Hau idazten ari naizenean Gazarako laguntza humanitarioa daraman flotilla Israelgo armadak atzeman du nazioarteko uretan. Irratian iritzi-emaile batek dio egunotan ebatziko dela aurrerantzean indarra ala nazioarteko zuzenbidea nagusituko ote den munduan. Nik esango nuke ez dagoela zer ebatzirik. Munduan benetan nagusi denaren erakustaldi lizunaren lekuko baino ez gara.
Moralaren eta zuzenbidearen desberdintasunetako bat zuzenbidearen derrigortasunean dago. Legea bete behar da, besterik ez bada ere loteslea delako, indarkeria legitimoaren monopolio ospetsua dela medio. Arau moralak kontzientzia besterik ez du behartzen. Legearen kasuan, herritarrak hura betetzera derrigortzen ditu estatuaren botereak, indarrez, behar izanez gero; dela herritarrek abusuen aurreko bermetzat hartzen dutela esku hartze hori, dela borrokatu beharreko zapalkuntzatzat ulertzen dutela.
Legeak herrikideen eta ezarritako agintaritzaren aurrean erantzule agertzea exijitzen digu; berezkoa du ezaugarri hori, baita nazioarteko zuzenbidea bezalako gai arraro eta lausoak ere. Izaera koertzitiboa du: bete ezean, zigortuko gaituzte. Zigorrak, teorian, mugatua izan behar du, ez mendekuzkoa eta abar, baina zigorra da: indarrez ezartzen zaio delitugileari, bere borondatearen aurka. Nazioarteko zuzenbidea arraroa dela diot, zuzenbidean berezko derrigortasun-indarra estatu batek duen gaitasuna delako, legea betetzera behartzekoa. Nazioarteko zuzenbidea, definizioz, estatu artekoa da; agerikoa da ez duela aginterik, zuzenbidearen berezko derrigortasun gaitasuna eduki dezakeen estatuez gaindiko aginterik. Jakina, NBE ez da inoiz hori izan, ezta izango ere.
Gaur indarrean dagoen nazioarteko zuzenbide bakarra Lex mercatoria da. Salerosleek ezarri eta erabili zuten sistema gisa hasi zen Europan, Erdi Aroaren amaiera aldera. Hots, ez zuen goi-mailako agintaritza batek ezarri, baizik eta merkataritza-transakzioetan de facto indarrean zeuden erabileren eta ohituren bidez garatu zen. Juan Hernández Zubizarretak eta Pedro Ramirok erakutsi dute egungo Lex mercatoria osatzen duela arau, erakunde, praktika juridiko eta akordio multzo batek, enpresa handien interesak eta negozioak kosta ahala kosta eta lotsagabe babesten dituztenak. Gainera, ahuldu eta blokeatu egiten ditu korporazioak erantzutera behartu ditzaketen mekanismoak, lan- zein giza-eskubideen urraketengatik, ingurumenean duten eraginagatik eta lurraldeei eta komunitateen bizi-kalitateari (edo, besterik gabe, bizitzari) gauzatutako kalteengatik. Euren ‘Lex mercatoriaren’ aurka: Korporazio Transnazionalen Boterearen Desegiteko Proposamenak eta Alternatibak lanean, esplikatzen dute egitura juridiko honek korporazio handientzat neurrira egindako traje baten antzera funtzionatzen duela: zigorgabetasunaren arkitektura osoa. Ez da, beraz, guztion (batez ere ahulenen) giza eskubideak boteretsuen aurka babesten dituen zuzenbide bermatzailea; indartsuenaren lege hutsa arau juridiko bihurtuta baizik. Disimulurik gabe. Horixe dugu mundua. Palestinarrek (eta beste batzuek) badakite eta bereziki sufritzen dute.
Hori guztia diot, zeren eta DBHn etikarekin lotutako ikasgai bat baitugu. Dagoeneko ez da bigarren mailako ikasgai bat bakarrik, gustu txarreko txantxa bat baizik. Genozidio-sarraski bat zuzenean ikustea eta gero ikasgelan hausnartzea "ikasleak beren ingurune lokal eta globalaren arazoak ulertzeko"? Nazioarteko zuzenbideari buruzko proiektu bat ere proposatuko diegu, eremuka lan egiteko, agian? Hobe dugu guztiok antzarak ferratzera joatea.