Data-zarta karta-jokoa kaleratu du ARGIAk, iraganeko gertakari, pertsonaia eta objektuak noizkoak diren asmatzea erronka. “Ihes egin dugu beti egiten diren kontakizun politiko-militarretatik, historia koloretsuagoa agertzea inportantea iruditu zaigu”.
100 karta ditu Data-zartak, eta karta bakoitzak gertaera jakin bat irudikatu eta deskribatzen du. Jolasaren funtsa da mahai gainean kartak ordena kronologiko egokian kokatzea, zer gertatu zen lehenago eta zer geroago asmatzen joatea – gertakariaren data kartaren atzealdean argitzen zaigu–. Pixkanaka, Euskal Herriko historiaren denbora-lerroa osatzea izango du helburu jokalariak, baina erne, mahaiaren gainean zenbat eta karta eta gertakari gehiago egon, orduan eta zailagoa izango da ez tronpatzea.
Denbora-lerro bat baino, maratila baten antza handiagoa du historiak, karten aukeraketaz arduratu den Josu Narbarte Hernandez arkeologoaren hitzetan: “Hainbat eta hainbat gertaera daude denboran etengabe txirikordatzen direnak, eta batzuen eta besteen arteko harremanak askotan nahasiak izaten dira”. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide ere baden Narbartek azaldu digunez, “irizpide bezala hartu dugun oinarri nagusia izan da ihes egiten saiatzea historiaren inguruan beti egiten diren kontakizun politiko-militarretatik, badirudielako historia dela gertaera politiko eta militarren segida bat, eta oso murriztailea da hori, historia koloretsuagoa agertzea inportantea iruditu zaigu, politiko-militarraz gain historia soziala, kulturala, hizkuntzarena, ingurumenarena…”. Hala, historia liburuetan protagonismo handiegirik ez duten pertsonaia eta pasadizoei egiten diete leku kartek. Bai lurraldetasuna, bai genero eta adin aniztasuna ere kontuan ditu aukeraketak.
"Iragana ezagutuz oraina ulertzeko, iraganeko iturriei egiten dizkiegun galderak aldatzen doaz, eta egiten ditugun galderen arabera, erantzunak ere aldatzen doaz"
Eñaut Aiartzaguenak ilustratu ditu kartak eta Amaia Egidazuk eta Iñaki Sanz-Azkuek hartu dute beren gain jolasaren eduki pedagogikoa. Guztira, bederatzi jolas proposamen egiten ditu Data-zartak –horietako batzuk bideo-tutorial bidez azalduta–. Gutxi gorabehera 10 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta historian gehiago murgildu nahi duenarentzat karta bakoitzean ageri den gertakaria sakonago jorratzen duen liburuxka eta galdera zirikatzaileak biltzen dituen Buruari eragin atala ditu.
Zuzenean galdetu diogu Josu Narbarteri: zenbat dakigu gure historiaz? “Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historiaren eta Geografiaren Didaktika irakasle naiz eta ikasleekin hizketan konturatzen naiz oraindik oso presente daudela historialarien artean gainditutzat jotzen diren hainbat kontzeptu, hala nola historia ulertzea segida politiko-militar baten gisan, eta pentsatzea kultura edo gizarte baten ezaugarriak homogeneoak direla, etapa historiko bat argiki definitu ahalko balitz bezala, baina historia aurpegi askoko errealitatea da”.
Eta zuk, irakurle, zenbat dakizu historiaz? Aperitibo moduan, jakingo al zenuke Data-zartan ageri diren honako kartak kronologikoki ongi kokatzen? Ekain eta Santimamiñeko labar-artea, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera, Irulegiko eskua, Itoizko kableen sabotajea, Lantarongo dama, Elbira Zipitria andereñoaren lehen klaseak, Orreagako gudua, Donemiliagako glosak, trikitiaren etorrera, Linguae Vasconum Primitiae liburua, Orioko balea, Larrungo tren ttipiaren inaugurazioa, Zugarramurdiko sorginen prozesua, Gernikako bonbardaketa, lehen Lore Jokoak, grapagailuaren asmakuntza, lehen Korrika.
