Sostengatu gaituenarekiko haustura eta haren ostekoak kontatzen ditu Danele Sarriugarteren beste zerbait (Consonni, 2025) eleberriak. Forma eta eduki askotako testuak jasotzen ditu eta, Iratxe Retolaza editoreak Donostiako Garraxi tabernan egindako aurkezpenean aipatu moduan, espektatibei ukoak zeharkatzen ditu bai liburuaren gaia, bai idazketa-ariketa bera. Zaldibarko (Bizkaia) Xerra espazioan batu gara egilearekin, lanak gordetzen duenean sakontzeko.
Lehenengo orrian bertan argitu diozu irakurleari "idazketa-ariketa" dela hau, ez "errealitatea". Izan ere, testuetako askok gertakari errealen dokumentazioak dirudite.
Zita hori jolas-asmo batekin jarri nuen hor, agian baita probokazio-puntu batekin ere. Halako jakinarazpenak egiteko konbentzioa beti egin zait barregarria. Baina, bestalde, idazketa-ariketa azpimarratzea Annie Ernauxekin ere bazegoen lotuta, hark idazketa deitzen diolako egiten duenari. Sistematizatzeke daukadan gaia da nola ikusten dudan nik fikzioa, errealitatea eta idazketaren arteko lotura. Edonola, gai gatazkatsua da, uste denean liburu bat errealitateaz ari dela, ahaztu egiten dugulako liburu bat beti izango dela liburu. “Egiaz” gertatu diren gauzen inguruan idazten baduzu ere, hori idazketa da, eta ez da errealitatea. Errealitatea... Ez dakit esaten errealitatea zer den. Orduan, batzuetan iruditzen zait direla oso kontzeptu handiak eta aldi berean jendeak nahi izaten duela jakin ea liburua “egia” edo “fikzioa” den. Eta horrekin oso deseroso sentitu naiz beti. Proposamen estetiko bat da.
Kontraesana bilatu nahi nuen: errealitatearekiko antzekotasun oro kasualitatea dela esan eta gero errealitatean nire izenean sinatu ditudan zutabeak erabili. Izan da nire modua esateko: ustez egia dena ere ez da egia, ez da inoiz egia osoa izango, liburu bat baita. Oroitzapen bat kontatzen duzunean ere, hori ez da egia osoa. Idazten duzunean sortzen da; bestela, oroitzapen hori zure gorputzean dago. Ez dauka berezko entitate bat, idazketak ematen dio hori.
Testuotako batzuk bazeuden argitaratuak aurretik ere, iritzi-artikulu formatuan, adibidez. Idatzi zenituenean, hala ere, bazeneukan buruan liburu batean amai zezaketela? Zein izan da idazketa-prozesua?
Kontua da hasi nintzela nabaritzen testuak eskatzen zizkidatela eta, hasteko, baietz esateko gogoa neukala. Eta, gero, idazten nituen gauza horietan bazeudela antzekotasun batzuk, errepikatzen zirela gaiak, kezkak, eta, batez ere, tonu orokorra. Eta momentu batean nahi izan nituen bildu eta liburu bat egin. Hala ere, ez da izan liburuari begirako prozesu kontzientea: hori amaiera aldera etorri da, Iratxerekin [Retolaza] testuak lantzen eta mozten hasi nintzenean, iazko udatik hona.
"Denborak eman dit distantzia bat ere, eta horrek erraztu egin dit beldurrik gabe aritzea horri buruz. Zegokion momentuan idatzi dut"
Berria-ko zutabeak sartzea, esaterako, gerora etorri zen gauza bat izan zen, ezin bainuen aurreikusi horretarako deituko zidatenik liburua idazten hasi nintzenean. Baina konturatu nintzen, formatu horretan idazten nuenean edo fikziorantz hurbiltzen nintzenean, ahotsa ez zela hain-hain desberdina, edo bazela nolabait antzekoa ni nola jartzen nintzen hori idaztera. Eta ahots horiek bildu nahi nituen. Ahots desberdinak dira, baina begirada partekatzen dute.
Lana modu erabatekoan kokatzen da gaur egunean: orainaldia deskribatu eta haren zenbait alderdi problematizatzen ditu, baita horien aurreko alternatiba batzuk proposatu ere. Hortaz, esan liteke oraina kontatzeaz gain, hura eraldatzea bilatzen duela, ez?
Nahi nuen liburua proposamen bat izan zedin. Hori bada orokorrean egin nahi dudan zerbait, bai herritar gisa, eta bai ahots bat eta leku bat dauzkan idazle gisa ere.
