Hasiera batean, memea ez nuen behar bezala ulertu, hitz hori entzuterakoan gustu txarreko irudiak zetozkidan burura, ustez grazia egin behar lidaketenak. Memeka zebilen mundu guztia nire inguruan, mugikor bidez irudi horiek igorriz, nire ustetan hutsalkeriak zabaltzeko besterik balio ez zutenak, ideia garrantzitsuak beharrean. Wikipediaren arabera, memea da gizabanakoen artean transmititu daitekeen gutxienezko kultur informazioa neurtzen duen unitatea. Aspaldikoa da hitza, 1976an Richard Dawkings ikertzaileak sortua, Gen Berekoia liburuan.
Denborarekin, memeak aldatu egin zirela iruditu zitzaidan, burutsuagoak bilakatu zirela, edo beharbada, hizkuntza horretara egokitu nintzen. Memeak partekatzen hasi nintzen neu ere. Memeari loturiko dinamika ulertzen hasi nintzela pentsatzen nuenean, gazte euskaldun batek esan zidan Koreako abesti bat meme zela, eta ulertzen nuena hankaz gora jarri zuen. Zer zen memea, orduan? Gazte horren hitzetan beste esanahi bat zegoela susmatzen nuen, memeak metamorfosi bat izan balu bezala. Beraz, historia baino, egunerokoa aztertzen hasi behar nuela pentsatu nuen, eta interneten jendeak partekatzen zuen edukiari arreta handiagoa jartzen hasi nintzaion. Eta konturatu nintzen beste herri batzuetako memeak ez nituela ulertzen. Antzeko mundu ikuskera zuten pertsonei meme batek antzeko aburuak iradokitzen zizkiela ohartu nintzen; memea, beraz, ez zen denok uler genezakeen zerbait, antzeko balioak eta jokabideak, kultura alegia, partekatzen duten gizataldeen baitan zentzua zuten eta errepikatuz zabaltzen ziren espresioak ziren, kultur transmisiorako sinboloak.
Memea, gazte harentzat eta bere mundu ikuskerarekin lerraturik zeudenentzat ulergarria zen eta batzen zituen hizkuntza sinboliko bat adierazten zuen. Aldiz, herri berekoak izanda ere, ni beste mundu batekoa sentitzen nintzen, bere memeak ez nituelako ulertzen. Berak, ordea, bazuen nire mundua eta sinboloak ulertzeko gaitasuna.