argia.eus
INPRIMATU
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen
  • Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko ote duen lehia horretan, naturzaleak aspalditik ari ziren herritarrok oso ondo ulertzen ez genuen kontzeptu bat seinalatzen, eta irailaren 24an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak bere txostenean jaso zuen, Zestoa-Azpeitia-Errezili eragiten zien Piaspe proiektu eolikoari ezetz esateko argudioen artean: igarobide ekologikoa. Paisaia miru gorriaren, orkatzaren edo edozein basa abereren begietarik ikustera garamatzaten bi hitzak dira. Jakinda, gure biziraupena haienari lotua dagoela.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2025eko azaroaren 19a
LABRAZA Araba Bizirikeko kide batek azaldu duenez, Labraza makroproiektu eolikoa
LABRAZA Araba Bizirikeko kide batek azaldu duenez, Labraza makroproiektu eolikoa "bi ardatz ekologiko nagusietako batean dago kokatua, nodulu multzo baten barruan. Zonalde hau, Barriobusto eta Valdevarón ibai-tartearen baitan dago, zeina interes berezikoa den lotura egiten duelako isurialde mediterraneoko eskualde mailan. Ibai-tarte hauek lotura egiten dute Dueñasko pinudiarekin, zeina bereziki eragingo duen proiektu eoliko honek. Berau EAEko Aleppo pinudi natural bakarra da, Iberiar Penintsulan iparralderen dagoena, eta horrek ere balio gehigarri bat ematen dio. Gainera, intersekzio eremu bat da, Nafarroako Codes Mendizerraren eta Araba Hegoaldeko Mendialdearen –zeina Kontserbaziorako eta Hegaztien Babeserako Eremu Berezia den– arteakoa".

Naturguneen defentsak indarra hartu du herritarren artean azken urteetan, energia berriztagarrien makroproiektuek kokalekutzat hautatu dituztenean. Proiektu bakoitzak zehazki mehatxatzen dituen habitatak, espezieak eta gainerako kalteak zerrendatzeari ekiten diote lekuan leku sortzen diren lurraren defentsarako taldeek, aspalditik lanean ari diren eragileek eta hainbat kasutan baita udalek eta aldundiek ere, eta alegazioak sartzen dituzte, dagokion gobernuak (EAEkoa, Nafarroakoa edo Espainiakoa) proiektu horri aldez aurreko administrazio baimena eman edo ez ebazterakoan kontuan hartu ditzan.

Irailaren 24an iritsi zen Jaurlaritzaren ebazpenetako bat, Azpeitia-Zestoa-Errezil herriei eragiten zien Piaspe proiektuari aldez aurreko administrazio baimena ezetsi diona. Ezezko horren oinarria Nicolás García-Borreguero Ingurumen Administrazioaren zuzendariak sinatutako ingurumen inpaktuaren adierazpena da eta 28 orriko txosten horrek zerrendatzen dituen kalteen artean, kontzeptu batek jaso du dagokion aitortza: igarobide ekologikoa.

Hain justu, igarobide edo korridore ekologikoei buruzko hitzaldia eman berri du Aitziber Sarobe biologo eta ekintzaile ekologistak Alkizan (Gipuzkoa), bertako Fagus proiektuak urriaren 25ean antolatutako jardunaldietan. Eskaera zehatz bat egin zuen bertan:
igarobide ekologikoak diren eremuak dituzten udalek izendapen hori jasotzea haien hirigintza planetan. Saroberen ustez, hori litzateke lehen urratsa 2021eko Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legeak jasoa duen figura hori gauzatzen hasteko. Biologo honen hitzetan, igarobide ekologikoak dira "aukera bakarra" egun ezagutu dugun bioaniztasunari irauteko aukera emateko eta galdu duguna berreskuratzeko. Bide horretan, Zestoako Udala urratsa ematera doa: hirigintza plana berritzeko prozesua martxan du eta igarobide ekologiko izendapena emango dio Piaspe proiektuaren mehatxupean egon zen Sañu gainari.

