argia.eus
INPRIMATU
Dutxa mistoak udalekuetan
Sentsazionalismo gabeko hausnarketak
  • Euskal Udalekuetan genero binarismoa desagerrarazteko eta biluztasuna normalizatzeko erabili dituzten dinamikak salatu dituzte zenbait gurasok. Prentsa eta alderdi politiko kontserbadoreek kriminalizazio kanpaina abiatu dute, morboa, transgorrotoa eta alarmismoa elikatuz. Horren aurrean, sakoneko analisia landu dugu adituekin, ezinegonak aitortuz, irakaspenak atera nahian.
    Artikulu hau Pikara Magazine hedabideak urriaren 1ean argitaratu zuen pikaramagazine.com webgunean.

June Fernández Pikara Magazine @pikaramagazine 2025eko urriaren 08a
Euskal Udalekuetako hezitzaileek agerraldi jendetsua egin zuten urriaren 3an, Bergaran. Azaldu zuten edozein eraso “erabat” gaitzesten dutela eta prest agertu ziren, beren artean erasotzailerik balego, “neurriak hartzeko”.  Argazkia: Manex Moreno / ARGIA
Euskal Udalekuetako hezitzaileek agerraldi jendetsua egin zuten urriaren 3an, Bergaran. Azaldu zuten edozein eraso “erabat” gaitzesten dutela eta prest agertu ziren, beren artean erasotzailerik balego, “neurriak hartzeko”.  Argazkia: Manex Moreno / ARGIA CC BY-SA

Begiraleak biluzik zebiltzan eta gure seme-alabekin dutxatzen ziren udalekuan”. El Correo-ren lerroburua da, Espainiako Estatu mailan zalaparta mediatiko izugarria piztu duena. Azpitituluan jasotzen da Ertzaintza ikertzen dabilela Bernedoko (Araba) udalekuan 13 eta 15 urteko neska-mutilek bizitako “infernua”. Testuan irakurriko dugu Bernedoko Udalak jo duela poliziarengana ebazteko gertatutakoa delitu den.

RTVEk zehaztu duenez, gaur-gaurkoz lau salaketa jaso ditu Ertzaintzak Euskal Udalekuetan “sexu askatasunaren aurkako ekintzengatik”: “Lehenengoa abuztuan jarri zen, 2021ean eta 2022an Abaigarreko (Nafarroa) udalekuetan eta 2023an eta 2024an Bernedon ustez gertatutakoengatik. Beste hiru salaketak joan den ostiralean jarri ziren Laudioko, Gasteizko eta Deba-Urolako ertzain-etxeetan", azaldu du hedabide publikoak.

El Correo-ra jo zuten gurasoen kexa nagusia da Sarrea Euskal Udalekua elkarteko arduradunek ez zutela ohartarazi dutxa mistoen aldeko apustua eta zenbait neska “traumatizatuta” atera zirela, eta arreta psikologikoa behar izan dutela. Haien kontakizunaren arabera, emakumezko begiraleak “titiak airean” ibiltzen ziren sukaldean eta igerilekuan. Abuztuaren amaieran Denuncias Euskal Herria Instagram kontuan agertu zen ama baten lehenengo kexa: “Izena emateko prozesuan ez zaigu eman udalekuaren funtzionamenduaren berri, eta nire alabari ez zaio aukerarik eman egonaldian zehar bere gorputzari buruz erabakitzeko. Begiraleen erantzunean ez da sexuaz hitz egiten, generoaz bakarrik baizik; beraz, ez dute kontuan hartzen sexuaren errealitate biologikoa. Praktika horiekin guztiekin, nerabeentzako arrisku-egoerak sustatu dituzte, biluzik dutxarazi baitituzte mutilekin batera (…) adin zailean, eta beldurgarria da gerta zitekeena. Salagarria dela uste dut".

Zuriñe Ojeda komunikatzaile feminista transgorrotatzaileak iritzi artikulua argitaratu zuen irailaren 4an El Común hedabidean, ama bat berarekin harremanetan jarri ondoren. Ojedaren Instagrameko kontuko biografian “Encuéntrame los pronombres en el txotxo” jartzen du –topa itzazu nire izenordainak pototan–, eta J.K. Rowling-en argazki ikonikoa argitaratu zuen –puroa erretzen yate batean– ospatzeko Erresuma Batuko epaitegiek emakume transei ukatu dietela emakume estatusa legeari begira. La pesadilla de un campamento de verano artikuluan –Udaleku bateko amesgaiztoa– kontatu zituen Ojedak gerora El Correo-k errepikatutako zenbait detaile, esaterako, Bernedoko eraikineko marrazki batean neska bat agertzen zela hankak irekita “on egin” esaldiarekin. Gaineratu zuen sexu jazarpen kasu bat egon dela eta begiraleek protokoloa “bi aste berandu” aktibatu zutela.

