argia.eus
INPRIMATU
Ventolin
Imanol Epelde Pagola 2025eko urriaren 22a

Ventolin kolpe batek lagundu egiten dio arnasa uneren batean hartu ezinean dabilenari. Baina, botika horrek ez dio askorik lagunduko biriken hiru laurdenak funtzionatzen ez dionari. Horrela bizi gara euskaldunok. Gurea ez da asma, gripea. Minbizia da. Onkologiko bat behar dugu. Eta ordenagailu kuantiko bat. Kapital bakoitzean.

Proiekzioak ez dira baikorragoak: 2036an ia arnasgunerik ez dugu izango eta erdara nagusi den eremuetan biziko gara. Laster, Azpeitian ere ezingo dugu txistorrik lasai jan. Horregatik ere antolatuko zuten arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia bat aurreko astean. Inork ez du zalantzan jartzen hil ala bizikoa denik arnasguneak izatea hizkuntza bat bizitzeko. Altxa dezala eskua ados ez dagoenak.  

Orain, demagun 20 ikasle dauzkadala gelan. 4 dira etxetik euskara dakartenak. 4 horiek lan-talde berean jartzen baditut, gelako euskararen erabilera %25ekoa izango da. Lau horiek gainerakoen artean nahasten baditut, %0. Erdara nagusi den eremuetan dinamikak erdarara bultzatzen du. Badakigu euskaldunok zerbait horretaz. Orduan, zergatik ez ditugu bilatzen arnasguneak ikastetxean, auzoan, herrian?

Itota bizi gara. Eta hala ere, nahastu egiten ditugu ikasleak eta gelak. Guri umetan herri menderatua ginela kontatzen ziguten, espainolez egiten zuena espainola zela. Eta espainola izatea zerbait terriblea zen. Kontuz kamiseta horiak eta galtza motz gorriak konbinatzearekin. Orain, gizarte plurala gara. Ez dago hizkuntza zapalkuntzarik, eleaniztasuna baizik.

Burges klasisten apeta gutiziatsua ote da euskaraz egiteko hautu irmoa egiten dutenen seme-alabak elkarrekin egotea? Zergatik bihurtu da tabu komunitate batek trinkotu egin behar duela esatea bera ere?

Autopsiarako frogak egiten dizkigutenean, modu naturalean hil ginela esango digute. Hizkuntza oso zaharra zen euskara, badakizue.