Sañu gainean Sañu Bizirikek egindako mobilizazioetako bat. "Piaspe" proiektu eolikoa atzera bota izana ospatuko du azaroaren 22an Sañu Bizirikek Azpeitian, eta mendi ibilaldia, bazkaria eta ekitaldia egingo dituzte. 
Jaurlaritzako Ingurumen sailaren txostena: "Hegazti harraparien igarobidea da"

"Azterketa-eremua hegazti harraparien igarobidea da, Natura 2000 Sarean sartutako bi guneren artean: Izarraitz eta Hernio-Gazume". Halaxe dio Sañu gainari buruz, Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioak Piaspe proiektuaz egindako txostenean.

Ez da igarobide ekologiko hori babestu behar dela dioen erakunde publiko bakarra, izan ere, Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren txosten horrek berak aipatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrez egindako beste bi txosten, zeintzuetan eremu hori "igarobide ekologiko" modura kaltetuko litzatekeela esaten den.

Baina zer dira igarobide ekologikoak eta zergatik dira garrantzitsuak? Sarobek definizio hau eman zuen Alkizako hitzaldian: “[Igarobide ekologikoa da] Paisaia batean isolatuta gelditu diren espezie batentzat beharrezkoak diren habitat baten atal desberdinak lotzen dituen eremua”. Gaur egun EAEn indarrean den Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legeak, "konektagarritasun ekologikoari" lotuta azaltzen du igarobide ekologikoen kontzeptua: "Espezie bateko populazio batek edo po-pulazio-multzo batek lurralde zatikatu batean beste populazio bateko indibiduoekin erlazionatzeko duen gaitasuna, baita paisaia zatikatu batean antzeko ekosistemek konektatzeko gaitasuna izatea ere. Konexio hori igarobide ekologikoen bidez egiten da".

"Hainbeste zatikatu dugu
natur eremua, hainbat
espezierentzat dagoeneko
haien bideragarritasuna ez
dela posible azaleragatik
bakarrik", Aitziber Sarobe

Sarobek igarobide ekologikoen urgentzia azpimarratu zuen: "Korridore ekologikoak behar beharrezkoak dira, biodibertsitatea kontserbatzeko daukagun azken aukera direlako, leku askotan. Hainbeste zatikatu dugu natur eremua, hainbat espezierentzat dagoeneko haien bideragarritasuna ez dela posible azaleragatik bakarrik. Izan ere, edozein espeziek bizitzeko azalera bat okupatzen du. Espezieak kontserbatzeko planak egiten dira, baina plan horiek denak alferrikakoak dira espezie horiek ez badute izango beraientzat beharrezkoa den eremu bat, azalera bat, habitat bat". Egoeraren larritasuna jasotzen du Jaurlaritzaren 2030erako Euskadiko Biodibertsitate Estrategiak: "EAErako interesekoak diren habitaten %75 kontserbazio egoera txarrean daude, horien atzerakada, zatiketa edo degradazioa dela eta". 2005eko EAEko Igarobide Ekologiko Sarea proiektuak, dokumentuaren lehen esalditik, zera azaltzen du: "Komunitate zientifikoaren ustez, habitat naturalen eta organismoen zatikatzea da biodibertsitatea galtzeko lehen kausa, herrialde industrializatuetan". Proiektu horrek helburutzat du EAEn "espezie basatiak dituzten naturguneen arteko lotura zaintzea eta leheneratzea, izan ere, dagoeneko nahiko murriztuak daude eta isolatzeko joera dute".

Esanda bezala, legeak jasotzen duen kontzeptua da igarobide ekologikoena, eta ez hori bakarrik, Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legeak dio politika sektorialak diseinatzean "arreta jarri" behar zaiola, besteak beste, "konektagarritasun ekologikoari"(Xedapen Orokorren 8. artikulua). Hain justu horixe da Sarobek salatu duena, Eusko Legebiltzarrak laster onartzea espero den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (aurrerantzean LPS deituko diogunak) ez dituela igarobide ekologikoak kontuan hartzen: "LPS horrek proiektu energetikoetatik salbatu ditu babestutako natur eremuak baina ez du ezer esaten babestutako eremu horien artean dauden eremuez; eta natur kontserbazioari begira, guztiz zatitutako eremuak ditugu eta horri buruz ez dio ezer LPSak. Korridore ekologikoez ez du hitz egiten".