Bigarren artikulu batean zabaldu zuen Ojedak Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresa bateko hezitzaile baten testigantza: iazko udan tutelapeko haurrak Bernedora eraman zituela, begiraleak haurrekin batera biluzik dutxatzen zirela eta jolas batean hezitzaileari behatza miazkatu behar ziotela. Gipuzkoako Foru Aldundira jo omen zuen lehendabizi hezitzaileak eta Ertzaintzarengana ondoren. “Queer erlijioa”ren “doktrina”ren albo-kaltetzat aurkeztu zuen kazetariak gertatutakoa.

Bernedoko Euskal Udalekuetako begirale bat: “Une oro egon gara gurasoekin harremanetan, eta beti eman dizkiegu erantzun indibidualizatuak haien behar eta kezkei”

Artikulu horietatik abiatu zen El Correo eta egunkari honen urratsak jarraitu zituzten Estatu mailako beste hedabide askok. Orduan, Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako ordezkariak sartu dira eztabaida mediatikoan, eta baita euskal fiskal nagusia ere, Carmen Adán, azken honek deitoratzeko Gasteizko epaitegi batek ez dituela tramitatu aurreko urteetako salaketak. Epaitegiaren erantzuna izan da Bernedora joan ziren hiru adingabe deklaratzera deitzea. Abogados Cristianosek atzo bertan [irailak 30] iragarri du Euskal Udalekuetako arduradunen kontrako salaketa jarri duela, “exhibizionismo delitu posible batengatik”.
Pasa den ostiralean zabaldu zuen Euskal Udalekuak kudeatzen dituen elkarteak bere erantzun publikoa. “Une oro egon gara gurasoekin harremanetan, eta beti eman dizkiegu erantzun indibidualizatuak haien behar eta kezkei”, nabarmendu dute. Aitzitik, gaitzetsi dute “zabalpen mediatikoan sentsazionalismoa eta morboa sustatu” direla, “barne-komunikazioko elkarrizketak argitaratu” dituztela eta “komunikazio-bide pribatu zein publikoetatik hezitzaileon aurkako mezuak, erasoak eta difamazioa helburu zuten diskurtsoak jaso” dituztela, neurri handi batean kutsu transfoboa dutenak.

Difamazioen artean aipatu dute haurrak medikuarengana ez zituztela eramaten edota umeak gurasoengandik isolatu izana. Udalekuetan ohikoa den politika azaldu du elkarteak: parte-hartzaileei jakinarazten diete ezin dituztela mugikorrak erabili, baina gurasoekin deia eskatu dezaketela behar izanez gero.

Dutxa mistoei eta biluztasunari dagokionez, azaldu dute haien proposamen “politiko eta etikoa” transfeminismoan oinarritzen dela: “Inposatutako binarismoa zalantzan jartzen du, gorputzen normalizazioa bultzatzen du eta ingurune bizigarriagoak eraikitzen lagundu nahi du”, “identitate eta gorpuz guztientzako gune seguruak” sortzeko helburuarekin. Hala, dutxa “higienerako leku soil izateaz harago, gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko aukera bat dira (…) aldez aurretiko genero-identifikazio beharrik gabe”, gaineratu dute. Halaber, nabarmendu dute haur eta gazteei berariaz azaltzen zaiela proposamena eta dutxak gainbegiratu eta zaintzen dituztela: “Ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera, eta akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen ditugu”.

13-15 urteko txandako begirale batek zehaztu dizkigu dutxak gune seguru izateko neurriak: mistotasuna taldearekin adosten da lanketa egin ondoren; bakarrik edo bainujantziarekin dutxatzeko hautuak errespetatu dira; bi begiralek gainbegiratzen dituzte txandak; antolaketan kontuan hartzen da mutilak gehiengoa ez izatea neskak zaurgarri sentitu ez daitezen; eta udalekuan antolatzen dituzten “tertulietan” –haurrek edozein motatako gatazkak, zalantzak eta ezinegonak adierazteko espazioa– esplizituki ateratzen dute dutxen gaia. Hausnartu du dutxa segregatuetan ere zapalkuntza egoerak eman ahal direla, beste botere ardatzek eragindakoak, hala nola lodifobia edo homofobia. Ez du azalpenik eman Ojedok aipatutako sexu erasoari eta bere kudeaketari buruz.

