Europak bere helburu klimatikoak malgutzen eta AEBek zientziari bizkarra ematen dioten bitartean, Txinak mundu mailako elektrizitate berriztagarriaren lidergoa hartu du. Atzerrian inbertsio erraldoiak egiten dabil, bereziki Hego Globaleko herrialdeetan. Aldaketa geopolitiko handia da. Baina betikoa: justizia klimatikorik eta kontsumoaren murrizketarik gabe, klima larrialdia eta ingurumenaren suntsiketa ez ditu konponduko.
Joan den mende erditik hona, AEBak ziren mundu mailako ikerketa zientifikoaren liderra, bertzeekilako tarte oso handiarekin gainera. 2022an, BPGaren %3,59 inbertitzen zuten ikerketa eta garapenean –konparaketarako, Frantziako Estatuak %2,23 eta Espainiakoak %1,44–, eta erreferentzia zen arlo zientifiko ia guzietan: medikuntza, ozeanografia, Informazio eta Komunikazioko Teknologia Berriak, giza zientziak, erdi-eroaleak zein genetika. Hamarkadetan zehar eraikitako goi maila hori hilabete gutitan desegitea erabaki du oraingo buruzagitzak.
Bereziki, klima hitza tabu bilakatu da, hainbertze non eta berotegi efektuko gasak monitorizatzen dituzten satelite multzo bat –berriak, garestiak eta arazorik gabe martxan direnak– suntsitu nahi duela Etxe Zuriko agintariak. Harrigarria izanik ere, anekdotikoa da zientziaren aurkako bertze hainbat eta hainbat erasoren artean. Donald Trumpen kargualdiaren hasierako lehen neurrietan zegoen klimaren aldeko neurriak (bereziki Bidenen Inflation Reduction Act legedia) desegitea eta berehala iragarri zuen energia berriztagarrien proiektuentzako baimenak deuseztatzeko asmoa. AEBetan atzerakada horiek oso zalapartatsuak izan arren, ez dira herrialde horretan soilik gertatzen, eta ez ziren 2025ko urtarrilean hasi: 2019tik 2021era, munduko gobernuek urtero ezarritako klima egokitzapen eta isurtze murrizketa neurriak 300 baino gehiago ziren, Nat Bullard energia adituaren arabera, 2023an, 200 baino gutxiago izan ziren, eta 2024an 50 inguru baizik ez. Europan edota Hego Amerikan, indarrean dauden hainbat legedia ahuldu dituzte eta beste andana ere da ahuldua –edo kendua– izateko presiopean, ARGIAren 2.927 zenbakiko Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira erreportajean aipatu bezala.
AEBak zientziari eta arrazionaltasunari bizkarra ematen eta nazioarteko laguntza programak bertan behera uzten ari diren bitartean, azken urteotan Txinak hartu du energia berriztagarrien garapenaren lidergoa nazioartean. Abantaila nabaria dute: elektrifikazio globalerako ezinbertzekoak diren lur urri edo lur arraro asko dute bertan. Bayan Obo meategian bakarrik, munduan ustiatzen den lur urriaren %60 inguru kokatzen da. Demagun, 2019an, munduko lur urri eskaeraren %90 inguru hornitzen zuen Txinak. Gainera, metal berezi horien fintze prozesu osoa garatuta duen herrialde bakarra da.
Abantaila geologiko horretaz baliaturik, Txina masiboki ari da inbertitzen nazioarteko elektrizitate berriztagarriari loturiko proiektuetan. Azken urteotako gorakada izugarria izan da: Net Zero Policy Lab erakundeko Tim Sahayek dioskunez, 2011tik goiti Txinako enpresek 227.000 milioi dolar inbertitu dute atzerrian, 54 herrialdetako 461 industriagunetan, eguzki-elektrizitatea edo eolikoa ekoizteko eta biltzeko proiektuetan. Inbertitze erraldoi horren %88 egin du 2022az geroztik. Konparaketarako, gaur egungo dolarretan, Bigarren Mundu Gerraren osteko Mendebaldeko Europaren berreraikuntzarako Marshall Planak 200.000 milioi ekarri zituen.