Igarobide motak

Aitziber Sarobe biologoak azaldu duenez, "Igarobideak ez dira nahi diren lekuan kapritxoz jartzen, alderantziz, badituzte berezko izate edo baldintza batzuk, ekologikoki beraien funtzioak betetzeko. Adibidez, haiengan eragina dute orografiak, klimak, natur inguruneak eta berezko landarediaren kontserbazioak. Zentzu horretan, mendi puntek basa bizitzarentzat aukera batzuk ematen dituzte, beraz, ez da kasualitatea Natura 2000 sareak babestutako eremuak mendietan egotea, eta baita kostaldean ere: gure garapen urbanistikoak kostaldeak muturreraino eraman dituenez, mundu mailan oso zaurgarriak diren ekosistemak bihurtu direlako. Beraz, zein da igarobide ekologikoen logika edo planteamendua? Erreken bidez mendiak eta kostaldea lotzea".

Jarraian ikusiko dugu EAEren kasuan, Natura 2000 sareak babestutako mendi eremuak nola lotzen diren igarobide eko-
logikoen bidez kostaldearekin.

Mapako koloreak

Eusko Jaurlaritzaren 2005eko Korridore Ekologikoen Sarea oinarritzat duen mapa honetan ikus daitekeenez, igarobide ekologikoaren abiapuntuan, elkarrengandik bereizita dauden eta lotu beharrekoak diren habitatak daude: horiei "nukleo eremu" deitzen zaie. Jaurlaritzak nukleo eremutzat hartu zituen Natura 2000 sarean daudenetatik, lotu beharreko habitatak dituzten eremuak.

Nukleo eremuak lotzen dituztenak "lotura-igarobideak" dira, espezieak nukleo horietako batetik bestera ahalik errazen
iristen diren bideak, alegia.

"Lotura-eremuak" ere nukleoak lotzen dituzten konexio elementuak dira, igarobideak baino zabalagoak.

"Amortiguazio-eremuek" eragin negatiboa leuntzeko funtzioa betetzen dute, eta nukleo eremuen, lotura-igarobideen eta lo-
tura-eremuen inguruan kokatzen dira.

Ibai-sarea bera ere igarobide natural bat da, eremuen arteko lotura egiten duena. Igarobideen artean kontuan hartzen ez
badira ere, adituek ohartarazten dute hezeguneak, urmaelak, padurak, urtegiak... oso garrantzitsuak direla hegaztientzat eta migrazio prozesuentzat.

Mapan ikus daitekeenez, igarobideen artean bereizketa hau egiten da, zatiketa administratiboaren logikatik: "Lurraldeaz gaindiko igarobideak" dira bere lotura funtzioa kasu honetan EAEz gaindi ere antzematen denean. "Lurraldeko igarobideak" dira bere lotura funtzioa eta bere eraginaren garrantzia EAE mailakoak direnean. Eta "eskualdeko igarobideak" dira bere lotura funtzioa eskualde batean burutzen dutenean.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak ahaztu duen kontzeptua

"Nazioarteko adostasunean oinarrituta, agerikoa da gizateriak aurrean dituen bi erronka nagusiak biodibertsitatearen galera gelditzea eta klima-aldaketari aurre egitea direla", dio Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legeak. Ordea, klima-aldaketari aurre egiteko ezinbestekotzat aurkeztu diren energia berriztagarrien makroproiektuak ezartzeko, Jaurlaritzak ez ditu kontuan izan baso-habitatak berreskuratzeko eremuak, ezta hainbat espezieren habitat-azalerak ere. Modu horretan, gizateriaren egungo bi erronkak direnak elkarren arteko lehian jarri ditu.

Honela baloratzen du Legebiltzarrak laster onartzea aurreikusten den LPSa Sarobek, igarobide ekologikoen aldetik: "LPS horrek energia berriztagarriak jartzeko interesekoak liratekeen guneak markatzen ditu, eta proposatzen dituen leku horietan guztietan gauzatuko balira, bukatu da korridore ekologikoak gauzatzeko aukera EAE osoan eta mugetatik haragoko gainerako lurraldeetan".

