argia.eus
INPRIMATU
BeƱat Bidegain. Begietan dirdira
“Kostatu zait onartzea mina nik eman diezaiokedala nire buruari”
  • “Zein intentsitate maila nahi duzu?”, galdetu dit Beñat Bidegainek irribarrea ahoan, mahaiaren bueltan eseri berritan. Maite dut pentsatzeko denbora hartzen duen jendea eta hala aritu da Bidegain: galdera planteatu dudanetik erantzuna eman didan arteko isilunea minutu batera ere heldu da uneren batean. Mahl Kobat izen artistikoaz atera du diskoa aurten: Zelan apurtu pertsona bat.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2025eko azaroaren 12a
Argazki: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

 

Beñat Bidegain Lekue. Ondarroa, 1997

Ez du atxikimendu berezirik jaioterriarekin. Pedagogia ikasketak egin zituen lehenengo eta magisteritzakoak ondotik, heziketa berezian espezializatuta. 16 urte zituela hasi zen gitarra jotzen eta bi proiektutan hartzen du parte egun: Dena taldean baxu jotzaile gisa eta Mahl Kobat izenarekin bakarka. Betepaeta kolektiboaren parte ere bada.

Hasi baino lehen, eskatuko dizut hauta dezazula elkarrizketa hau esku artean duenarendako disko bat, irakurri artean musika hori fondoan izan dezan.
Burura etorri zait zer edo zer instrumentala izan behar duela. Nik irrati-kasetea erabiltzen nuen lehen eta Keu Agirretxearen Ganbaratik diskoa jartzen nuen DBH garaian ikasi bitartean entzuteko. Hori aukeratuko nuke.

Zelan apurtu pertsona bat du izena zure bakarkako proiektuaren lehenengo diskoak. Horretarako jarraibideak al dira kantuak?
Nik ere zalantza dut horrekin. Ez dakit titulua bera galdera bat den ala baieztapena, ez dut argi. Eta horrek laguntzen dit ere etorkizunera begira proiektuari segida emateko. Horri erantzuten segitu ala ez erabaki dezaket.

Ez dut uste disko honetan erantzuna dagoenik, baina niri lagundu dit neure burua apurtzen. Eta horrekin esan nahi dut lagundu didala agian lehen onartzen ez nituen gauza batzuk, neure buruari kalte egiten diotenak, identifikatzen: izan autosuntsiketa, izan prokrastinazioa…

Zuzenekoan ere ikusi zaitut apurtzen.
Beti apurtzen naiz, baita negar egiten ez dudanetan ere. Hori izan da kantuak diskoan sartu ala ez erabakitzeko irizpide bat. Diskoan sartu ditudan kantu guztiak izan dira apurtu nauten kantak. Sortze prozesuan negar egin dut kantuak sortzen, horregatik sartu ditut diskoan, hori izan da erakarri nauen elementua.

Bi urte inguruko blokeo bat izan nuen, non ez nuen sortzen. Asko inspiratu ninduen kontzertu bat ikusi nuen, Moxal-ena. Gitarra hartu nuen hurrengoan bi akorde jo nituen elkarren ondotik, negarrez hasi nintzen eta hori izan zen filtroa “bai, hau diskora doa” esateko. Diskoko laugarren kantua da, Leihoak ispiluekin egitearena.

"Nire negarrak deserosotasuna sortzen badu beste batengan, berak errebisatu beharko du zerk jartzen duen deseroso eta zergatik"

Berdin zahartu al dira kantu guztiak hilabeteotan? Denek apurtzen zaituzte oraindik?
Ez. Denboran distantzia handia dago kanturik zaharrenetik berrienera. Zaharrenak bost urte ditu eta berrienak urtebete, diskoa grabatu aurreko asteetan egin nuen.

Desberdin heldu da bakoitza orainera. Gaur egun oraindik oso modu indartsuan bizi dudan kantua da Auman kanti, atxitxai. Oso presente daukat amona, egunerokotasunean ikusten dut eta berdin jarraitzen du. 90 urte ditu eta badira urte batzuk oso eguneroko monotonoan murgilduta dagoela. Gauzak ahaztu dituela uste dugu etxekook batzuetan eta zorotzat jotzen dugu, baina ez da horrela. Guztia nahastu zaio eta nik argi daukat ulertu behar dugula nondik datorren nahaste hori: zaintzari eskaini dio bizitza, aitona hil zenetik denbora gehiegi izan du berarentzako eta ez du jakin izan nola bete.

