argia.eus
INPRIMATU
Berriketa gutxi
Tofu
Imanol Epelde Pagola 2025eko azaroaren 05

Wifirik gabe geratzea baino okerragoa, inflazioari buruzko berriak baino okerragoa, are, komunera joan eta papera falta izatea baino okerragoa.

Da zure bizilagunak VT (etxebizitza turistiko) bihurtzea bere etxea. Eta benetan diot: horrelakoak gertatzen dira. Gurean behintzat. Lehen ez ziren gozoak ezkaratzeko bilerak, orain Auzitegi Nazional bilakatu dira. Gara bizilagunarekin. Eta beste hainbatekin. Auskalo zenbat energia gastatzen dugun albokoa larrutzen!

Parkeko lagun horrek ez du ezer irakurtzen, eta, gainera, ez dauka herriko liburutegiko txartelik ere (jakingo du non dagoen, ezta?), edo beste hark, liburuak irakurri bai, baina, liburu salduenak soilik irakurtzen ditu; bada pelikulak Amazon Primen ikusten dituenik ere Argiakoa izanda. Mesedez! Koherentzia pixka bat!

Ume nintzela, iluntzetan, ohe ondora etorri eta baimenik gabe, zertan ari zen jakin gabe, bere eskua nire zakilera eramaten zuen senide batek. Ez behin, ez bitan. Edo kuadrillako lagunak auto elektrikoa erosi duenetik, ez du beste ezertaz hitz egiten. Astuna! Badira batzuk urte osoan bainatzen direnak itsasoan, bai, bai, azaroan ere bai. Ez gara erotu crossfit-arekin bakarrik. Beste hark semea eskubaloira eta ingelesera eramaten du astearte eta ostegunetan, ostiraletan golfera. Zer nezesidade! Edo zure semearen gelako ama batek, aitona-amonen tuperren faltan, Mercadona bilakatu du bere sukalde; edo besterik gabe, beste hura ona, ona bai, baina gizona.

Okerrenak hauek: deseroso jartzen zaituztenak zuk nahi baino zure antz handiagoa dutelako. Edo hatxebekoa izan zen arren DV irakurtzen du; edo Spotify kendu berri du Palestinari elkartasuna adierazteko, baina, Windowsen Gmailarekin ditu kontu guztiak; edo besterik gabe, ez delako posible eta jasangarri zure lagun baserritar horrek hainbeste tofu jatea.

Baditut besteak epaitu, salatu eta gorrotatzeko arrazoiak. Asko. Gehiegitan ahazten zait, ordea, gehienok ari garela gauzak ahalik eta ondoen egiten. Ni eta zu bezalaxe.