argia.eus
INPRIMATU
Kalitatezko gizarte babesa bermatu, eskuin muturrari bidea mozteko
  • Ezker eta eskuin aitzina doaz austeritate politikak, defizit publikoaren gutxitzea estakurutzat hartuta. Hortik doa azken urteetako gizarte babesaren ahultzea ere. Paraleloki, aurkako norabidean doa eskuin muturrak jasotako sostengua: gora, etenik gabe gorantza. Bi bilakaera horien arteko loturak aztertu ditu Olivier de Schutter NBEren giza eskubideen eta muturreko pobreziaren txostengileak. Lerro hauetara ekarri ditugu urriaren 22an aurkezturiko txosteneko ideia nagusiak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko azaroaren 5
Behardunen arteko mailakatzea eta bazterketa ere badira gizarte babesaren ahultzearen ondorioen artean. Argazkian, eskale bat Donostian. Alberto Elosegi

Oihartzun guti ukan du Olivier de Schutter NBEren giza eskubideen eta muturreko pobreziaren txostengilearen urriaren 22ko txostenak. Le populisme d’extrême droite et l’avenir de la protection sociale (eskuin muturreko populismoa eta gizarte babesaren geroa) izena jarri dio eta izenburuak dioena jorratzen du hogei orriko dokumentu horretan: azken urteetan bideraturiko gizarte babesaren ahultzeak eskuin muturraren indartzea dakarrela. Bi fenomeno horien arteko loturak xeheki azaltzen ditu, gureaz gain, mundu mailako adibide zehatzetatik abiatuta.

Berez, ez da harrigarria isilean pasa izana txostengilearen ekarpena, hain justu, gobernuek harturiko eta sostengaturiko austeritate politikek ondorioztatu kalteen berri dakarrelako. 2026ko aurrekontua bozkatzekotan dira Frantziako Parlamentuan, eta heldu den urterako 30.000 milioi euroko ekonomiak aurreikusten ditu gobernuak –17.000 milioi gastu apaltzeekin eta 14.000 milioi diru-sarreren emendiotik–. Inoiz ikusi gabeko austeritate politika bortitzena, langile sindikatuen arabera. Testuinguru horretan, nola bideratuko diote arreta de Schutteri? Ez zaie komeni, eta nahiago dute aitzina egin, eskuin muturreko populistei bazka emanda.
Bi osagaien arteko loturak ez bagaitu harriduraz hartu ere, interesgarria da txostenak dakarrena, bi fenomenoen artekoaz ari delako: pobreziaren areagotzeaz haratago, zer dakar gizarte babesaren apaltzeak? Zein sentimendu pizten ditu hartzaileen baitan? Zein ondorio dakartza kohesio sozialari begira? Nola gorpuzten dira sentimendu horiek? Eta nolatan jasotzen ditu gaizki-izate horren fruituak eskuin muturrak? 

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean zutik jarritako gizarte babesa eta XXI. mende hastapen honetakoa ez dira itxura berekoak, poliki-poliki joan delako ahultzen, neoliberalismoaren izenean. 1980ko hamarkadaz geroztik, austeritate politikek geroz eta leku gehiago hartu dute, gurean baina oro har mundu mailako herrialde gehienetan.

“Mundu distopiko baten garapenean gaude, zeinetan gizarte-laguntzak zainketa handiagoa, kontrolak eta paternalismo forma bat dituen ezaugarri”  
Olivier de Schutter

Norabide horretan, aldaketa batzuk ikusten dizkio gizarte babesaren banaketari: murrizketez gain, dagoen hori lortzeko baldintzetan dugu azken urteetako aldaketa. Batetik, laguntzak betebehar batzuei baldintzatuak dira; eta bestetik, kontrolak eta zigorrak ere areagotu egin dira. Adibidez, lan bilaketa aktiboan egonez gero jasotzen dira laguntzak eta lanpostu edota formakuntzak errefusatzeak horiek moztea ekar dezake munduko estatu anitzetan. Horrek dakarrena begibistakoa da batean zein bestean: "Kalitate kaskarreko lanak onartzera behartuak dira, zigorra saihesteko gisan edozein lanpostu onartzen dute, finean, errefusatzeko edota formatzeko aukerarik ez dutelako", de Schutteren hitzetan.