Etxean geratu da, eta zurrunbiloan bezala joan da hondora. Nik argi dut: ez du ezer ahaztu, soilik nahastu egiten zaizkio gauzak. Uste dut amona zaintzeko gakoa dela bera uneoro eroso sentiaraztea. Gustura erantzungo diot hamargarrenez gaur ez dudala lanik, berak hamargarrenez galdetzen badit. Kantuan aipatzen dudan guztia oraindik hor da.

Argazki: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Bada oso presente bizi duzun beste kanturik?
Azken aldian diskoko azkenak, Komune, 02:00am-k, kontatzen duen pasadizoa ari naiz berriz bizitzen: gauez esnatzen naiz, komunera joaten naiz eta krisi existentzial batean sartzen naiz. Edukitzen dudan sentsazioa da egunak ez direla pasatzen, leku berean nagoela egunero. Denboraldi batez horretan erori gabe egon naiz, baina azken bi hilabeteetan berriz itzuli naiz.

Kantu berririk egin duzu?
Ez. Banuen zer edo zer kontatzeko asmoa eta disko honetako azken kantua idatzi nuenean, konturatu nintzen momentu hartan kontatu nahi nuena kontatua nuela. Pentsatzen dut nire autosuntsiketarekin lotuta oso inportantea zela gaueko pasadizo hori, sentitzen dut oso ondo lortu nuela nahi nuena transmititzea eta diskoa itxitzat eman nuen.

Hasi naiz zerbait sortzen José Gonzálezen Line of fire kantuko esaldi batetik tiraka, esaten duena: “convince yourself to be someone else”. Hau da: “konbentzitu zeure burua beste norbait izateko”. Lotura ikusi nion lehenengo diskoarekin, ahots bi egote horrekin: nire barruko ahotsa eta nirea. Baita horien arteko jokoa ere. Hortik hasi naiz kantu bat idazten, baina ez dut sortu oraindik.

Kontzertuetan apurtzen ikusi zaitut eta inoiz publikoko inor horregatik deseroso ere bai.
Nik nahikoa ardura hartzen dut jada nire burua kudeatzen eszenariora igotzen naizenean. Ni ez naiz performatzera igotzen, ez naiz igotzen “negar egin behar dut” pentsatzen. Hori da kantuek sortzen didatena: negarra eragiten badidate negarra eragiten didate. Eta nire negarrak deserosotasuna sortzen badu beste batengan, berak errebisatu beharko du zerk jartzen duen deseroso eta zergatik.

"Autosuntsiketaren onarpena da. Beste zerbaiti leporatzen diot ni apurtzea, baina ez, neu naiz neure burua apurtzen duena"

Niretzat oso diferentea da kontzertuak ematen dituen musikari bat, edo bereaz aparte, beste batzuenak entzun eta antolatzen ere aritzen dena. Betepaeta kolektiboan zabiltza zu, besteak beste.

Bai. 2022an sortu zen Betepaeta. Gu baguz, zu zeatxik ez? proiektua izan zen aurrekarietako bat, Beñat Eizagirrek sortu zuen eta gero ni ere harekin hasi nintzen. Ondarroako agenda musikala zen hasiera batean eta kontzertuen kronikak ere egiten genituen.

Ondarroan kontzertuetan “beste bat” eskatu beharrean “gu ez guz, zu zeatxik zuz?” esaten dugu, eta horri keinu eginez sortu zen Gu baguz, zu zeatxik ez?, somatzen genuelako kontzertu askotara ez zela jenderik joaten kasik. Gazte mugimenduan genbiltzan gu eta ikusten genuen gaztetxean ere ez zela ia kontzerturik antolatzen. Gu asko mugitzen ginen Euskal Herrian barna kontzertuz kontzertu eta, halako batean, esan genuen: “Jo, orain arte gure herrian edo eskualdean lekurik izan ez duten taldeak ekarri behar ditugu eta saiatu behar dugu sortzen kontzertuetara joateko ohitura, kontzertuak beste modu batean ikusteko”. Sortu nahi genuen kontzertuetara joateko kultura hori, taldea ezagutu gabe ere joatekoa.

