argia.eus
INPRIMATU
Euskararen sinesgarritasuna zineman
Jon Alonso 2025eko azaroaren 5

Chris Walsh-ek “zinema eleaniztuna”ri buruz teorizatu zuen, XXI. mendearen hasieran, hor nonbait. Hizkuntza bat baino gehiago duten pelikulez ari zen (“polyglot film”). Walshen arabera, pelikula horietan, narrazio filmikoa eleaniztuna izatea ez da apaingarri hutsa, filmaren egiturazko ezaugarria baizik: hizkuntza batzuk agertzea konfliktorako, tramarako edo espazio sozial eta linguistiko bati sinesgarritasuna emateko erabiltzen den estrategia da. Azpisailkapen batzuk egiten ditu Walshek. Horietako bat da “eleaniztasun errealista” deitzen duena (“realistic rendering”): hainbat hizkuntza erabiltzea espazio baten errealitate soziolinguistikoa sinesgarritasunez emateko. Hizkuntza horiek agertzen dira “arraroa litzatekeelako ez agertzea fikziozko mundu horretan”. Errealismoarekin loturiko kontzeptua da.

Euskal zinemaren edo horren antza duen zerbaiten bat-bateko agerpen miragarriarekin zerikusia duten bi film eta serie bat ikusi ditut egunotan: Maspalomas, Karmele eta Zeru Ahoak. Eleaniztasuna tratatzeko modua gai interesgarria da.

Sinesgarritasunaren izenean errealitatearen kopia fidela ematen dugulakoan, beste fikzio bat asmatzen dugu

Jakina, Walshen definizioak beste kontzeptu bat jartzen du mahai gainean: sinesgarritasuna. Fikzioaren sinesgarritasuna, edo egiantza. Zer da sinesgarria eta zer ez, fikzio batean? Gérard Genette-k eta beste batzuek kontzeptuari eskainitako orri luzeak laburtu eta hizkera ulergarrira ekartzeko, derragun sinesgarritasuna gure prejuizioen neurriko jantzia dela, beste ezer baino gehiago. Eta, sinesgarritasunaren izenean errealitatearen kopia fidela ematen dugulakoan, beste fikzio bat asmatzen dugula. Alegia, sinesgarria da (errealitatea hala zelakoan) –edo hala iruditzen zaio Karmele ikusten duen erdaldunari, zehatzago–, Bilboko jeltzale batek –Letamendik– bere jendearekin euskaraz egitea. Ez luke onartuko Venezuelako jendeak euskaraz egitea, ordea; eta ontzat emango du Sangroniz Venezuelako enbaxadore frankista bilbotarra gaztelaniaz aritzea protagonistarekin. Alegia, Sangronizek, frankista zenez, erdaraz behar du. Errealitatean, ordea, Letamendi Sangroniz bezain erdaldun petoa zen. Ez batak eta ez besteak zekiten euskaraz.

Maspalomasen normala iruditzen zaigu zahar etxeko zuzendari berria erdaraz aritzea haren jendaurreko aurkezpenean, eta normala, halaber, hileta-elizkizunean denek euskaraz kantatzea. Euskararen egoera hegemonikoaren ikuspuntutik hurbilen dagoenak ere –Zeru Ahoak–, ez du arazoa saihestu une eta jardun batzuetan: Caronte erdalduna da. Aitor dut: niri Caronte euskaldun bat Lertxundi euskalduna bezain sinesgarri –edo sinestezin– egingo zitzaidakeen. Karmelen eta Maspalomasen euskarazkoa gaztelaniara azpititulatzen da –gaztelaniadunek kontsumitu behar dutelako produktua–, baina gaztelaniazkoa ez, Iparraldeko euskaldunak ekuaziotik kanpo daudelako. Nolakoak izango dira Baionara eramango dituzten kopiak? (baldin eta haraino iristen badira).

Nik ez dakit, ezta hurrik eman ere, nola jokatu behar den. Nire dudak seinalatzen ditut, eta gehiago dakien baten iritziaren zain geratzen naiz.