Ondokoa irakurri dezakegu txostenean: "Mundu distopiko baten garapenean gaude, zeinetan gizarte-laguntzak zainketa handiagoa, kontrolak eta paternalismo forma bat dituen ezaugarri; babes sozialeko sistema bat zeinetan herritar zaurgarriak kontrolatuak eta 'zuzendu' beharreko elementu gisa ikusiak diren, eta ez lagundu beharrekotzat".

Zaurgarritasuna gora

Ikuspegi kontable murritzetik begiratuta, lan ordu kopuruak eta soldata bidezko diru sarrerak emendatzen badira ere, albo-kalte andana dakartza baldintzapeko babesak. Horra Eskuin muturreko populismoa eta gizarte babesaren geroa txostenean zerrendaturikoak: pertsona prekarioenak zaurgarriago bihurtzen dira; laguntza-eskatzaileen estigmatizazio handiagoa eta depresio zein antsietate kasuen emendioa. Baina, kolektiboan ere bere ondorioak ditu. Batetik, gizarte babesa dutenek geroz eta denbora eta energia gutiago dute sozialki inplikatzeko, baita politikoki ere. Bestetik, de Schutteren hitzetan, "ahulezia pertsonal gisa ikusia da pobrezia, ez eta gizartearen erantzukizun bezala; eta babes soziala, berriz, Estatuak komeni zaion bezala banatzen duen mesede gisa, eta ez eskubide gisa".

Argazkian, Olivier de Schutter, NBEren giza eskubideen eta muturreko pobreziaren txostengilea. Urriaren 22an plazaratu du Eskuin muturreko populismoa eta gizarte babesaren geroa izeneko txostena.  

Finean, txostengileak azaltzen duen gisara, oinarrian bizi pertsonala eta enplegua kualitatiboki bideratu ahal izateko planteatuta zegoen gizarte babesa, "enplegu ezegoki batera inor ez behartzeko, eta inor ez egoteko etxeko betebeharrek edota bizitzako gorabeherek ondorioztatu zaurgarritasun egoeran". Baina "lana-bizitza-babes soziala" hirukia iraganean galduta dago geroz eta gehiago, ikuspegi kontablea nagusitu zaiolako.

Eta hori guztitik irabaziak ateratzen dabiltza eskuin muturreko populistak. Hor ere, ez dago bide bakarra: instituzioekiko mesfidantza, pobreen arteko zatiketa, klase sozial apalago batera jaisteko beldurra zein kondeszendentziaz ala errespetu-faltaz tratatua izatearen sentsazioa, eskuin muturrera jotzeko azalpen bat baino gehiago zerrendatzen dira txostenean.

Eskuin muturraren xarmatzeko ahala

Gizarte babesa eskubide bat izan beharrean "merezitutako" lorpena denaren ikuskerak dakar instituzioekiko urruntasun eta mesfidantza. Abandonatua izanaren sentimendua puzten dielako egoerak. Bere aldetik, aldarte hori identifikatuta, beraiekiko hurbil dagoenaren diskurtsoa landurik du eskuin muturrak. "Testuinguru horretan, eskuin muturreko populistek 'jende arruntaren' ordezkari bailitzan bezala dabiltza, 'eliteen' aitzinean kokatuta", irakurri daiteke txostenean. Ñabardura gisa, ondokoa gehitzen du txostengileak: "Hala ere, anitzetan, eurak dira elitearen parte, eta euren igoera politikoa familiaren aberastasunari edo harreman sozialei zor diete. Behin aukeratuta, euren diskurtsoetan gutxiesten duten elite ekonomiko horren pribilegioei eusteko lan egiteko joera dute". Eta boterera helduz gero, gizarte babesa ez dute eskubide bihurtzen: "Probidentzia Estatua desegin ez arren, desnaturalizatzen dute. Babesetik diziplinara salto egiten dute, produzerismoaren sinesmenean sakonduz, hau da, ekonomiari ekarpenak egiten dabiltzanek bakarrik dutela babesa merezitua", de Schutteren hitzetan.