Horrez gain, Iratxek aipatzen zuen, liburu barruan oso sentipen garrantzitsua den amorruaz aparte, amultsutasuna ere agertzen dela, eta komunitatea ere bai. Eta hori kontzientea izan da. Igual ez neukan buruan hitz horiekin, baina agerrarazi nahi nituen egoteko beste modu batzuk, batzuk eroso sentiarazten gaituztenak, deseroso sentiarazten gaituztenez gain. Eta uste dut, gainera, batere bakarrik idatzi ez dudan liburu bat dela. Azkenengo urteetan bakardade asko eduki dut, baina baita akonpainamendu handia ere, eta nahi nuen hori liburuan agertzea.
Hemen zuzenean agertzen ez den baina testu honekin lotura daukan beste bat da Poperra, afterra, utopia [narrazioa, 2023-2025 bitartean Miren Narbaizarekin batera egindako izen bereko emanaldia ardazten zuena]. Asko biratu dugu testu hori, eta modu agerikoan zen komunitate batentzako idatzia, eta nahi nuen hori liburuan ager zedin. Beraz, zuk eraldatzeko asmo hori aipatzen duzun lekuan, uste dut badagoela proposamen bat. Erraiak-en (Elkar, 2014) eta Azala erre-n (Elkar, 2018) bazegoen, batez ere inplizitua zen arren, asmo bat esateko: “Beste era batera egin daitezke gauzak”. Eta hemen saiatu naiz hori pixka bat gehiago garatzen eta uneak sortzen non gauzak beste era batera egiten diren.
Euskararen aurreko jarrera zenbaiti kritika egiten die liburuak eta, horrez gain, “euskara ez-bitarra” deitu duzuna darabil.
Euskara ez-bitarra planteatzen dut, ez genero bitarretik kanpoko errealitateei erantzuten dien hizkuntza-erabilera bati lotuta –nahiz eta hori lantzea oso garrantzitsua iruditzen zaidan–, baizik eta adierazteko euskara bat baino gehiago dagoela liburuan. Nik euskara bat baino gehiago hitz egiten dut, eta, beraz, proposamena ez da euskara mota bat, baizik eta toki eta egoera bakoitzean euskara mota bat baino gehiago dagoela onartzea.
Ibai Atutxak, harekin batera egiten dudan Basilikako Formaedukia izeneko podcastean, aipatu zuen nola orain arte apustu nagusia izan den euskaraz egitea den-dena, edukiko bagenu bezala egoera bat non dena euskaraz egin daitekeen. Orain heltzen ari dira beste apustu batzuk, diglosia beste nolabait islatzen dutenak, Jone, batzuetan (2025) pelikula da adibide bat, edo Miren Amurizaren Pleibak (Susa, 2024).
Nahi nuena zen, batetik, onartu eta islatu nola hitz egiten dugun; euskañolez, nahi bada. Ez euskañolez hitz egin behar dugunik esatea, baizik eta adieraztea hala egiten dugula batzuetan. Eta euskara jasoan ere hitz egiten dugu, nik neuk, behintzat, askotan. Badakit “Lekukotasuna” izeneko atalek kanpoan utz ditzaketela irakurle batzuk –gaztelaniaz mintzo ez direnak, beste belaunaldi batzuetakoak…–, eta ez nuke nahi haiekiko errespetu faltatzat har dadin. Erregistro hori ere bildu nahi nuen, eta erabakiaren ifrentzua da, onartzen dut.
Kontrakarrean, nahi nituen “euskara ez da arazoa” bezalako testuak sartu, hizkuntzen arteko desberdinkeriak azpimarratzeko botere-harreman soziopolitikoen markoan, eta ez berezko gauza bat balira bezala. Hau da: euskara ez dela beste hizkuntzak baino gutxiago berez, denetik egin daitekeela harekin. Izan ere, nire sentsazioa izan da askotan nahi dela euskara gaztelania izan dadin. Eta ez da. Hori guztia nahi nuen jarri mahai gainean.
"Gauza batzuk gordintzat jotzen dira, uste delako ez liratekeela kontatu behar"
Hizkuntzaz gain, idazteaz, literaturaz eta literatur sistemaz ere hausnartzen du liburuak. Idazle emakumezko edo genero disidenteei begiratzen zaien moduari lotutako bizipen, min eta kritikak azaltzen dira. Askotan aipatu ditugu elkarrizketa pribatuetan; baina paperean jartzeak beste pisu bat ematen die.
Uste dut, munduan gauden bezala, eta ni naizen pertsona izanda eta gizarte honetan daukadan lekua edukita, niri dagokidana, zintzoena dela esateko daukadana esatea, ekarpen bat egin badezake. Eman dezakedan hori ematen saiatzen naiz, uste dut hori dela nire ardura. Eta uste dut hau esateko neukala. Esan dut beste hainbat modutan, aspalditik ari naiz horretan. Baina falta zitzaidan formatu honetan esatea, eta puntu honetatik. Ez duzulako berdin esaten zeharkatzen ari zatzaizunean. Momentu asko pasa ditut arlo horretan neuzkan bizipenen harira, eta orain uste dut bazegokidala hau esatea.
