argia.eus
INPRIMATU
Diluzio
Edu Zelaieta Anta 2025eko urriaren 08a

Kosta egiten da hitz autorizatuak eraikitzea gaur den egunean, nahiz eta hitz horiek zerbaiti buruzko ezagutza sakona duten pertsona batzuenak izan. Maria Teresa Andruetto idazle argentinarrari entzuna nion ohartarazpena: jakintzarekiko eta lan iraunkorrarekiko gizarte-deskalifikazioa normalizatuxea dago. Begirune hori diluitu egin da –batzuetan Orwellek sinatuko zituen eslogan xelebreak erabiliz–, eta giro ustez berdinzale batek iraganari bide zegozkion liderrak ernarazi ditu hor-hemenka. Hauteskunde demokratikoetan aukeratutako motozerradun presidenteak barne.

Diluzio arriskua ez dago Atlantikoaren bertze aldean bakarrik; ez eta politika neoliberalak sustatzen dituzten agintarien nahiz dirudunen artean soilik ere. Euskal Herrian ere badakigu fenomenoaren berri. Bai eta euren burua ezkertiar, iraultzaile edota kritiko ozenki aldarrikatzen dutenen artean ere: azken batean, euskaldunok ere psikologiaren eta soziologiaren lehengai izaki, gainerako herrien paretsu.

Eta ahotsak bereizi gabe berdintzen direlarik, zaratak bazterrak kakazteko gaitasun handia du. Baita kausa noble baten izenean ere.