Gizarte babesaren beherakadak eskuin muturraren gorakada dakar, eta horrekin batera zabaltzen da aporofobia, hau da, pobreekiko fobia. Donostiako Afari Solidarioen aurkako mobilizazioetan nabaria izan zen hori.

Abandonu sentimendu hori lurraldeka nabari dela dio de Schutterrek: "Eskura dagoen dokumentazioak agerian uzten du eskuin muturra aurrera doala jendea abandonatuta sentitzen den lekuetan, batez ere landa eremuetan, zerbitzu publiko gutxiago, interneterako konexio eskasa edota administrazioak falta diren lurraldeetan", irakurri daiteke Mediapart-i eskainitako elkarrizketan. Gainera, agerian gelditzen da ere gero eta sozializatzeko aukera gutiago egon, orduan eta handiagoa dela eskuin muturrak duen babesa.

Behardunen arteko mailakatzea eta bazterketa bada ere gizarte babesaren ahultzearen ondorioetako bat; eta nola ez, eskuin muturrak hauspotzen duena. "Chauvinismo soziala" terminoarekin azaltzen da fenomenoa txostenean: "Chauvinismo soziala barne-talde nazionaleko kideei gizarte babesa erreserbatzean datza, besteak baztertuz: migratzaileak, eta, batzuetan, herrialdean urte asko daramatzaten arren, herritartasuna ez duten gutxiengo etnikoetako kideak". Merituaren ideiak bere fruituak ekarrita, jatorriagatik bazterturiko horiei gehitzen zaizkie lanik aurkitzen ez duten langabetuak, "alfer" eta "jendarteko parasito" gisa ikusiak direnak. Horrek dakarren "aporofobia" edo pobreekiko fobia azpimarratzeko tartea hartzen du de Schutterek. Baina finean, mailakatze hori dator klase sozial apalago batera erortzeko beldurretik ere: "Ezberdintasun sozialak direla eta, gizartetik bazter utziak izateko beldurra geroz eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izanen da talde kidetasunean bilatu kontsolemandua". Hain justu, ondokoa "konkurrente" gisa ikusia da, zangopilatu beharrekotzat. Horretarako bestearekiko mespretxua, eskuin muturrak ederki bideraturikoa.

“Chauvismo soziala 
barne-talde nazionaleko kideei gizarte babesa erreserbatzean datza, besteak baztertuz: migratzaileak, baita herrialdean urte anitz daramatzaten arren, herritartasuna ez duten gutxiengo etnikoetako 
kideak ere”   
Olivier de Schutter

Emozioekin jokatzen dabil eskuin muturra: "Eskuin muturreko arduradun politikoak erresumina fabrikatzen ari dira. Emozioetatik dabiltza: aberriaren maitasuna, atzerritarrarekiko beldurra eta nazioaren ongi-izatea arriskuan jartzeaz akusatutako elite ustelekiko haserrea pizten dute. 'Urdurituta dauden herritarrak' sortzen dituzte, eta funtsean, beldur horiek, neurri batean,
emozioen instrumentalizazioaren ondorio dira". De Schutterrek dioenaz, sentimendu horiek ez dira baitezpada irrazionalak, segurtasun-gabezia ekonomikoak eta errespetu falta jasotzearen sentsazioak dakar hori. Eta, hain justu, horiek badira gizarte babesaren azken urteetako bilakaerak ondorioztaturiko bizipenak.

Azkenik, instituzioen laguntzak bide numerikotik –eta algoritmoen kontroletik– eskatu eta bideratu beharrak ez du egoera hobetzen: "Gizabanakoak estigmatizatuta eta kontrolatuta sentitzen dira, eta ez babestuta. Horrek herritarren alienazioa bultzatzen du, beren pobreziagatik behatzez seinalatuak eta duintasunik gabe sentitzen baitira. Eta egoerari etekina ateratzen diotenak eskuin muturreko populistak dira".

Finean, oinarritik begirada aldatu beharra azpimarratzen du txostenaren bukaeran: gizarte babesa kostu gisa ikusi beharrean, inbertsio sozial gisa sailkatzea. Eta nola ez, argi ukatea gizarte babesaren gaia ez dela arlo sozialari mugatzen, oinarria zein helmuga politikoak dituen gai oso politiko bat delako.