Horrez gain, islatu nahi nuen, batetik, Virginie Despentesek dagoeneko esan zuela hau, nik 5 urte nituela, King Kong teoria-n (Elkar, 2017) Baise-moi (“Jo iezadazu larrua”, Florent Massot, 1994) argitaratzean jaso zuen erreakzioa kontatzean. Hari gertatu zitzaiona gertatu zitzaidan niri, eta beste batzuei ere gertatuko zitzaien ni jaio aurretik... Esanda dago, eta soka baten barruan kokatzen naiz.
Esateko beharra neukan beste gauza batzuetara igaro ahal izateko. Galizian idazketa-egonaldia egin nuenean konturatu nintzen bazela atera behar nuen zerbait, baina, aldi berean, ni ja ez nengoela hor. Liburua izan den biltze-prozesuan 2021etik hona idatzitako testuak daude, eta gauza batzuk ja ezin nituen gaur egunean kontatu, baina esatea zegokidala iruditzen zitzaidan. Eta hau horietako bat da.
Denborak eman dit distantzia bat ere, eta horrek erraztu egin dit beldurrik gabe aritzea horri buruz. Zegokion momentuan idatzi dut.
Uste dut, gainera, beste era batera adieraz dezakezula, baina sistema literarioan liburu batean jartzea dela ukaezin egiten duena.
Bai, uste dut beste erantzukizun bat eskatzen duela.
Argitaratu zenean gordintzat hartu zen liburu bat aipatzen da behin eta berriz. beste zerbait ere hartuko dute batzuek gordintzat agian. Zeri deitzen dio literatur sistemako hegemoniak “gordin”?
Ez dakit esaten! Niri iruditzen zait oso gauza gogor eta zatarrak gertatzen direla bizitzan. Oso momentu zatarrean bizi gara, eta kristoren injustizia dago leku askotan eta etengabe. Testuinguru horretan, gauza batzuk ikusi edo irakurtzea gogorra da. Nik irakurtzen dudanean liburu bat Palestinaren historiari buruz, oso gogorra egiten zait, baina gogorra iruditzen zait, ez kontatzea bera, baizik eta gertatu izana. Batzuetan, deseroso sentiarazten gaituzten gauzak irakurtzen ditugunean, eta, batez ere, gu tartean egon eta ez dugunean geure burua leku politean ikusten –historia kolonialarekin, adibidez– zaila egiten zaigu. Baina iruditzen zait injustua dela hori kontatzeari botatzea errua, eta arazoa izan dadila hori adieraztea, eta ez hori gertatzea.
Ez dakit hori den euskal literaturaren eremuan gertatzen dena, baina badirudi batzuetan gordintzat jotzen dela gauza batzuk kontatzea, ez gezurrak direlako, baizik eta uste delako ez liratekeela kontatu behar. Eta niretzat arazoa gertatzea da, ez kontatzea. Ez liratekeelako gertatu behar.
Gordin etiketa beste kasu batzuetan erabili da, eta genero-irakurketa argi bat dago hari lotua. Uste dut zerikusia duela jende jakin batek gauza jakin batzuk modu jakinean kontatzearekin. Eta badago hitz egitea niri baino gehiago zigortzen zaionik, baina erreakzio-mota bat dela esango nuke. Arazoa da erreakzioa izatea, “zergatik kontatu du?”, eta ez, “hara, hau gertatzen ari da?!”.
Liburuak beste zerbaiten alde egiten du. Zer da zerbait hori?
Badago erreferentzia kultural argi bat liburuan aipatzen dena: J Martinaren kantua [Beste zerbait, 2020]. Izan ere, nago kantu horrek oso ondo gordetzen duela adierazi nahi nuena. Popperra, afterra, utopia-n ere agertzen da ideia: ipuinak hiru atal ditu, eta bigarrenean, orainaldiari dagokionean, pertsonaia jai batera doa, eta hor badago promesa-giro bat, etortzeko dagoenarekiko ilusio edo esperantza bat. Beste zerbait izan behar duelako sentsazioa; honek ezin baitu dena izan. José Esteban Muñozek Utopía queer (Caja negra, 2020) liburuan ere lantzen duen ideia bat da. Ez da ezer konkretua, aldarte bat baizik. Baina aldarte hori da niri gogoa argitzen eta zorrozten didana, sinetsarazten didana banaizela miseriatik at bizitzeko gai.