argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Argiztapena
Ula Iruretagoiena 2025eko urriaren 08a

Gaua egiten denean, eraikin asko ipurtargi bilakatzen dira hormigoizko basoan. Egunez ezkutuan gorde duten barnealdea eszena pusketetan voyeaur begibistara agertzen dira, argiztapen artifizialaren magia bitarteko. Gaueko auto zein oinezko paseoetan lurraldea eta eraikinak piztuta ikusterakoan, argi artifiziala ulertzeko eta erabiltzeko modu bat irakurri daiteke, helburu eta gabezia zehatzak azaltzen dituena.

Kutsadura luminikoak zeruen izar ikuspegia itzali egin du leku gehienetan. Berdin argiztatzen dugu txalet ingurunea eta herrigunea, farolen arteko distantzia eta argi kalitatean pentsatu gabe. Gehiegizkoa ote den eztabaidaz aparte, argiaren balioa ohartaraztekoa da (energiaz gain). Behin herrien barna sartuta, denda asko itzartuta daude gauez, botere ekonomikoa eta salmenta aukeraren 24/7 mezua helaraziz, amatatu gabeko argien bidez. Leihoetara begiratuz gero, oso ohikoa da etxeetako argiztapenak gabezia asko agertzea: fokuz jositako pasilloak, argi zuriko sukaldeak, argi-homogeneidadearekin egongela eta jantokia argiztatzea, espazioaren zentroa bakarrik argiztatzea. Osea: gehiegizkoa, sabai-fokuen demasia, argiaren tonu desoreka, espazioaren ezaugarrietara egokitzen ez den argia. Begiratu bestela filmetako eszena domestikoak; argi-itzalez josita daude eta goxoak dira.

Espazio bat iluminatzea gure ekintzak ikusteko ahalmena eskaintzea baino gehiago da. Gauez espazioak aldatu egiten dira eta jolas hori diseinatu egin behar da. Argiztapen on batek itzal on bat planteatzen du, eta ideia batek antolatzen du zer, non eta nola argiztatu behar den. Interruptoreekin  gela baten argiztapen eszena desberdinak sortu ditzakegu egoera desberdinetarako, koka ditzagun giroa ematen duten argiak edo argi kantitatea erregulatzen duten sistemak. 

Diseinatzaile luminikoen lana gutxi ezagutzen da, eta funtsezko lana egiten dute espazioen goxotasunean. Inbestitze-dirutzat baino, gastutzat hartu ohi da, espazio-kultura pobrearen adierazle.