"Lurralde Plan
Sektorialean, energia
berriztagarrien eremuak
planteatzean, korridoreak
ez dituzte baldintza
gisa hartu", Aitziber Sarobe

LPSari publikoki kritikatu zaion ezaugarria da berez ez duela ezer planifikatzen, energia berriztagarriak jartzeko "intereseko gunetik" kanpo dauden eremuak ez dituelako salbuesten: enpresek aukera dute "intereseko gunetik" kanpo proiektu bat planteatzeko, eta Jaurlaritzak kasu bakoitza aztertu behar du eta ebatzi. Sarobek argudiatu du prozedura horrek ez duela zentzurik, Jaurlaritzak berak Piasperi emandako ezezko ebazpena adibidetzat jarrita: "Hasieratik argi badago eremu hori hegazti harraparien eta saguzarren igarobidea dela, Jaurlaritzaren beraren dokumentazioetan hala jasoa baldin bada, zergatik ez du hasieratik esaten LPSan eremu horretan ezin dela proiekturik egin? Kontua da, LPS horretan energia berriztagarrien eremuak planteatzerakoan, korridoreak ez dituztela baldintza gisa hartu".

Igarobide ekologikoak ez dira derrigorrezko aztergai, ezta ere, energia enpresek proiektuak aurkezten dituztenean ebaluatu behar dituzten eraginen artean. Sarobek azaldu du: "Energia enpresa batek proiektua aurkezten duenean, ingurumenean izango dituen eraginen txostena aurkeztu behar du eta txosten hori egiteko gutxieneko batzuk bete behar ditu, besteak beste, kiropteroen eta hegazti nekrofagoen berariazko bi txosten egin behar ditu, bi urtetan lekuan bertan datuak jasota, ezin du bibliografian soilik oinarrituta egin. Eskerrak horri! Baina korridoreei buruzko eta lurraldearen zatiketari buruzko eskakizunik ez dago".

Eoliko makroproiektuak

2025eko urriaren 29an, Eusko Legebiltzarrean Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu den Mikel Jauregik egun EAEn tramitazioan diren proiektuen eta horietako bakoitzaren egoeraren informazioa eman zuen. Informazio horretan oinarrituta, mapan kokatu ditugu eolikoen makroproiektuak.

Oharra: maiz agertuko den IIA-k Ingurumen Inpaktuaren Azterketa esan nahi du.

ARABAN:

1 Zaballa, Alerion Spain enpresarena. Gasteiz, Iruña Oka eta Kuartango hirietan. Hasita.
2 Zaldiaran, Alerion Spain enpresarena. Erriberagoitia herrian. Hasita.
3 Cluster Eolico Aramaio-Eskoriatza, Alerion Spain enpresarena. Aramaio herrian. Hasita.
4 Azazeta, Aixeindar SA enpresarena. Iruraiz-Gauna, Bernedo, Donemiliaga, Barrundia, Dulantzi eta Arraia-Maeztu herrietan. Martxan jartzeko.
5 Jarindo, Green Capital Power SL enpresarena. Aramaio eta Eskoriatza herrietan. IIA-ren zain.
6 Mendi, Green Devco Energy 5 enpresarena. Amurrio eta Orozko herrietan. IIA-ren zain.
7 Kastillo, Plauri Energy enpresarena. Legutio herrian. IIA-ren zain.
8 Miritxa, Green Capital Development enpresarena. Arratzua-Ubarrundia, Burgu eta Barrundia herrietan. IIA-ren zain.
9 Ferosca I, Ferosca Wind SL enpresarena. Aiara eta Laudio herrietan. IIA-ren zain.
10 Cluster Vitoria, Savanna Power Solar14, SLU enpresarena. Dulantzi eta Burgu herrietan. IIA-ren zain.
11 Cluster Gamarra I-VII, Premier Espf Ipaz Haizea, SL enpresarena. Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz hiriak. IIA-ren zain.
12 Cluster Eolico Gamarra VIII-IX, Premier Espf Ipaz Haizea 8, SL enpresarena. Arratzua-Ubarrundia, Gasteiz eta Burgu hiriak. IIA-ren zain.
13 Cluster Ali I-II, Premier Espf Ipaz Haizea11, SL enpresarena. Gasteiz hirian. IIA-ren zain.
* Labraza, Aixeindar. Oion herrian. Ez dakigu zergatik, ez da agertzen Legebiltzarreko zerrendan. Obra baimenaren eta jarduera baimenaren zain.

