argia.eus
INPRIMATU
Nork irabazten du?
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2025eko urriaren 08a

Onartzen dut sare sozialek nahi baino denbora luzeagoa kentzen didatela hainbatetan, eta guztiak ezabatzeko ideia buruan ibiltzen dudala maiz. Debate antzuak gogaikarriak eta bortitzak iruditzen zaizkit batzuetan, eta geroz eta zabalagoa den eskuin muturreko ideien presentzia zinez beldurgarria dela deritzot. Hala ere, noizean behin kontu interesgarriak topatzen ditut, kuriositatea pizten duten horietakoak. Horrela egin nuen topo Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) argitaratutako Bakardadetik gizarte-konexiora deituriko txostenarekin. Beharbada, sentimendu horiekin behin baino gehiagotan konektatu dudalako-edo, gehiago jakiteko gogoa sentitu nuen.

Txostenaren hasieran zehazten diren bi kontzeptuak isolamendu soziala eta desiratzen ez den bakardadea dira; izan ere, bakarrik egoteak ez du zertan bakardade sentimenduarekin loturik egon, eta bakarrik sentitu daiteke jendez inguratuta ere. Bakardadearen arrazoiak pertsonatik pertsonara aldatzen badira ere, egindako ikerketak honakoak zehazten ditu kausa nagusi gisan: osasun arazoak, hezkuntza eta diru-sarrerak, nortasuna, inguruko komunitatea, bizitzako pasarte edo trantsizioak, eta teknologia digitala. Dirudienez, fenomeno hau geroz eta zabalduago dago munduan eta adin guztietan; besteak beste, 13-29 urteko gazteen %20 inguru sentitzen omen da bakarrik, eta zaurgarri diren kolektiboak tendentzia handiagoa omen dute sentimendu hau nozitzera: izan aniztasun funtzionala duten lagunak, izan errefuxiatu edo migratzaileak, izan kolektibo minorizatuak.

Zeintzuk dira desiratu gabeko bakardadearen onuradunak? Zein rol hartzen dute sektore pribatuko askotariko kolektiboek? Nork irabazten du?

Desiratzen ez den bakardade sentimenduak askotariko ondorioak ditu, baina larrienetakoa da, zalantzarik gabe, osasunean duen inpaktu negatiboa. Baieztapen hori osasun alorreko hamaika ikerlanek babesten dute, eta inork gutxik jartzen du zalantzan. Galizian, A Coruña eta Vigoko unibertsitateetako hiru ikertzailek, bakardade sentimenduak Espainiako Estatuan izan lezakeen kostu soziala estimatu zuten iaz, eta ateratako ondorioek askotariko eztabaida-ildoak ireki baditzakete ere, proposamen interesgarria dela iruditu zait. Ikerlana ñabarduraz beteta dago, baina honako ideia hau deigarria iruditu zait: nahi gabeko bakardadeak 14 milioi euroko kostua sortzen duela estimatzen da, BPGaren %1,2 gutxi gorabehera. Horretarako, hautatutako laginak erabilitako osasun-baliabideak, kontsumitutako botikak, eta lan-egoera aztertu ziren; hots, osasun zerbitzuetan gastatutakoa eta lana ez egitearen ekoizpen galera. Autoreek onartzen duten moduan, ikerketa honek mugak izan baditu, bai estimazioetan erabilitako datuetan, bai hautatutako adierazleetan, bai hautatu ez direnetan. Bizitza kalitatearen inguruko eta heriotza goiztiarrari dagozkion kostu ukiezinak kontuan hartu badituzte ere, bereziki aipagarriak dira kanpoan geratu diren eta bakardadearekin lotura zuzena duten tristura, autokonfiantza falta edota autoestimu baxua, besteak beste.

OMEren txostenaren amaieran, konexio soziala sustatzeko proposamenak zehazten dira. Horien artean daude politika sozialen sustapena, herri-estrategiak, edota kanpaina eta sareen eraketa. Gehienak sektore publikotik sustatu daitezke, kolektibotasunetik. Euskal Herriko hainbat herritan ere pixkanaka ekimenak martxan jartzen ari dira. Hala ere, testu hauek guztiak irakurtzen nenbilenean buruan iltzaturik nuen galderari bueltaka darrait: zeintzuk dira desiratu gabeko bakardadearen onuradunak? Zein rol hartzen dute sektore pribatuko askotariko kolektiboek? Nork irabazten du?