argia.eus
INPRIMATU
Antifak + flotilla = herri mugimenduaren batuketak
Itziar Moreno Martínez 2025eko azaroaren 19a

Irailean, genozidio sionistaren aurkako ez-ohiko nazioarteko ekintza kolektiboan, Gazara abiatu zen flotillan batu ginen munduko zapaldu ugari: estaturik gabeko nazioak, emakumeak, indigenak, Mendebaldeak menpeko dituen hegoaldeetakoak, askotariko sexu aukera eta generodunak, txiroak... Maiz gure ideiek etsaitzen gaituzten arren, hamaika jatorri, erlijio, arraza eta korronte politiko itsasoratu ginen elkarrekin; zergatik-eta xede berak bateratu gintuelako: Palestinara elkartasuna eramatearekin batera gure gorputzak jartzea, pairatzen duten garbiketa etnikoa salatzeko eta munduko gobernuei exijitzeko benetako neurriak hartu ditzaten, sarraskia gelditzeko.

Uste baino oihartzun eta eragin handiagoa izan zuen ekintzak, nola munduan, hala Euskal Herrian ere. Beste hainbat ekimenekin batera (Vuelta gelditzeko mobilizazio txalogarriak, kasu), irailean Palestinaren aldeko borrokak jauzi ikusgarria eman zuen gurean. Zergatik, ordea? Bada, zapalduon batuketak indarrak biderkatzen dizkigulako! Ondotxo jakin izan du hori botereak beti ezkero, eta horrexegatik saiatzen dira behin eta berriz herri mugimendua banatzen eta gure arteko sasiak sutzen; baita guk ziria irentsi ere!

Iraultza posible dela ameskeriatzat hartu daiteke, baina... historiak erakusten digu elkartzen garenean dugun ahalmena

Aurreko asteotan, bederen, sionismoa eta kapitalismoa laguntzat dituzten espainiar faxistak (txanpon bereko hiru aldeak) etorri ziren gurera; Gasteizera aurrena, Iruñera hurrena. Euren txakur leialen laguntza lotsagarria izan bazuten ere (Euskal Herrian, zoritxarrez, behialako ezagutzen duguna), jin ziren bide beretik alde egin behar izan zuten, ehunka gazteren ausardiak aurre egin zielako. Zerk eman dizkie ekimenoi tamainako indarra eta oihartzuna? Ene ustez, besteak beste, eta behingoagatik, ez(horren)berdinen arteko batuketak. Faxismoaren aurka euskaldunak bat garelako, ñabardurarik gabe. Zorionak eta eskerrak zuei, euskal gazteria, gure herria bizirik eta zutik dagoela erakusteagatik. Bide batez, esan, ereduak eredu, edonoren gaineko boterea esleitzen dion uniformea janzten duen nornahi dagoen artean, botere hori gehiegikeriaz (eta zigorgabetasunez) erabiltzeko eskumena izango duela. Ez da modelo kontua, sistema-egiturari dagokion berariazko arazoa baizik.

Flotillak munduan piztu zuen itxaropenak lorratza utzi du bere atzetik. Mundu mailako oinpekoon iraultza posible dela ameskeriatzat hartu daiteke, baina... historia zaharrak eta berriak erakusten digute elkartzen garenean dugun ahalmena. Zapalduon batuketa + desobedientzia = herri boterea = garaipena.