argia.eus
INPRIMATU
Txiki eta Che
Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2025eko urriaren 08a

Txikitan, Txiki eta Che Guevara nahasten nituen. Umetako lainoarte baten moduan gogoratzen dut, baina gerora ulertu dut: Txikik Che miresten zuen. Horregatik, haren aurpegi mitikodun kamisetarekin agertzen da bere argazki gogoangarrian, eta Askatasun haizea poema euskarara ekarri zuen eta bere heriotzaren oroigarri bihurtu.

Hamarkada haietan Abya Yala osoan izan ziren mugimendu armatuak, marxismoaren inguruan (ñabardurak ñabardura) lerratuak gehienak, AEBek finantzatutako eta ezarritako diktadura ugariei aurre egiteko: FMLN, Fronte Sandinista, Kubako iraultza, Tupac Amaru... baita Kolonbiako FARC ere. Mugimendu haiek helburu “sozialak” zituzten; ez, ordea, kolonizazioak ezarritako zapalketak gainditu eta jatorrizko herrien eskubideak berrezartzea. Ondorioz, herri gehienek atzera egin zuten, eta hizkuntza asko desagertu edo nabarmenki gutxitu ziren.

Argi ikusi dut nasa herriak eta bizirik eta zutik dirauten Abya Yalako jatorrizko herriek, oro har, asko dutela guri irakasteko, inspirazioa bila dezakegula haiengan

Gaur egun, komunitate horietako askok dute euskararen biziberritzea eredu moduan, eta inspirazio horretatik ari dira edaten haien hizkuntzei arnasa eman nahian. Elkarreragin horren barruan, aurten hamargarren bidaia egin dut Kolonbiara eta berriro argi ikusi dut nasa herriak eta bizirik eta zutik dirauten Abya Yalako jatorrizko herriek, oro har, asko dutela guri irakasteko, inspirazioa bila dezakegula haiengan, baina, gainera, egoerak oso ezberdinak izan arren, hainbat arazo partekatzen ditugula. Sarritan, ispilua jartzen digute aurrean, hizkuntzaren biziberritzean bezala, beste hainbat arlotan ere.

Nasak gogor eta argi ari dira hizkuntzaren alde, nahiz eta inguruan duten bortizkeria ikaragarria izan. FARCeko disidentziek, 2016ko bake akordioak bete ez izanaren ondorioz sortuak, galdu egin dute izaera iraultzailea, eta drogaren ekoizpena eta garraioa zaintzeaz arduratzen dira nagusiki, elkarren artean lehiatuta. Kolonbian, mugimendu askoren indar metaketa handiaren ondorioz, gobernu aurrerakoia dago, eta aukerak daude urrats sendoak emateko, baina norbait ari da disidentziak xaxatzen, elikatzen... Askok argi dute: Uribismoarekin ari dira.

Aurten Bogotan egon naiz lehen aldiz. La Trocha ezagutu dut, FARCeko kide desmobilizatuek sortu duten espazioa. Benetan eredugarria da hiri erdian hausnarketarako, sormenerako eta kideak lan-munduratzen laguntzeko sortutako egitasmoa; hunkigarria hausnarketarako tximeleten gela, akordioen ostean hildako kide bakoitzeko tximeleta batekin apaindua; ederrak argazki historikoak, kartelak, margoak.... Bertan Che Guevararen argazki bat ikusi dut. Txikiren argazkidun kamisetagaz irudikatu dut!