Helduen biluztasunari buruz, komunikatuan adierazi bezala, berretsi du dutxen kasuan helburua dela taldea gainbegiratzea eta zaintzea, eta toplessa aukera bat dela gizonezko begiraleentzat den neurrian. Edonola ere, nabarmendu du ez dagoela inolako jarrera edo asmo lizunik. Azkenik, adierazi du elkarteak ez duela orain arte epaitegietako notifikaziorik jaso.

Bernedora umeak eramandako guraso askok hedabide eta sare sozialetan adierazi dute hezitzaileekiko aitortza eta konfiantza osoa. Naiz.eus-ek webgunean familien iritzi artikulua argitaratu du Euskal Udalekuen proiektua goraipatzen. 137 gurasok sinatutako artikulua hainbat hedabidetan kaleratu da, argia.eus-en adibidez: “Ez gaituzte diskurtso faltsu, bortitz eta erreakzionarioekin nahastuko. Zuekin gaude. Ez izan zalantzarik”, ohartarazi dute. Ildo beretik, hurrengo mezua idatzi du 11 urteko neskaren aita batek eldiario.es-en: “Desfasatuek eta erreakzionarioek nahi bezala jokatzen duten une honetan, ezinbestekoa iruditzen zait gune horiek egotea umeentzat, gure belaunaldiko helduok erakusten dieguna baino modu osasuntsu eta irekiagoan bizi ahal ditzaten beren gorputzak eta harremanak. Penagarria eta etsipengarria iruditzen zait Bernedon gertatutakoa haurren babesgabetasun eta sexu-indarkeria gisa planteatzea. Nire alabak, jakina, ez du ulertzen zergatik Euskal Herri osoko lagunekin 15 egun zoragarri igaro ondoren, oso seguru sentituta eta gazte-talde batek ondo zainduta, sexu-indarkeria gisa aurkeztu den”.

Dutxa mistoei eta biluztasunari dagokionez, Euskal Udalekuek azaldu dute haien proposamen "politiko eta etikoa" transfeminismoan oinarritzen dela. Argazkian, Bernedoko udalekuak. Argazkia: Euskal Udalekuak

Pikara Magazine-k hurrengo lagunengana jo du gaia sakonean jorratzeko, ez zehazki judizializatu diren salaketak, baizik eta atzean dauden zenbait galdera: nola uztartu nerabeen gorputz autonomia eta neskentzat espazio seguruak genero binarismoa gailentzeko egitasmoekin? Pedagogia transfeministetan, sexu heziketan, sexologian, indarkeria matxistetan, LGTBIQA+fobian eta haurren eskubideetan aditu direnekin hitz egin dugu.

Ezinegonak aitortu, Euskal Udalekuak defendatu
“Gertatutakoak ez du Euskal Udalekuen hezkuntza-ereduaren porrota islatzen, proiektu eraldatzaile baten eta testuinguru sozial baten arteko tentsio kulturala baizik”. Hori da Hiruki Larroxaren ondorio nagusienetariko bat. Pedagogia feministak eta sexu-hezkuntza ardatz dituen kooperatiba honek azpimarratu du “Euskal Udalekuak hezkuntza ez-formalaren, aisialdi hezigarriaren eta euskal kulturaren ondare historiko” direla, eta “Euskal Herrian zilegitasun sozial handia” dutela. Hala, elkarte honen “funtsezko zeregin hezigarri, sozial, kultural eta politikoa” aitortu du kooperatibak eta gurasoen kexen “instrumentalizazio mediatikoa” gaitzetsi du, hedabide jakin batzuen “narratiba alarmista eta moralistak”, baita “susmo, difamazio, seinalamendu zuzen eta kontrol sozialetan oinarritutako kontakizun bat eta bakarra ere".

