Interneteko plataforma boteretsuenek fenomeno bat sortu dute: euren sistemen baitan, negozio eredu “burujabeak” sortzearen ilusioa.
Australiako Glitch estudioak Guiniverreko zaldunak 2D animazio telesaila argitaratu berri du Youtube plataforman. Istorioan, Dana Terrace marrazkilari eta zuzendariak etorkizun distopiko baten inguruan dihardu. Disney korporazioaren marrazkilaria izan zen, eta entretenimenduaren industriari kritika egiten dio, bere esperientzian oinarrituta. Entretenimenduaren korporazio handiek, etekinak gidatuta, edukiak errepikatzeko duten joerari (merkatuari behin eta berriz berdina eskainiz), baita naturaren baliabideen inguruan egiten duten ustiaketari ere.
Lehen kapitulua asko gustatu zait. Ez naiz animazioan aditua, baina kalitate oso onekoa iruditu zait. Baina askori galderak datozkigu burura, lan hau ikusita. Zelan sostengatu dezake horrelako estudio txiki batek munduan hainbesteko oihartzuna hartu duen produkzio bat? Dirudienez, neke handiz... eta beste batzuen negozioen bizkarrera igota (Youtube, Netflix...), mendekotasun handiko errealitateak sortuz eurentzat eta euren jarraitzaile komunitatearentzat (fandoma). Plataforma horien bidez, Danak arriskua du korporazioei kritikatzen dien horretan erortzeko, beti berdina eskaintzea. Izan ere, plataforma horiek, eremu digitalean dugun jokabidearen zelataritzan oinarritzen dutenak euren negozio eredua, behin eta berriz antzeko edukiak kontsumitzeko arriskua sortzen dute pentsamendu kritiko askorik gabe nabigatzen dutenentzat.
Orain dela hamarkada bat, berrikuntzaren guru guztiak sorkuntzaz eta ezagutzaren ekonomiaz hitz egiten hasi zirenean, ez nuen errealitate hau inondik ere irudikatzen: sortzaileen eskutik, holako plataforma zapaltzaileetara jarraitzaileak (fandoma) bideratzeko dinamika.