BIZKAIAN:

14 Larragorri, Grupo Capital Energy enpresarena. Orozko, Laudio eta Amurrio herrietan. Eraikitzeko Administrazio Bai-menaren zain.
15 Balmaseda II, Blue Viking Barbara, SL enpresarena. Balmaseda herrian, Kolitza mendizerran. IIA-ren zain.
16 Feroskana, Ferosca Wind SL enpresarena. Zeberio, Galdakao, Bedia eta Igorre herrietan. IIA-ren zain.
17 El Roble, Rapid Reaction Systems, SLU (Baywa Taldea) enpresarena. Galdames, Gueñes, Sopuerta eta Zalla herrietan. IIA-ren zain.
18 Jata Gane, Arena Power Solar 9, SLU enpresarena. Bakio, Lemoiz, Maruri-Jatabe, eta Mungia herrietan. IIA-ren zain.
19 Sollube Gane, Savanna Power Solar 19, SLU (Arena Power) enpresarena. Bermeo, Busturia, Arrieta, Meñaka eta Mungia herrietan. IIA-ren zain.
20 Bakio, Geu consultoría financiera SL enpresarena. Bermeo, Bakio, Mungia eta Meñaka herrietan. IIA-ren zain.
21 Lezezak, Alerion Spain SL enpresarena. Alonsotegi eta Barakaldo herrietan. IIA-ren zain.
22 Auzoa, Alerion Spain SL enpresarena. Alonsotegi eta Barakaldo herrietan. IIA-ren zain.

GIPUZKOAN:

23 Trekutz, Grupo Capital Energy taldearena. Urretxu eta Antzuola herrietan. IIA-ren zain.
24 Buruzai, Grupo Capital Energy taldearena. Azkoitia, Zumarraga eta Urretxu herrietan. IIA-ren zain.
25 Ikatz Gane, Enigma Green Power 26, SLU enpresarena. Hernani herrian. IIA-ren zain.
26 Basalgo, Arena Power Solar 10 SLU enpresarena. Eibar, Elgeta eta Bergara herrietan. IIA-ren zain.
27 Hernani I eta II, Premier Espf Ipaz Haizea, SL enpresarena. Amasa-Villabona, Tolosa eta Ibarra herrietan. IIA-ren zain.
28 Erreka, Repsol enpresarena. Hernani, Elduain, Berastegi, Arano eta Goizueta herrietan. Ez da agertzen Legebiltzarraren zerrendan. Madrilgo Gobernuari dagokio tramitatzea ez da ezagutzen zein den egungo egoera.

"Haize erroten portzentaje handi batek ukitzen ditu Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketako Zuzentarauetan bertan igarobide ekologiko gisa planteatuta dauden eremuak", Aitziber Sarobe

"Garbi geratu da proiektu hauetako batzuen kokapena eromen hutsa dela, sekulako txikizioa eragingo luketelako hegazti
nekrofago eta kiropteroengan, baina ez hori bakarrik, lurraldean itzelezko konpartimentalizazioa eragingo lukete, edo 'irla efektua'. Azpiegitura hauek ikaragarriak dira gurea bezalako eremu txiki baterako eta hain orografia konplexurako. Sekulako arrakalak sortuko lituzkete, paisaian ez ezik, habitat askotan. Hori frogatuta geratu da, batetik, Espainiako Gobernuak Itsaraz (Aramaio eta Eskoriatza artean) proiektuari emandako ezezko ebazpenean, eta bestetik, Jaurlaritzak  Piaspe proiektuari emandako ezezko ebazpenean", adierazi du Aitziber Sarobek.

