argia.eus
INPRIMATU
Zirrara
Karmele Gisasola Zenikazelaia 2025eko urriaren 01

Iraila, errutinara buelta, askorentzat ikasturte berria eta horri dagozkion zirrarak: ikasturtea norekin konpartitu, nor izan alboan, zer ikasi, nola eta nora joan… Batzuentzat, esperientzia berriak bizitzeko lehen aldia.

Aldiz, beste batzuentzat esperientzia berririk ez, lehengo berdinera buelta. Inguruko berdinak, toki berdina, ezer berririk ez. Gauza asko lehen aldiz bizitzean, zirraraz hartzen dira, aldiz, egoera behin eta berriz errepikatzen hasten denean ez du sentsazio berririk sortzen.

Aurten, bigarren aldiz, Boise-n ospatzen den jaialdira joateko aukera izan dut. Aurrekoan bezala, herri kiroletan, baina aurrekoan ez bezala, beste modalitate batean, aizkoran. Banekien non egingo genuen lo, hiria nolakoa zen, non egingo genituen herri kirolak… Hortaz, zirrara handirik ez dut sentitu momentu askotan. Baina bai, ordea, beste egoera batzuetan.

Eskerrak baden euskaldunik, Euskal Herrian bizi ez denik, dugunari balio ematen dionik

Munduaren beste puntan egon arren, Euskal Herrian nekez lortzen diren gauza batzuk lortu ziren. 4.000 pertsona baino gehiagoren aurrean ordu eta erdiko herri kirol saioa eskaini genuen; beste horrenbeste jenderentzat bi ordu baino gehiago irauten duen euskal dantzen emankizuna eskaini ziguten; euskal kontzertuetan jendeak dena eman zuen, eta horiek guztiak ikusteko, jendeak sarrerak ordaindu zituen. Ez ziren dohainik izan.

Boiseko kaleetan ezin da alkoholik edan, hortaz, euskal etxearen inguruko kaleak itxi zituzten eta bertan sartzen zen pertsona orori (berdin zioen 25 urte edo 70 urte izan) NANa eskatzen ziguten. Arratsalde batean, euskal etxearen inguruan nengoela, gizon batek kasu egin zidan eta berarekin zegoen emakumea aurkeztu zidan, hau esanez: “Gu ere Gisasola gara”. Gizonak aipatu zidan bera Ibarrangelukoa zela, baina emakumea amerikarra zela. Segituan, emakumea euskaraz hasi zitzaidan hitz egiten. Momentu batez, pentsatu nuen Euskal Herrian bizi zela eta gerora Ameriketara joana izango zela, baina ez. Bere birramama joan zen Euskal Herritik Ameriketara, artzain batekin ezkondu zelako. Eta hiru belaunaldi geroago, beraien familian euskarak jarraitzen zuela ikusi nuen. Eta noski, ez zen familia bakarra. Horrelako beste batzuekin egoteko ohorea izan nuen. Ezagutzen nuen familia oro zirraraz entzuten nuen. Eta bai, ohorea diot, zeren Euskal Herrian bizi den askok ez baitio baliorik ematen dugunari.

Eskerrak baden euskaldunik, Euskal Herrian bizi ez denik, dugunari balio ematen dionik.