Euskal idazle klasikoen artean ezagunenetarik ez izan arren, Martin Duhaldek (Uztaritze, Lapurdi, 1733-Baiona, 1804) baditu hainbat alderdi interesgarri, nola bizitzan hala obran. Beraz, mainstream-etik pixka bat urrundurik –euskaraz zeozer idazten hasi aurretik, izan ere, nork ez ditu irakurri orain arte orrialdeotan aipatu ditugun Axular, Tartas, Barrutia, Oihenart edo Kardaberaz bezalako egileak?–, hizpide hartuko dugu 1809ko Meditazioneak, a.k.a. Meditazione handiak, herriak liburuari izen hori eman baitzion Lafitteren arabera, obraren bolumenagatik bezainbeste –ia 600 orrialde–, garai bertsuan publikatu zen Andre Baraziarten beste meditazio-liburu batetik bereizteko, zeinari Meditazione ttipiak gisa geratzea tokatu baitzitzaion –tamainari erreparatzen baitzioten garai hartan, orain kamainari eta bertan egiten diren gauzei begiratzen diegun bezainbeste–.
Nolanahi den: Frantziako iraultzak sotana jantzita bete-betean harrapatu zuelako, Lapurditikan Gipuzkoarat hankak leporaino bueltaka ospa egin behar izan zutenetakoa dugu Duhalde. Hernanin eta Oiartzunen bizi izan zen urte mordoxka batean; eta izan omen zuen harremanik Madeleine Larralderekin, Sarako martiri ezaguna bera, zeinaren egiazko historiak eta heroi katoliko bat sortu beharrez asmatutako istorioek –bai, batez ere zutaz ari naiz, Arturo Campion– emango luketen liburu oso baterako.
Liburu hori idatzi egin behar, ordea; Meditazioneak berriz, irakurri bakarrik. Lan gutxiago eta “hagitz progotxos” gainera, Duhalderen hitzekin esateko: gure buruarekin barne-bakarrizketan aritzera animatzen gaituen lana dugu, hori kristauki nola egin daitekeen azaltzen digu; eta burua pixka bat ordena dezagun, eguneroko meditazio-lanak, asterokoak eta hamabosterokoak ematen dizkigu. Gehi, liburuaren bigarren partean, hilaren egun bakoitzean gogo-jardunerako baliagarri suerta litezkeen irakurgaiak, denak ere lapurtera eder askoan idatziak.
Egiaren errateko, gure bizimodua nolakoa den kontuan harturik, gaur egun literati diletanteen dostetarako aproposagoa bihurtu da liburua berez sortua izan zen zereginerako baino, zeruetako erresuman sartzeko buru-lan horiekin guztiekin konplitu nahi duenari ez baitzaio kontzientzian beste deusentzat lekurik geratzen ahal, Duhaldek gomendatzen duenez Jainkoaz meditatzea “bidean, lanean, jende-artean, Elizan, etxean, baieta ohean ere” –ohean, bai: nori ez zaio gertatu maindire arteko lanetan ari dela “errelijioneko egia handiak” gogoan hartzen hastea, halako moldez non klimaxera iristean Andre dena Maria ikusi duela baitzaio iruditzen?–.
Gogoeta eta meditazionea full time beraz, “orhoiturik askori gerthatzen zajela, osasunarekin etzan eta goiza argitu baino lehen Iaunaren tribunalerat deithuak izatea”. Jainkoak konfesatu gabetanik bazaitu harrapatzen, gutxienez harrapa zaitzala berari buruz ongi meditaturik, hemen pilatutako urre guztiak alferrik izango baitituzu ataka hartan, dio Duhaldek gutxi gorabehera.
Ez zaituela konbentzitzen? Lasai, baditu beste erreminta batzuk zure borondatearen makurrarazteko. Izua hezurretaraino sartzea, adibidez. A ze deskribapenak heriotzaren ondoren gure izate materialak zain duen patuaz, aizue: “Nere aurpegia guzia desegina, horitua, behatzen dioten guziak izitzen dituela; nere mihia, eskuak eta zangoak ezin higi ditezken bezala; nere gorphutz guzia bizirik eta higitzeko ahalik gabe, trunko higun bat egina, laster bazter guziak phozoa eta izurrizta letzakena, ezpalire lehiatzen luphe batean harren zarratzera”. Ez da euskal idazle klasikoen artean memento mori-ak erabiltzen lehena –zer dira ba Gero edo Ontsa hiltzeko bidea? Heriotza saihetsezina kontuan hartuta idatzitako gogoetak, noski–, baina zuri gainean beltz jarritako haragi ustelok ikusirik, akaso Duhalde dugu euskal literatura gore-aren aitzindari nagusietako bat.
Anakronismotan aritzeagatik aldez aurretik barkamena eskatuz, esango nuke gainera bazeukala kontzientziarik euskal sistema literarioaren gabeziez eta horrek motibatu zuela liburuaren osatzera: “Halako asko badugu Frantsesez, ez ordean eskaraz, lekhat buru edo kapitulu bakhar batzu Filotean. Horren gatik iduritu zait jende prestuei atsegin eginen, eta zerbitzu bihurturen nerajela, ondoan dathozen meditazioneak hekiei eskaraz eskuetarat emanez”, irakurtzen dugu Meditazioneak-en lehen partean.
Anakronismoarekin jarraituta, autore indibidualaren estatus kasik dibinoa ere auzitan jarri zuen liburu honekin, jabetuta, akaso, testu literario berri bakoitza aurretik idatzitakoen gainean osatua dela; obra oro dela izatez kolektiboa; eta ez hori bakarrik, itzultzailea ere autorea dela azken finean, bere lanean enplegatzen duen kreatibitate mailagatik.
Liburua plagio bat dela, alegia: “Lehenbiziko pharte huntan hilabeteko egun guzietakotzat emanak direnak frantsesetik eskararat itzuliak dire, Journée Chrétienne deitzen den liburutik. Hargatik han-hemenka zenbait ganbiamendu phixka egin dut. Badire ere zenbait hekien artean nerorrek egin ditudanak. (...) Bainan nola baitire gei batzu, hemen aiphatzen eztirenak, eta bertze batzu hemen laburzkiegi direnak, bigarren phartean ezartzen ditut hekien gainean nerorrek egin tudanak”.
Euskal literaturaren historiak bigarren mailako lanen zakurat bidali du Meditazioneak, segur aski obraren zati originalak eta plagiatuak bereizteko zailtasuna dela kari. Horrek erakusten du zein ikuspegi murritz eta atzerakoia izan den nagusi gure letretan duela gutxira arte. Ospatu beharrean gaude, beraz, gure kultur-giro garaikideak joera makur hori gainditu izana, orain plagiatutako lanak edo erdi-plagiatutakoak argitaratzea ez baita inolako autorerentzat desohore eta, are gehiago, lehen lerroko idazletzat ere hartzen ditugu batzuetan kopipastegileak. Geratu zaigu, hala ere, joera zaharminduaren arrastoren bat pegatuta. Hori izango da kausa, plagiatzaile eta erdi-plagiatzaile net moderno gehienek ez aitortzeko originaltasunaren mitoa puskatu nahian-edo obratzen dutela obratzen duten maneran. Baina alde horretatik –meditatzen ari naiz hau idatzi bitartean–, Duhalde apaizak duela 200 urte baino gehiago besteren askatik edan zuela xalo-xalo onartzean, ez ote zuen erakutsi jarrera aurrerakoiagoa –edo behintzat zintzoagoa– gaur egungo askok baino?