Igarobideetan izango duten eragina neurtzeko zailtasunak

Sarobek adierazi du proiektu eoliko batek hegaztietan izango duen eragina neurtzeko badagoela zailtasun handi bat: migrazioa. Mundu mailako igarobidea da Euskal Herria, Pirinioen bidez Europarekiko lotura egiten duena. "Hemen migrazioak erabateko eragina dauka, horregatik da hain garrantzitsua leku hau. Eta migrazioaren gain horrelako azpiegitura batek izango lukeen inpaktua neurtzeko dagoen metodologia bera ere zalantzazkoa da: proiektuak aurkezten dituzten enpresek datuak jaso behar dituzte, baina datu horiek urtearen arabera oso aldakorrak dira. Gertatu ahal da urte batean hego haizearekin pagausoak eta birigarroak pasa eta pasa egotea, eta aldiz, gertatu daiteke eguraldi txarra egitea, eta basoetan pausatzea, edo oso goitik hegan egitea, paserik ez dela izan pentsaraziz. Ez dago ondo jasota migrazioa, ingurumen eraginen baitan, Euskal Herrian ze dimentsiotako fenomenoa den".

"Migrazioaren gain
eolikoen horrelako
azpiegitura batek izango
lukeen inpaktua neurtzeko
dagoen metodologia bera
ere zalantzazkoa da", Aitziber Sarobe

Eraginak ongi ebaluatzeko dagoen beste arazo hau ere azaldu du Sarobek: "Biodibertsitatea ez da ikertzen, horretan oso diru gutxi inbertitzen da. Esaterako, oraintxe egin du Naturtzaindia Elkarteak Gipuzkoako kiropteroen atlasa. Orain arte ez dugu jakin saguzarrak Gipuzkoan nola banatuta dauden. Eta egin den atlasa boluntario lanean oinarritutakoa da. Enpresek eolikoen makroproiektu batek ekarriko dituen ingurumen eraginak neurtzeko txostena egiten dutenean, pentsatu nahi dut saguzarren azterketak profesionalek egingo dituztela, baina ez dute zerekin konparatu. Hau da, ez daukagu behar besteko daturik ongi neurtzeko nolako kaltea izango litzatekeen". Zentzu horretan, Sarobek dio igarobide ekologikoek balio dutela oraindik behar beste ikertuta ez dugun bertako biodibertsitatea zaintzeko ere: "Ezagutzen ez ditugun hainbat biziduni, edo haien egoera ekologikoaz ezer gutxi dakigun espezieei ere aukera bat ematen die igarobide ekologikoak, habitat edo azalera horiek mantentzea ekartzen duelako. Gure ezjakintasunean, aukera bat eman diezaiogun ezagutzen ez dugun horri".

Urbasa-Andia eremu babestua da eta inguruan makroberriztagarrien hainbat proiektu aurkeztu dituzte.
Igarobide ekologikoak ikuspegi aldaketa dakar

Zer ikusten dugu natur eremua begiratzean? Ustiatu daitezkeen baliabide hutsak, edo guztion bizitzari eusten ari zaion eremua? Sarobek azaldu duenez, azken mendeetan asko aldatu da begirada, eta ikuspegi ezberdinak garatu dira, lurraren jabegoak ere eraginda: "Nafarroak eta Arabak oraindik lur komunal asko dituzte. Horietan badago lurrarekiko begirada bat, arnas luzekoa dena. Badago kontzientzia bat, eremu hori ez dela gaurko belaunaldiarena: aurrekoena izan zen, eta ondorengoei utzi behar zaie. Horrek ez du esan nahi lur horiek ez daudenik ustiatuta, baina ustiatzen dira, basogintzan esaten zen moduan, 'bat moztu eta hiru sartu', ulertuta guk eskubidea dugula bertatik onura ateratzeko, baina beste batzuei guk izan dugun eskubide hori errespetatzeko baldintzapean. Horrek guztiak lurraldearekiko begirada bat ezartzen du.

Gipuzkoan eta Bizkaian hori galdu genuen. Herri lurrak pribatizatu ziren, eta jabego horren ikuspegia oso momentukoa da, baina ez jabe pribatuen aldetik soilik, administrazioak ere lurraldearen ustiapena egiten du momentuko onuraren baitan, pentsatu gabe etorkizunean lurralde horrek zer erabilera edo zer zerbitzu –zerbitzu ekosistemikoak, esaterako– eskainiko dituen. Horrek eraman gaitu lurraldea muturreraino ustiatzera, garaian garaiko beharren arabera. Eta korridore ekologikoak dira momentu honetan daukagun aukera bakarra bizidunen sare konplexuak mantentzeko".