Hala, Euskal Udalekuen pedagogia askatzaile eta feminista goraipatu dute, zeinak “genero-zatiketa zurrunik gabeko bizikidetza, gorputzen naturalizazioa eta taburik gabeko harremanen aldeko apustua egiten” duen. Aitzitik, onartu dute dutxa mistoak bezalako “asmo handiko” proposamenek “aldez aurreko prestakuntza-lan sistematikoagoa eskatzen dutela familiekin eta gazteekin”, baliabide asko eskatzen duena: “Konplexutasun horretan datza, seguruenik, gertatutakoaren zati handi bat”.
Hala, haien irakurketa da proposamen horrek talka egin duela udalekuetako parte-hartzaile batzuek eta haien familiek duten gorputzari, intimitateari eta sexualitateari buruzko paradigma kulturalarekin. “Ondorioz, ondoezak eta tentsioak agertu dira; horiek indarkeria- edo abusu-egoeratzat hartuz”. Azpimarratu dute bizipen horiek “aitortu eta entzun egin behar” direla, ulertuta familiek eta nerabeek “trauma pertsonal, interpertsonal eta sistemiko” ugariko testuinguru sozial batean eta balore jakin batzuetan heziak izanda, “desorientazioa eta ezustea” sentitu ditzaketela halako praktiken aurrean.

Hortaz, Hiruki Larroxaren mezua da pedagogia transfeministen apustua sendotzeko “gertatutakoa zuhurtasunez, sentsibilitatez, entzute aktiboz eta segurtasun-bermez” lantzea. Bide horri ekiteko, hedabide kritikooi erraztu diguten testuan lau ildotan egituratutako neurriak gomendatu dituzte: prebentzioa eta kontzientziazioa; hezkuntza-eragileen prestakuntza; bidelaguntza eta pedagogia komunitarioa; aliantza eta sareak sendotzea.

“Transfeministon akats bakoitza anplifikatuko dute”
Miriam Aleman Calatayud indarkeria matxistetan, LGTBIfobian, sexu-hezkuntzan eta eskola-jazarpenean trebatzailea eta aholkularia da Kataluniako Candela kooperatiba feminista komunitarioan. Bere kezketako bat da nola transmititzen diren diskurtso eta praktika feministak nerabeen hezkuntza-testuinguruetan, egun bizi dugun polarizazio handiko testuinguruan non, gainera, hainbat korronte feministaren paradigmen arteko talka handia azaleratu den: prosex deitutakoa batetik; eta transbaztertzailea ez ezik, sexu heziketa beldurretik eta esentzialismotik abiatzen duen korronte abolizionista, bestetik.

“Gertatzen ari denerako ekaitz perfektua da, eta transfeministok urakanaren begian gaude, begirada guztiak gainean ditugu. Gure akats bakoitza anplifikatu egingo da eta gure jarduna testuingurutik atera. Horregatik, arreta handia jarri behar dugu gure esku-hartzeetan. Ondo prestatu behar gara hezitzaile moduan, ez teoria batetik, pedagogietatik baizik. Leloak manifetarako utzi behar ditugu eta nerabeekin binkulua lehenetsi”, hausnartu du. Ildo horretatik, “feminismoari buruzko tailerrak” egin baino, nerabeekin lanketa “modu feministan” abiatzea defendatu du, haien sentipenak eta beharrak errespetatuz eta atzeraka eragin dezaketen diskurtsoak modulatuz. Ildo horretatik, adierazi du disidenteak ez diren nerabeentzat genero identitateak pisu handia daukala eta, hortaz, binarismoari gain hartzeko politikek ez badituzte haien erritmoak eta desadostasunak aintzat hartzen, ezinegon handia eragin diezaieketela.

Hortaz, funtsezkoa iruditzen zaio pedagogia transfeministak abiatzeko prozesuetan “familiei bizkarra ez ematea” eta “normatibitate” berriak ez inposatzea. Candela kooperatibaren apustua da hiru komun eskaintzea: neskentzat, mutilentzat eta libre: “Baina taldean portaera matxistak dituzten neska-mutilak badituzu, komun librean sartuko dira. Beraz, ez da hainbeste zer komun ditudan, baizik eta zer talde dudan”. Aipatu duen beste esperientzia bat da Candelak LGTBIQ udalekuak sustatu dituela, genero-disidenteek ahalduntze-espazioak izan ditzaten; horietan aplikatu ahal izango dira talde normatiboetan arrotzak izan daitezkeen dinamikak.

