argia.eus
INPRIMATU
Eskasia
Roser Espelt Alba @earuze 2025eko urriaren 08a

Gero eta ahots gehiagok –ez eskuinetik bakarrik– “migrazioaren arazoari” ausarki helduko diotela aldarrikatzen dute. Narrazioa nahi baino ezagunagoa da: lanpostuen, zerbitzu publikoen eta baita etxebizitzaren gaineko lehian ere, baliabideak omen direlako, berez, naturalki eskasak.

Ekonomia fakultateetan egon garenok ondo ezagutzen dugu hitz hori: “eskasia” da ortodoxia ekonomikoaren funtsa. Robbins-ek (1932) definizio kanonikoa ezarri zuen: ekonomia, baliabide eskasen banaketa optimoaren zientzia. Marko horrekin, eskaria lege natural gisa aurkezten da, eta banaketa xehetasun tekniko batera mugatzen da, merkatuak –ustez neutroa– prezioen bidez konpontzen duena. Eredua aurrez emandako baliabide-horniduratik abiatzen da eta gizarte-erreprodukzioaren arazoa optimizazio kontu bat bihurtzen du, eredu matematikoek eta suposizioek determinazio historiko, sozial eta politikoak abstraktuan uzten dituztelarik; ez da galdetzen nola sortzen den edo nola eskuratzen den. Horrela, gabezia bihurtzen da lege natural, eta banaketa, merkatuan gauzatzen den xehetasun tekniko.

Ekonomia konbentzionalaren funtzio apologetikoa horretan datza: eskasia eta haren esleipenaren efizientzia arazo natural eta neutral gisa aurkeztuta, kapitalismoaren egitura sozial eta ekonomikoak optimo eta ordezkaezin gisa legitimatzen ditu. Baina, berez, ustez unibertsalak diren arazo horiek oso gutxi esaten digute erakunde zehatzei buruz, hala nola jabetza pribatua. Kontzepzio horrek ideologikoki jarduten du: kritika sozial sakona ukatzen du eta eskasia benetan azaltzen duten egiturak eta gatazkak isilarazten ditu. Izan ere, ez da baliabide mugatuak direla, baizik eta banaketa desberdina eta merkatu-mekanismoak dira eskasia ekoizten dutenak.

Nahiz eta ekonomia konbentzionalak oro har unibertsala dela aldarrikatu, indibidualismoa, eskasia eta lehia azpimarratzean, bere analisiak Europa eta Amerikan garai modernoan nagusitu diren ideologia-ikuspegiak islatzen ditu, beraz, eskasiaren eta lehiaren ideiak gizarte osora hedatzean, darwinismo sozialaren diskurtsoa erreproduzitzen dugu. Ez dut uste –bereziki krisi ekologikoaren garaian– ugaritasunean oinarritutako ekonomia denik utopia moduan irudikatu beharko genukeena. Baina munduko aberastasunaren erdia %1 aberatsenaren esku dagoen munduan, “denontzat ez dagoela” planteatzea abiapuntu modura –errealismo pragmatikoaren jarrera moralizatzaile batetik– hurbilago dago statu quoa defendatzetik, egia deserosoak aurrez aurre ikusteko ausardiatik baino.