"Mugak aitortzea dakar
igarobide ekologikoak:
gure garapenak muga
batzuk dituela lurraldeari
begira, gainerako bizidunei
begira, bizitzaren
errespetuari begira", Aitziber Sarobe

Igarobide ekologikoen planteamenduak begirada hori aldatzen du. Sarobe: "Kontzeptu honek dakar lurraldeari begiratu eta esatea: hori ez da gurea, ez da egungo gizakiona bakarrik, eta ez da gizakiona bakarrik. Eremu hori guztia guztiona da eta inorena ez da! Lurralde osoa ez dago gaurko gizaldiaren momentuko beharren edo kapritxoen zerbitzura. Eta beraz, mugak aitortzea dakar igarobide ekologikoak: gure garapenak muga batzuk dituela lurraldeari begira, naturari, biodibertsitatearen kontserbazioari, gainerako bizidunei begira, bizitzaren errespetuari begira".

Gizakiok "bizidunen sareen menpekoak" garela oroitarazi du Sarobek, hau da, gure bizitza ere bioaniztasunarekiko dependentea dela. Beste hitz batzuekin, antzekoa dio Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legea-k: "Gure ongizatea eta etorkizuneko belaunaldiena ekosistema osasuntsuak kontserbatzearen mende dago. Ekosistema horiek uholdeak erregulatzen, berotegi-efektuko gasak xurgatzen eta muturreko gertaera meteorologikoetatik eta etorkizuneko pandemietatik babesten lagunduko digute".

Zentzu horretan, zera seinalatu du Sarobek: "Ez dugu asmatzen balioan jartzen bizitza. Hori larria da eta balioan kapitala jartzen duen sistema sozioekonomikoaren ondorio da: bizitza oinarritzen duten baldintzak zaintzeari utzi diogu. Asko urrundu gara naturatik; prozesu naturalekiko lotura eta ezagutza bera ere galtzeraino iritsita gaude; bizitzarentzat funtsezkoak diren baldintzak jada ez ditugu ezagutu ere egiten".

Ione Larrañaga Gorritxok egin du ARGIAren azaleko ilustrazioa.
Udaletatik hasteko beharra

"Uste dut ez ditugula lege txarrak. Baina legeak ez dira planifikazioetara eramaten, ez dira normatibetara ekartzen, ez dira garatzen"; hori da Saroberen ondorioa. Hain justu legeak zera dio (Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeari buruzkoa. IV. kapituluan, 27. artikuluko 3. puntuan) horri buruz: "Euskal administrazio publikoek igarobide ekologiko gisa balio duten eta iragazkortasun handiagoa bermatzen duten natura-ondarea eta lurraldeko elementuen identifikazioa jasoko dute lurralde-antolamenduaren tresnetan (...). Horren helburua izango da eremuen eta espezie-populazioen arteko kontektagarritasuna mantentzea edo lortzea, habitaten eta ekosistemen zatiketa saihestuz". Ez hori bakarrik, lege berak aurrerago (5. puntuan) dio aldundiek igarobideak berreskuratzeko ahalegina ere egin behar dutela: "Foru-organoek beren ezaugarri naturalengatik horrelako igarobide ekologikoetan egon daitezkeen lurraldeen leheneratzea sustatuko dute".

Igarobide ekologiko batean korrika doan orkatzarentzat muga administratiboak ez dira existitzen, eta agerikoa da igarobide ekologiko bat zaintzeko hainbat udal, aldundien eta gobernu autonomikoen arteko koordinazioa beharrezko dela Hego Euskal Herrian. EAEko energia berriztagarrien proiektu eta legeetan zentratu da kazetaria erreportaje honetan, baina Nafarroak Pirinioekin lotura egiten duten igarobide garrantzitsuak ditu, eta EAErekiko mugan ere igarobide garrantzitsuak ditu.

Eraginkorrena litzateke koordinazio hori goitik behera bultzatzea, baina Sarobek argi du hori ez dela gertatuko eta behetik gora egin beharko dela:"Zera lortu beharko genuke herritarrok: haien udal lurretan igarobide ekologikoa duten udalek izendapen hori hirigintza plan orokorretara eramatea, eta ondoren igarobide ekologiko horrek Aldundiaren –bera delako natur baliabideen kudeaketaren arduraduna–eta Jaurlaritzaren –bere planifikazioan jaso dezan– errekonozimendua jasotzea. Igarobide ekologiko bat, errekonozimendurik ezean, intentzio moduko batean geratzen da, eta aitortu behar zaio duen balioa, duen helburua eta beraz, salbuetsita geratu behar dela horrelako proiektuetatik".

