argia.eus
INPRIMATU
Galderarik garrantzitsuena
Iñigo Martinez Peña 2025eko azaroaren 19a

Bilbotik Gasteizera gindoazen auto bidaian, eta gure solasaldian jakin-mina sortu zitzaigun zein ote den bizitzaren galderarik garrantzitsuena. Semeak Big Bangera jo zuen, unibertsoaren sorrerara, eta, hortik tiraka, hau bota zigun: “Zergatik existitzen gara?”. Horra hor, bere ustez, bizitzaren galderarik potoloena. Alabak, aldiz, identitatearen kezkara eraman zuen auzia: “Zerk egiten gaitu gu?”. Zentzu horretan, ispiluaren aurrean bizi dezakegun esperientzia bat gogoratu zigun: batzuetan oso arraroa izaten da norbere burua kanpoan islatuta ikustea, ez da hain erraza kanpoko irudi horretan errekonozitzea. Semearentzat, berriz, barregarria suertatu zen arreba nagusiak esandakoa, eta zirikatu egin nahi izan zuen: “Ni unibertsoari buruzko galdera erraldoiak egiten, eta zu ispiluen txikikeriei buruz ari zara?!”. Kattalinek, ostera: “Gauza gehiegi harrapatu nahi dituzu eta ez duzu gauza txikien sakontasuna ikusten. Horrela ez zara sekula galdera egokietara helduko”.

Nabarmentzen edo baztertzen ditugun galderek gure norabide biografikoa eta politikoa markatzen dute

Haien arteko eztabaida piztu zen, baina ez nuen lehia horretan sartu nahi izan. Dena den, zer pentsa eman zidaten: Danelek, umetxoagoa izanik, unibertsoaren zein bere buruaren sorrera dauzka buruan? Kattalinek, nagusitzen doan heinean, identitatearen eta irudiaren kezkak izan ditu gogoan? Izan ere, galderen pisuak gure momentu existentzialekin dauka zerikusia… Batxilergoko nire ikasle nerabe asko, adibidez, Albert Camusek Sisiforen mitoa-ren hasieran idatzitako zalantzarekin liluratzen dira. “Funtsezko galdera filosofiko bakarra dago: bizitza bizitzea merezi ote duen ala ez jakitea”. Baina garai historikoek ere baldintzatzen dituzte galderak: zein ote da gure garaiko galdera nagusia? Marina Garcés filosofo eta irakaslearen ustez, XX. mendeko ardatza hizkuntza izan zen; gai horrek piztu zituen galdera filosofiko gehienak. XXI. mendean, aldiz, gorputza dugu kezka nagusi, eta horretara bideratzen dira, oraingoz, garaiko galdera asko. Urgenteena, hala ere, kezka ekologikoa da. Hala adierazten du Filosofia amaitu gabea saiakeran: klima aldaketak eta planetaren lehorte larriak bigarren mailan jartzen ditu bestelako galdera existentzial, sozial eta politiko guztiak. 

Eta gu, bien bitartean, kotxean gindoazen, gure zalantzen bidaian… Edozein modutan, nabarmentzen edo baztertzen ditugun galderek gure norabide biografikoa eta politikoa markatzen dutela pentsatzen dut.