Margarita Padillaren Inteligencia Artificial: Jugar o Romper la Baraja liburua hasi naiz irakurtzen. Konputazioaren historioari errepasoa egiten dio. Ezagutzen ez nituen gauza asko ikasten nabil, adibidez, xakera jokatzeko motorren funtzionamendua. Arreta eman dit hor egiten duen oharra: xake motorren eta pertsonaren arteko ezberdintasun interesgarri bat dago xakera jokatzeko garaian, pertsonok xakera jokatzen dugunean estrategia ezberdinak irudikatzen ditugula gure buruetan, xake motorrak jokaldi bakoitzaren puntuazioa antolatuz irabazten du.
Orain dela urteak, bezero batek eta biok kalkuku-orri bat sortu genuen elkarrekin, milaka eta milaka datu jasotzen zituena, eta horien irakurketa baliagarriena ateratzea zen helburua, zerbitzua hobetze aldera. Nik formulak soilik egiten nituen, bezeroak zuen irakurketaren zentzuaren ezagutza, estrategia alegia. Berarekin aurkitu naiz eta esan dit sistematxo bera erabiltzen duela oraindik. Harritu nau jakiteak ez duela Adimen Artifiziala erabiltzen prozesu hori automatizatzeko, norberaren gaitasunak AA baten aldean erabiltzea anakronismoa dirudien garai honetan. AA zergatik ez duen erabiltzen galdetu diot, jakinda datu anonimoak izanik ez lukeela inoren informazio sentikorrik arriskuan jarriko. Egin zitekeenik ere ez duela pentsatu esan dit. Gainera, berak formulak ulertu nahi dituela, eraikuntzaren parte izanik proiektua gertuago sentitzen duela, eta prozesu horretan, ideia berriak datozkiola, akatsak zuzentzeko gaitasuna ere eskuratzen duela. AA erabilita, zerbitzutik urrunduko litzatekeela uste du, abstrakzioa handituko litzatekeela zerbitzua jasotzen duten erabiltzaileekiko.
Xakearen adibidean pentsatzen jarri naiz berriro: sistema hauek ez dira AA, baina hor bada Margaritak eragin didan hausnarketa bat: zenbait eremutan, guk baino hobeto jokatzeko sistemak existituta ere, zergatik jarraitzen dugu gizakiok jokatzeko estrategiak sortzen? Liburua irakurtzen jarraituko dut, ea erantzunik jasotzen dudan.