Hori da, Saroberen ustez, herriz herri egiteko ariketa: "Udal batek bere lurzoru guztia planifikatu behar du. Eta planifikazio horretan, udal guztiek markatu behar lukete zer den natur kontserbazioari begira babestu behar dutena". Zestoako Udala lehen pausoa prestatzen ari da.

"Paisaiak ez du mugez ulertzen, ezinbestekoa da udalak elkarrekin planifikatzen hastea" Mikel Arregi (EH Bildu), Zestoako alkatea

Zestoako Udalean arau subsidiarioak berritzen ari zarete. Zein irizpide hartu duzue oinarri?

Zestoaren azaleraren %85 landa lurra denez, arautzerakoan guk lehenetsi dugun printzipioa izan da lehendik gizakiaren eraginpean dauden eremuak aintzat hartzea eta espazio naturalari eremurik gehiago ez kentzea, bere horretan uztea. Ikusi genuen 1970eko eta 1990eko hamarkadetan arau subsidiarioetan egin ziren aldaketetan “zorioneko” hazkundea lehenetsi zela eta horri buelta ematea izan da gure asmoa. Bide horretan, igarobide ekologikoaren figura ezagutzen genuen, hainbat talde ekologistarekin harremanak eta haiek aurkeztutako txostenak bagenituen.

Tarte horretan, Sañu gainean bost haize errotako Piaspe proiektua erori zitzaigun gain hori partekatzen dugun Zestoa, Azpeitia eta Errezil udalei. Horrek hautsak harrotu zituen herritarren artean, alegazioak sartu genituen... eta Jaurlaritzaren Industria sailaren Ingurumen txostenak, proiektua bertan behera utzi duenak, eremu hori igarobide ekologiko gisa kokatzen du. Hori baliatuta, gure asmoa da gure arauetan eremu hori igarobide ekologiko gisa jasotzea.

Zein urrats emango dituzue udal hirigintza planean igarobide ekologikoa jasotzeko?

Duela hilabete hasierako onespena eman genien testuetan ez da agertzen igarobide ekologikoaren aipamenik. Baina justu orain arau horiek jendaurrean daude, urtarrilaren 15 arte, eta Udalaren asmoa da, igarobide ekologikoa gehitzeko autoalegazioak aurkeztea, eta hartara arauen hurrengo dokumentuan igarobide ekologikoa jasota geratzea.

Udalak alegazioak ebatzi ostean, Jaurlaritzak lurralde antolaketako gida-lerroekin bateragarri dela ebatzi behar du, eta 7.000 biztanletik beherako herria garenez, azken argi berdea Gipuzkoako Foru Aldundiak eman behar dio. Prozedura administratibo horiek egiten urtebetetik gora pasatuko da.

Sañu gaina Azpeitia eta Errezil udalerriekin partekatzen duzue. Elkarlanerako asmoa badu Zestoako Udalak?

Bi udal horiekin harremanetan jarriko gara eta logikoena litzateke eremu horretako hiru udalerriotan izendapen bera jartzea gain horri.

Udalgintzan, orokorrean, askotan dugun sentsazioa da udal bakoitza bere kasa dabilela. Baina paisaiak ez du mugez ulertzen, ezinbestekoa da mugakide garen udalerriok elkarrekin planifikatzen hastea, etorkizunera begira ditugun erronkei, besteak beste klima larrialdiari, era koordinatuan aurre egiteko; eta zoritxarrez, orain arte ez da horrela izan.

Natur eremuari orain arte espazio asko kendu dizkiogu gure balizko ongizatea tarteko, eta nik uste hemen behintzat goia jota dugula. Guk ondoko herriekin hori egin nahi dugu eta iruditzen zaigu egingarria dela. Ondorengo belaunaldiei gure lurraldea ahalik inpakturik txikienarekin utzi nahi diogu eta igarobide ekologikoen bidez, etorkizunera begira naturari bidea egin nahi diogu.