Amen eta nesken kexak eta haurtzaroko sexu-abusua lotzen dituzten diskurtsoei dagokienez, hezitzaile horrek “erabilera instrumental bat” identifikatzen du, “klasiko homofobo” bat dena: “sexu-indarkeria haurtzaroan kokatzen du, kanpoan, eta ez etxeetan, eta kuirtasuna mehatxutzat jotzen du”. Save the Children erakundearen arabera, haurren kontrako sexu abusuetan 10etik 8tan erasotzailea ezaguna edo senidea da.

Miriam Alemani (LGTBIfobian eta sexu-hezkuntzan trebatzailea) funtsezkoa iruditzen zaio pedagogia transfeministak abiatzeko prozesuetan familiei bizkarra ez ematea eta normatibitate berriak ez inposatzea

Aurretiazko komunikazio gardena
Violeta Assiegorengana jo dugu, abokatua, haurren eta emakumeen eskubideetan aditua eta Pikara Magazine-ko kolaboratzailea, ebazteko ea Bernedon identifikatutako praktika polemikoak delitu gisa hartu daitezkeen. Bere esanetan, gakoa ez da praktika jakin horiek epaitzea, baizik eta parte hartzaileen adostasun informatua eman den baloratzea.

Hala, espazio mistoetan biluztea naturalizatuta ez dagoen testuinguru sozial batean, batez ere pubertaroan, azpimarratu du dutxa mistoak bezalako neurri batek gurasoen edo tutoreen “aurretiazko baimena” eskatzen duela, patxadaz baloratu ahal izan dezaten pedagogia horrekin bat datozen ala ez, eta haurren bizipena ere kontuan izan dezaten. “Nahikoa elementu garrantzitsua eta berezia da, komunikazio guztietan argi gera dadin aldez aurretik, gardentasun-, informazio- eta elkarrizketa-printzipioen araberako hezkuntza-proposamen baten barruan. Ezin dira udalekuan bertan ireki eztabaidagarriak izango diren praktikak”, azpimarratu du.

Estatu mailako zein Euskal Autonomia Erkidegoko legeek, haurren kontrako indarkeriari buruzkoek, baldintza batzuk ezartzen dizkiete adingabeekin lan egiten dutenei, izan erakunde publikoak, pribatuak edo elkarte autogestionatuak: “Protokoloak, espazio seguruak, abusuak hautemateko prestakuntza nahikoa duten hezitzaileak, egoera deserosoen berri izan dezaketen erreferentziazko pertsonak izendatzea…”. Ildo horretatik, “delikatua” iruditzen zaio Bernedon gertatutakoa eta oinarri juridikoa ikusten die salaketei, begiraleen eta parte-hartzaileen arteko adinaren araberako harreman hierarkikoa kontuan hartuta. “Talde-presioa eta erreferente helduetatik urrun egotearen zaurgarritasuna aintzat hartu behar ditugu; ezetza emateko aukera badute ere, ez dute aukerarik haien ezinegona kontrastatzeko”, gaineratu du.

Azkenik, Alemanen ildotik, abokatuak mezu bat zabaldu du esku-hartze transfeministan heldukeria alboratzeko: “Ezin zaizkie eskatu nerabeei biluztasuna naturalizatzeak eta desexualizatzeak exijitzen dituzten arrazionalizazio- eta kontzientzia-maila: hor daude gorputzaren erreakzio erotikoak eta lotsak. Halako proiektu pedagogiko feminista bat gara daiteke, alternatiboa, kuirra, baina aldez aurretik partaide bakoitzak gorputzarekin eta sexu-indarkeriarekin dituen arazoak detektatu behar dira, modu indibidualizatu batean”.

Hori dela eta, Euskal Udalekuak elkarteari barne-autokritika egiteko deia egin dio, “lekuz kanpoko jardunak” aztertzeko: “Eraso transfoboak eta espainolistak jasaten ari dira, zalantzarik gabe, baina hori ez da aitzakia gertatutakoa kritikoki aztertzeko, [Santiago] Abascalek edo terfek diotena alde batera utzita”.

