeak, agente atzerritarren “jazarpenerako mekanismoa” dela dio, “etengabeko mehatxu bat” adierazpen eta biltze askatasunarekiko. Are, eskubide horiek pribilegio bihurtzen dituela dio, erregimenak ematen duen pribilegioa, deserosoak diren kontuak ez egitearen baldintzapean.

Edozelan ere, gobernuarekin bat ez etortzeak “prezioa” duela dio Bullockek. Eta kartzelara sartu dituztenak ala herrialdetik ihes egin dutenak mezu bat zabaltzeko erabiltzen ari da Bukele, hori uste du: “Pertsona horri zuzendutako indarkeriak mezu bat bidaltzen dio gizarte osoari: beldurrarena”. Eta beldur horrek lortu du eragina izatea herrialdean. Gehienek “autozentsura eta isiltasuna” aukeratzen dituzte, hori dio Cristosaleko zuzendariak, norbere burua babesteko. Normala dela dio, jendeak uste du hobe dela inguru politikotik urruntzea, ondorioak saihesteko: “Edozein ahots kritikok jazarpena izango duela ziurra da, eta herrialdean aldaketa politikoa egoteko dauden aukerak oso baxuak dira, gobernuak dena kontrolatzen duelako”. Horrela bada, herrialdean beldurra eta isiltasuna dira nagusi; baina baita atzerrian ere, hori dio Bullockek. “Kanpoan gauden askok familia dugu herrialdean, eta hemen gauden gehienek oraindik ez dute beren migrazio estatusa konpondu”. Beraz, momentuz, atzerritik ari dira lanean, baina profil baxu batekin.

Noah Bullock Cristosaleko zuzendaria. Argazkia: Cristosalek utzia

Giza eskubideen defentsako taldeen aurkako “difamazio kanpaina” argia izan dela dio Cristosaleko zuzendariak. Lege berriak eragin du nazioarteko garapenerako lankidetzan lan egiten zuten elkarteek herrialdea uztea, Cristosalen gisako erakundeak “egunero” ixten dira eta kideek erbestera alde egin behar dute. “El Salvadorko espazio zibikoari goitik behera eragin dio”, azaldu du. Baina herrialdean geratu diren taldeek, militanteek, bereari heldu beharko diote, beren bizitza horren araberakoa delako, dio Bullockek. “El Salvadorren biziraun duten taldeak dira beren bizitzaren defentsa egin behar dutenak. Nazioarteko erakundeak, ekintzaile profesionalak joango dira, baina biktimen elkarteak, beren bizia defendatu beste aukerarik ez duten ekintzaileak, horiek geratu dira herrialdean”.

Maiatz eta uztail artean 80 pertsonatik gorak utzi dute herrialdea, beren gaineko jazarpena handitzen nabaritu dutelako.
Atzerritik ere begira

Erbestean egonda ere, El Salvador oso presente dute. Batetik, familiako eta inguruko kideak dituztelako oraindik herrialdean; baina, bestetik, biktimak laguntzeko lanean jarraitzen dutelako. Erbestetik begiratuta, herrialdearen egoerak “tristura” ematen diola dio Bullockek, egunetik egunera “erregimen autoritarioaren kontsolidazioa” ikusten duelako. Baina, era berean, atzera begiratuta, herrialdeak badu historia mota horretako erregimenetan: “Badakigu mota horretako erregimenak ez direla betirako, ez da lehenengo aldia horrelako zerbait bizi duguna”. 

Bien bitartean, memoria lana egiten jarraituko dute, hori dio Bullockek. “Garrantzitsua da torturen, kartzeletako heriotzen, giza eskubideen urraketa larrien erregistroa gordetzea. Hori da kanpoan gaudenok daukagun konpromisoa memoria historikoarekin: gizateriaren aurkako krimenen zantzuak dokumentatzea”. 

Uko egin ezin dioten konpromisoa dute, horrela dio Cristosaleko zuzendariak: “Bere defentsa laguntzen jarraituko dugu, bere kasua nazioarte mailan ezagutarazten”. Ruth Lópezengatik eta gainontzeko preso politikoengatik, ez diote borrokatzeari utziko.