Errelatoaren monopolioa
Euskal Herriko iraganean buru-belarri sartzeko 60 orritik gorako liburu interesgarria osatu du Narbartek, kartekin batera aurkituko duzuna. Jolaserako hautaturiko pasarte eta pertsonaia bakoitzaren inguruan sakontzen da liburuxkan, eta zorroztasunez hartu du arkeologoak zeregina, errelatoaren monopolioa konkistatzeko desiraren eraginez ikuspuntu oso ezberdinak iristen baitzaizkigu batzuetan, gertakari beraren inguruan. “Ezin dugu pentsatu historia dela iraganeko gertakari multzo bat, zeina modu jakin batean gertatu zen, eta historialariak horiek hartu eta bere horretan kontatu behar dituela. Ez du horrela funtzionatzen –dio Narbartek–. Informazio iturriak oso zatikatuta egoten dira (idatzizkoak, ahozkoak, arkeologikoak, toponimia, elementu materialak…) eta ematen digute iraganari buruzko ikuspegi zatikatua. Historialariaren lana da horiek guztiek iraganeko gizarteei buruz ematen dizkiguten pistak aztertzea. Baina gainera, gaurko ikuspuntutik egiten dugu, historiak balio digu iragana ezagutuz oraina ulertzeko, eta oraina ulertzeko dugun behar horretatik abiatuta, iraganari egiten dizkiogun galderak beti berriak dira; iturriei egiten dizkiegun galderak aldatzen doaz, eta egiten ditugun galderen arabera, erantzunak ere aldatzen doaz”.
"Ikasleekin hizketan konturatzen naiz oraindik oso presente daudela historialarien artean gainditutzat jotzen diren hainbat kontzeptu, adibidez pentsatzea kultura edo gizarte baten ezaugarriak homogeneoak direla"
Atzera begirako maratila eta txirikorden artean, garaien arteko trantsizioak iruditzen zaizkio Narbarteri erakargarrienak. “Antzinatean erromatar mundua nolakoa den oso ongi ezagutzen dugu, baina gainbehera datorrenean zer gertatzen den ez dugu hain ongi ezagutzen, eta trantsizio horretan gertatzen diren aldaketak, garai ilun horiek, oso-oso interesgarriak dira. Ondoren dator Erdi Aroa deitzen dugun garaia, eta bukatzen da krisi erraldoi batekin, XIV. mendean, eta hor daude gorabehera ekonomiko eta sozialak, aldaketa klimatikoak, izurriteak… baina horiek guztiek elkarri nola eragin zioten ez dakigu, berdin Burdin Arotik Erromanizaziorako pausoa, kolonialismoaren hasiera, kapitalismoaren hasiera… Trantsizioak kitzikagarriak zaizkit”.
Historiaurretik hasi eta Aro Garaikideraino, 100 karta eta 100 pasadizo aurkituko dituzu Data-Zartan. Zein da Josu Narbarteren karta kuttuna? Abaunzko mapa, “Ultzaman, Abaunzko kobazuloan agertu zen objektu oso ezezaguna delako, eta ez garelako kontziente zer nolako altxorra dugun ikusgai Nafarroako museoan: Abaunzko mapa da Paleolitoan egindako mapa bat, kobazulo horretan bizi ziren pertsonek egina, ehizara joateko jarraitu behar zituzten bideak eta animaliak non zeuden irudikatzeko”. Dakigula, gizakiak egin duen mapa zaharrenetakoa da, azaldu digu arkeologoak, “eta hori kartetara ekartzea ariketa ederra izan da niretzat”.
Eskuratu jolasa ARGIAren Azokan sartuta.
.jpg)