Baina kontzertuak antolatzetik harago doa Betepaetaren jarduna.
Bai, beste ardatz batzuk ere hartu ditu gerora. Jendeak kontzertuetara etortzeko ohitura hartu duenean beste erronka batzuk planteatu ditugu. Handiena espazio seguru bat bermatzea da, bai entzuleentzako, bai artistentzako, baita antolatzaile gisa gauden kolektiboko partaide guztientzako ere. 

Horrez gain, iaztik autoekoizpenetarako zigilu gisa ere martxan dago. Elkarri laguntzen diogu diskoak editatzen-eta. Alderdi ekonomikoa alde batera utzi eta talde bat kudeatzeak dakarren gainontzeko guztia lantzen dugu elkarrekin. Talde baten indibidualtasunetik irten eta ardura horiek modu kolektiboan hartzeko helburuz. Ni, adibidez, nire proiektuan bakarrik nago eta asko eskertzen dut horiek eman didaten laguntza guztia, hartu dituzten ardurak diseinatzeko, Bandcamp-ak sortzeko…

Zein garrantzia dute kantuetan hitzek? Batzuk ez dira zureak.
Mahl Kobat proiektua konfinamendu garaian hasi zen, Labadorin kanti-rekin. Martin Bidaurren Itzulera poema liburua irakurtzen ari nintzen, blokeo musikal handi batean nengoen, neure buruari proposatu nion kantu bat sortzen hastea eta letra hau markatua nuen liburuan. Emozionalki oso ondo nengoen momentu hartan, baina zerbait dela-eta begia jota nion horri. Hortxe zehaztu nuen proiektuaren norabidea.

Kantu hau oso landutakoa da, gitarra batez ere, moldaketa asko egin ditut. Kantua egin eta urtebete pasa arte ez nuen besterik sortu, horrekin bakarrik eman nuen urtebete bueltaka eta letra horrek bideratu ditu beste guztiak ere hortik: iruditegia, proiektuaren izaera…

Nor nork II abestiko hitzak Izaskun Igoarenak dira. Oso lagun handia dut eta letra hori asko lotzen dut harekin eta nirekin. Gogo handia nuen Izaskuni bere letra batekin kantu bat egiteko, sentitzen nuen merezi zuela. Itziar Ugarteren Etorkizuna irakurri nuen momentuan pila bat lotu nuen proiektuarekin: etxe barruko iruditegiarekin lotzen nuen, Martin Bidaurren poema bezalaxe.

Gainontzeko letrak zureak dira.
Bai, eta horiek ere garrantzitsuak dira. Ahalegindu naiz transmititzen ondo egon ez naizenetan zelan egon naizen. Eta bada elementu inportante bat diskoko lehenengo eta azken kantuetan agertzen dena, ahots bat. "Norbait sartu zait gorputzean” esaldiarekin hasten da diskoa, ni eta nire barruko ahotsaren arteko dikotomia hori irudikatzen. Diskoa ere ahots horrek ixten du: “nola jakin, zu ere neu bazara, nork egingo duen zure alde?”. Autosuntsiketaren onarpena da. Beste zerbaiti leporatzen diot ni apurtzea, baina ez, neu naiz neure burua apurtzen duena. Nire barruko ahotsa eta ni bat gara. Nahiz eta batzuetan berari botatzen diodan errua.

Nahiko sakona, ezta? [Barreak].
Letra horiek ez ditut sekula azaldu, baina oso lasai geratu nintzen eta, lehen esan dudan bezala, horregatik utzi nuen hor diskoa, esan nahi nuena esana nuelako.

Ez da gutxi.
Ez.

“Txarra kenduta, ongi” erabiltzen da, baina “txarra kenduta, sinmas” kantatzen duzu zuk.
“Zelan?” oso galdera faltsua da. Ez zait batere gustatzen jasotzea, baina benetan erantzutea gustatuko litzaidake. Benetan erantzuten dudanean zelan naizen, gusturago nago. Eta horren aldarrikapena da pixka bat “txarra kenduta, sinmas”. Horrela delako batzuetan, momentu batzuetan ez dago onik eta ez dena esateak ez du zentzurik.

Disko erdian sartuta, izan daiteke grazia egiten ahal duen elementua, espero ez den zerbait, baina ez da bromatan.