Txinak inbertitu duen proiektu horien %75 baino gehiago Hegoalde Globaleko herrialdeetan dira. Herrialde batzuk gako bilakatzen ari dira sektore zehatzetan, besteak beste, Indonesia bateria nikeldunak ekoizteko materialetan, Maroko katodoetan eta hidrogenoan, Persiar golkoko arabiar estatuak eguzki paneletan eta elektrolisia gailuetan eta Egipto eta Brasil sektore zehatzetarako bateria logistikan eta garraioan. Kanpoan egindako inbertsioei gehitu behar zaie Txinan bertan eguzki- eta haize-elektrizitatean inbertituriko 340.000 milioi dolar. Joera horretaz oharturik eta atzean ez gelditzeko bultzatu zuen Joe Bidenen administrazioak Inflation Reduction Act edo Inflazioa Murrizteko Legea –gaur egungo administrazioak bertan behera utzi duena, erregai fosiletara itzultzeko eta bide batez, gu erostera behartzeko, ARGIAn Gorka Peñagarikanok zehazten zigun bezala AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez artikuluan–. Klimaren aldeko aspaldiko aktibista eta 350.org mugimenduaren bultzatzaile Bill McKibbenek dio gaur egungo AEBetako administrazioa ez dela gai berehalakotasunik harago pentsatzeko, eta Txinak, aldiz, hainbat hamarkadetako planak eginak dituela.
Hego Globaleko herrialde askoren interesa erregai fosilen menpekotasunetik ateratzea da, ARGIAren 2.924 zenbakiko Pakistan energia trantsizioan zegoen erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte erreportajean aipatu bezala. Pakistanek, hain zuzen, 2024an Txinatik 17 GWeko kapazitateko eguzki panelak inportatu zituen, munduan hornidura horien inportatzaile handiena bilakaturik. Horrekin batera –edo horren ondorioz–, Qatarretik bideratu gas inportazioak murriztu zituen, eta ez litzateke harrigarria joera horrek ere eragina izatea Pakistan petrolioa erostera behartzeko AEBek egin dituzten ahaleginetan.
Orain arteko Txinako inbertsio horiei esker denetara lau gigatona CO2 isurketa saihestuko dituzte, CarbonBrief webgunearen arabera. Halere, berriztagarrien sekulako hazkunde hori ez dator arazorik gabe: Planetary Mine: Territories of Extraction under Late Capitalism (Mina planetarioa: erauzketaren lurraldeak kapitalismo berantiarraren pean) liburuan Martín Arboleda soziologoak zehazten duen bezala, gaur egungo elektrifikazio globalak kate logistiko berriak eraikitzen ditu, baita ustiapen berriak ere. Txilen litio meategien inguruan bizi direnek badute zer konta, Nigerian petrolioak kutsaturiko eskualde txiroetan bizi direnek kontatzeko asko duten bezala. Txinan bertan ere, Bayan Oboren inguruan, normala baino 32 bider handiagoa da erradioaktibitate maila –konparaketarako, Txernobylen 14 bider dute– eta minbizi asko lur urrien prozesatzeari lotuak direla susmatzen du Txinako Greenpeace taldeak. Justizia sozialarekin bat egiten ez duen trantsizioak lurralde eta talde batzuk sakrifikatzen ditu bertze batzuei energia –ez hain– garbia hornitzeko.
Konponbidea, beraz, ez da berriztagarrien hazkunde mugagabean soilik: berriztagarriak konponbidearen parte dira, kontsumoaren doitzea eta justizia sozialarekin batera. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak 2022an argitaraturiko The Just Transition: Shaping the delivery of the Inevitable Policy Response (Bidezko trantsizioa: politikaren erantzun saihestezina ematea moldatzen) txostenean argi utzi zuen trantsizioaren justizia sozial mailak trantsizioaren eraginkortasuna bera ere baldintzatzen duela. Hori ez da aldatu, eta uztartze hori ez da soilik gigawattetan neurtzen.