argia.eus
INPRIMATU
Bizitzaren alde
Xabier Etxaniz Erle 2025eko azaroaren 05

Euri eta ateri 
Alaine Agirre eta Yolanda Mosquera
Elkar, 2025

-------------------------------------

Hamar urteren ondoren, Alaine Agirrek berriro eskuratu du Lizardi saria, oraingoan Nora Chen izeneko neska baten istorioaren bidez. Euri eta ateri bere lanak gain eginda dagoen pertsonaia baten istorioa dugu: Norak dokumentu ofizialak sailkatzen egiten du lan, bizitza grisa du, egunero gauza bera egiten eta “ze zaila den helduen bizitza” pentsatzen du artxibategian lanean dagoenean; hara doanean, baita etxerako bidean bueltan ere. Egoera horrek une batean gainditu egiten du, ezin lanera joan, ezin ezer egin… harik eta lagun batekin izebaren baserrira doan arte. Han, animalien artean, naturarekin bat eginda, baserriko lasaitasun eta isiltasunean buru barruko hots guztiak ateratzen joango dira, bizitzaz disfrutatzen hasi eta beste Nora bat izan.

Epaimahaikideek honela kalifikatu zuten obra hau: “Egoerak gain eginda dagoen pertsonaia baten ezinegona agertzen du, dramatismo orotik urrun, umorea eta ironia bidelagun hartuta, dotore, fin eta trebe”. Eta halaxe da. Liburuan kontu ugari ageri zaizkigu (garrantzitsuena, Noraren egoera) baina irakurleak batetik bestera egiten du salto. Literaturaz, narratzailearen paperaz, itotzen gaituen sistemaz, baserriko bizimoduaz, adiskidetasunaz, eskuzabaltasunaz… eta liburuko kapitulu laburren bidez irakurlea aise doa kontu batetik bestera, gertakari batetik hurrengora, irakurketa arin eta atseginaren bidez, kontu serio eta larriak izanda ere umore puntu bat ikusita (amaiera alde horretatik lortua da eta irribarrez uzten zaitu).

Horretan, gainera, badu zerikusirik idazlearen hizkuntz hautuak: “Itxirik eta izozturik gelditu zen Nora Chen; gor, mutu eta itsu; geldi eta geldo, esnai egon arren lo seko”, edo “usain hemen, usna han, txiza orain, kaka gero, ibilian galduz joaten ziren” txakurrekin eginiko paseoak adieraztean. Egileak hitz jokoak erabiltzen ditu, baita jolastu egoerekin ere, eta horrek guztiak are atseginagoa egiten du gogoetarako egokia den liburu eder hau. Mosqueraren irudiek, bestalde, aurretik esandakoa aberastu eta edertu egiten dute, irakurketa maila ugari eskainiz liburu gomendagarri honi.