argia.eus
INPRIMATU
Berriketa gutxi
Konoak
Imanol Epelde Pagola 2025eko azaroaren 12a

Saihesbide bat hasi dira egiten Zarautz irteeran, industrialdera herritik pasa gabe joateko. Han ireki berri dituzte Mercadona eta Lidl. Lurrazal egokia etorkizunean McAuto bat, Aldi bat, Carrefour Express bat, bi gasolindegi berri eta bolatoki bat irekitzeko. Zerbait esatearren.

Trenbidean oinezkoen pasabideak berritzeko obrak orain gutxi bukatu zituzten. Amalur parkearen azpian parking bat egiteko zurrumurruak zabaldu dira, itsas pasealekua metro erdi igo nahi dute olatu handiei erantzuteko, kontuan izan gabe Zarautzen eraikitzen ari diren etxe dorre guztiak. Geure egin ditugu garabiak, hormigoi kamioiak, dumperrak. Zuloak, zarata, hautsa.

Gaitz erdi gure herriko kontua bakarrik balitz! Bi errei zituen A8ak. Hiru ditu orain zati askotan. Durango-Bilbo bidean ederki ikusten da AHTaren orbaina mendian. Orain, hirugarren erreiaren ondo-ondoan beste bide bat ari dira egiten. Pirinioetara lehenago eta erosoago iristeko A21 autobidea dugu tunelez eta biaduktuz betea, A15a daukagu Ultzaman onddoak biltzera azkar eta disimuluan joateko, A63a txukun mantendu beharra dago Ikea bakarra izan ez dadin Barakaldokoa.

Konoak gara behe-laino artean. Autobideetan, bide bazterretan, parkeetan. Laranja eta zuri. Horiek dira gure koloreak, ez Athleticenak. “Innovation Land” gara. Berritzen den guztia, berritu orduko, zahar bilakatzen den lurraldea.

Europan, urtean gutxi gorabehera 1.500 km² lur natural eta nekazaritza-lur galtzen omen da. 600 futbol-zelai inguru asfaltatzen da. Egunero. Ogia erostera ere autoan joan nadin. Ondorioa argia da: zenbat eta kono gehiago, orduan eta oparotasun handiagoa. 

Gero eta konplikatuagoa zait bizitza on bat imajinatzea kontsumo materialean eta etengabeko hazkundean oinarritu gabe. Saihesbide bat hasi dira egiten Zarautz irteeran. Saihesbideari saihesbidea jartzen asmatzea, hori bai litzatekeela “innobatzea”. Hemen ez bada, ea asmatzen duten Brasilgo Amazonian, COP30 goi bileran.