Nerabe transen bizipena
El Correo-k zabaldutako kontakizun horren ardatz bat izan da transfobia, enebefobia –pertsona ez-binarioen kontrakoa– eta kuirfobia zabaltzea. Ojedaren eta El Correo-ko testuetan Euskal Udalekuen hizkera inklusiboa (“categorizade”…) azpimarratzen da erdeinuz, sic. batekin markatuta. Are gehiago, egun horretan bertan, Vocento taldeko egunkariaren kontraportadan, Ducha ideológica izeneko testua idatzi zuen Pablo Martinez Zarracina zutabegileak, queer teoriaren inguruan ironizatuz eta sexu abusuen mamua astinduz. Euskal Udalekuen elkarteko kideek jaso dituzten erasoen artean nabarmendu da VOXeko ordezkariek euskal kulturan oso ezaguna den pertsona ez-binario baten argazkia txiokatu izana: “pederasta” deitzeaz gain, bere genero-adierazpena seinalatu dute susmagarri gisa.

Bea Sever sexologoa da ogibidez, Naizen trans familien elkarteko bozeramailea eta mutil trans baten ama. Erreportaje honetan bere izenean hartu du parte, ez elkartearen izenean, eta bere ibilbide naturistatik ere egin du ekarpena.

“Oso gizarte puritanistan bizi gara, sexualitatearekin lotutako dena oso modu alarmistan bizi duena eta beldurretik eta arriskuetatik bizi dugu, baita gure gorputza eta biluztasuna ere. Testuinguru horretan alarmak pizten dira berehala”, adierazi du hasteko. “Ez dakit zelan egin duten edo ez duten egin Euskal Udalekuetan, baina ezinbestekoa da nerabezaroan bizi diren lotsa eta gorputzarekiko arroztasuna errespetatzea. Eremu naturistetan [kanpinak, esaterako] 16 urtera arte ez da biluztasuna eskatzen. Hala, ondorioztatu du begiraleen helburua “positiboa” bada ere, naturismoaren inguruko ikerketek erakusten baitute biluztasuna normalizatua dagoen eremuan hazitako haurrek gorputzarekiko autoestimu hobeagoa daukatela, “erraztea dela bidea, ez behartzea”.

Halaber, azpimarratu du trans esperientziak dituzten haurren bizipena kontuan izanda –eta intersex esperientziak, gaineratuko genuke–, biluztasuna gomendatzeak talka egiten duela “identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak” sortzeko helburuarekin: “Gure testuinguruan, zakildun neskek eta bulbadun mutilek oso gaizki bizi dute biluztasuna, badakitelako horrek baldintzatuko duela besteen begirada. Askotan ekiditen dute kirola egitea edo udalekuetara joatea halako egoerak ez bizitzeagatik. Gure seme-alabetariko askok ez dute barruko arropa kentzen ikaskideekin dutxatu behar direnean. Trans ez-binarioek inposizio moduan bizi dezakete bi komunen artean aukeratu behar izatea, baina cis-passinga ere badaukate”.

Naizen elkarteak irakasle eta begiraleei egiten dien eskaera da familia edo haurrarekin hitz egiteko, biluztasun egoerak nola bizi dituzten aldez aurretik jakiteko: “Batzuek antsietate eta paniko krisiak dituzte, beste batzuek hobeto daramate eta gutxi batzuk lasai biluztu egiten dira”.

Erreportaje hau ixtear irakurri dugu Denuncias Euskal Herrian hurrengo testigantza: “Ni mutil transa naiz, 6 urterekin joan nintzen lehenengo aldiz Bernedora, eta ordutik uda ia denak pasa ditut udalekutan –hauetan zein beste batzuetan– transa nintzela jakin gabe eta disforia galanta. Urtero dutxatu naiz eta biluztasunarekin gaur egun bakean bizi banaiz, garai hartan egindako lanaren fruitu ere badelako izan da neurri handi batean. Eta ez, ez naiz eroso sentitu dutxa denetan. Eta bai, errespetatu eta zaindu naute egoera horretan. (…) Dutxen kudeaketa kasu honetan ez bada egokia izan, kudeaketa hori epaitu beharko litzateke, eta ez hortik kanpo geratzen dena [aurrerago zehaztu du bere garaian hiru txanda zeudela: neskentzat, mutilentzat eta mistoa]. (…). Ulertu behar dugu halako proiektu edo egoera baten aurka egitea eta pedofiliarekin edo ez dakit zerekin lotzea, eta pertsona bat seinalatzea haren aurkako irainak eta gorroto diskurtsoak erabiliz, transfobia dela. Udalekutan hartu genuen bizi ginen munduaren gaineko kontzientzia (…)”.