“'Zelan?' oso galdera faltsua da. Ez zait batere gustatzen jasotzea, baina benetan erantzutea gustatuko litzaidake"

Dena taldean ere aritzen zara, beste bi lagunekin. Badakit hiru gizonezkoren talde gisa hausnarketa duzuela egina, besteak beste, oholtzan egoteko moduaz.
Beñatek [Beñat Eizagirre, Dena taldeko kidea] letra batean kantatzen du horren inguruko zerbait, berak hausnartutakoa. Esaten du “zein toki dudan kentzen, ni hona goraino igotzean”, hau da, ni hona igotzen naizenean nori ari natzaion kentzen lekua.

Bide horretatik, asko zaintzen dugu, adibidez, lurraldetasuna. Ez dugu eskualde berean jotzen hilabete gutxiko tartean eta hori ere bada hainbeste espazio ez hartzea. Ondarroan jo badugu abuztuan, ez dugu Mutrikun joko irailean, espazio hori besteren batek aprobetxatzen ahal du. Eta izango da igual beste gizon talde bat, baina hori ez dago hainbeste gure esku.

Argazki: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hala izanen da segur aski, bai.
Gu kontziente gara hiru gizon garela eta hori hala izanda zer den gorpuzten duguna. Nik eszenario gainean egoteko era asko jartzen dut zalantzan Mejillón Tigre ikusi nuenetik. Anek [Ane Zubeldia, Mejillón Tigre-ko kidea] momentu batean esan zuen berak eszenario gainean gizonak ikusten dituenean, masturbatzen ari diren gizonak ikusten dituela. Horrekin geratu nintzen eta buelta ematen saiatu nintzen pentsatuz: “bale, nola egingo dut nik hori ez egiteko?”. Asko lagundu zidan Anek esandakoak eta oso presente dut ordudanik.

Kontzertuetan lehen aldiz berba egiten dugunean beti izaten da esateko gure kontzertua gorputz guztientzako espazio segurua izatea nahi dugula. Har dezala bakoitzak bere lekua eta ez beste inorena, eta zaindu dezala albokoa. Kontzerturen baten bukaeran gizon batek baino gehiagok esan dit horrek rolloa mozten duela eta niretzat oso guay da hori. Batek behin esan zidan ondo dagoela hori esatea, baina esaten ahal nuela kontzertu erdian edo bukaeran, behintzat hasieran gero moztuko den hori egin ahal izateko.

Hiru gizon gara, baina kontzertuetan besteekiko harremanean ez gara “gizonak”. Hirurotako inork ez du ordezkatzen, uste dut, maskulinitate hegemonikoa. Harremanaren momentuan, e. Gero bisualki, ba bai, kontziente gara.

Zein harreman duzu minarekin?
[Minutu bat hartu du erantzuteko] Ez dakit nola erantzun.

"Euskara batuan idazten dut beti, txikitatik. Ondarrutarrez idaztea arraroa egiten zait eta are gehiago kantatzea, ez naiz gustura sentitzen"

Denbora hartu nahi duzu pentsatzeko edo hurrengora pasa?
Denbora bat. [Beste bi minutu hartu ditu]. Kostatu zait onartzea mina nik eman diezaiokedala nire buruari. Beti ikusi izan dut mina besteek ematen diguten zerbaiten gisan eta ez norberak bere buruari. Uste dut horrekin lotuta dagoela Nor nork II abestiaren letra: “Min handi batek sortu omen zion inoiz idatzitako esaldirik ederrena. Baina ez du minak idazten, zeuk idazten duzu”.

Ondarrutarrez mintzo zara, baina diskoko kantu gehienak euskara batuan daude.
Euskara batuan idazten dut beti, txikitatik. Ondarrutarrez idaztea arraroa egiten zait eta are gehiago kantatzea, ez naiz gustura sentitzen. Nik herriarekin ez dut lotura afektibo handirik, hortaz, ez da bereziki zaindu nahi dudan zerbait. Euskara batuan ateratzen zait, horrela transmititzen dut hobeto eta horrela kantatzen dut gusturago.

Elkarrizketa bukatuta, aukera emanen dizut elkarrizketa honetako lehenengo galderari berriz erantzuteko. Keu Agirretxearen Ganbaratik diskoa eskatzen du solasaldi honek?
Aldatuko nuke. Keuren [Keu Agirretxea] beste bat esango dut, instrumentala hau ere: Improphono. Askoz lasaiagoa da, gitarra hutsezkoa, uste dut igual elkarrizketaren tonuarekin gehiago etor daitekeela bat.

[Nahi duenak, beraz, badu bigarren buelta egiterik].