argia.eus
INPRIMATU
Behin-behineko egoera
Castillo Suárez @casti_suarez 2025eko urriaren 22a

Autoan musika entzuteko dudan aplikazioari aholkua emateko eskatzen diot beti. Garai batean Leon Benavente-rekin joaten nintzen bileretara eta klaseetara. Beharbada sumatzen zuen ohi baino tristeago nengoela garai hartan, eta zer dago aringarriagorik zu baino okerrago dagoen jendea badagoela jakitea baino, eta zu ere okerrago egon zintezkeela pentsatzea. Orain oporretara joatea besterik ez dut buruan, esaten zuen kantak, lehen barre eginarazten zidanak, orain triste jartzen nau, lehen zoriontsu egiten ninduena, ez da existitzen. Izartxo bat jarri nion kantari maiteen zerrendara gehitzeko. Ez hitzengatik bakarrik, izenburuarengatik ere bai: Behin-behineko egoera. Eta akordatu naiz Baionan izan genuen bilera hartaz, nola hiru idazle geunden, nork bere hutsunearekin barrenean, malkoei ezin eutsiz. Burutara etorri zait Asier Serranok esan zidana autobusean: gezurra badirudi ere, hobeki egongo zarete egunen batean. Nago hirurak hobeki gaudela garai batean baino, baina ber gisan maite ditugula kanta tristeak, Serranorenak zein Benaventerenak.