argia.eus
INPRIMATU
Magiaren esperoan
Edu Zelaieta Anta 2025eko azaroaren 19a

Badira egun batzuk kortikoide-infiltrazio bat egin dizutela eskuineko belaunean. Traumatologoak agindutako magiaren esperoan zaude.

Zain zauden bitartean, Alana S. Porteroren La mala costumbre eleberria irakurri duzu. Bertan ere gorputza da kontakizunaren ardatza, eta zure barne-meniskoaren haustura degeneratiboa –traumatologoak azpimarratu duenez: zure haustura ez da traumatikoa, degeneratiboa baizik– gurutzatua izan duzu irakurketa osoan. 

Ohitura txarrak zer diren jakiteko, iduri duenez, onak ezagutu behar. Eta, ahal dela, horiek praktikatu. Ez da hori, baina, zure belaun maskalduaren kasua. Ez eta Porteroren nobelako pertsonaia nagusiena ere. Madrilgo langile-auzo batean jaioa da protagonista, haurtzarotik prekaritatearen eta emakume ala gizon izatearen muga biolentoen artean mugitu behar izan duena. Bi errealitatetan bizitzen ikasi behar izan duena. Liburu bikaina iruditu zaizu, eta hainbat egunez aztarna utzi dizu barrenean.

Protagonistaren koordenatu zehatzetatik urruti, pentsatzen hasi zara agian ohitura txarra dela minari eustea. Bai eta –dagoeneko bildu dituzun urteekin– magia etortzeko dagoela sinestea ere.