Hungaria, 1038. Eztebe I.a erregea, erresumaren fundatzailea hil zen. Handik mende erdi eskasera, 1083an abiatu zen haren kanonizazio prozesua, eta, hala, historiako familia santuenaren historia ere abiatu zen; guztira, Hungariako errege-familiako hamar kide izendatu zituzten santu edo beato, eta horietatik soilik bi ziren kleroko kideak. Modu horretan, luzaroan indarrean egon zen santu izateko irizpide bat aldatu zuten: kleroko kidea izatea. Handik aurrera, botere politiko eta ekonomikoak Jainkoari eskainitako bizi osoa baliozkotzen zuen, nonbait. Lehenago, Goi Erdi Aroan, salbuespen batzuk izan ziren, baina gehienetan martiri moduan hil ziren pertsona laiko horiek.
Izan ere, sufrimendu fisikoa elementu garrantzitsua izan da santutze bidean. Santa Luziari begiak atera zizkioten, Santa Ageda Cataniakoari bularrak moztu zizkioten, San Blasi azala kendu zioten xafla goriekin, San Lorenzo torturatzeko ere burdina goriak erabili zituzten... Torturak kanonizaziorako puntuak ematen ditu, baina ez da derrigorrezko baldintza. Santutegi katolikoko bazkide guztiek ez zuten muturreko sufrimendu fisikorik jasan behar izan klub horretan sartzeko.
Santu izendatua izateko, derrigorrezko baldintzetako bat mirariak egitea da, edo, bestela esanda, mirariak asmatzeko irudimena izatea. San Martin Porreskoak, esaterako, bilokaziorako gaitasuna zuen, une berean bi tokitan, Liman eta Afrikan, agertu baitzen
Derrigorrezko baldintzetako bat mirariak egitea da, edo, bestela esanda, mirariak asmatzeko irudimena izatea. San Martin Porreskoak, esaterako, bilokaziorako gaitasuna zuen, une berean bi tokietan, Liman eta Afrikan, agertu baitzen –zenbait iturriren arabera, Japonian ere agertu zen–; eta, behin, bere monasterioan sagu izurritea zegoela eta, karraskariekin zuzenean negoziatu zuen, eta beste toki batera joateko konbentzitu zituen. San Vicente Ferrer Castellóko Morella herrira joan zenean, emakume batek bere haur jaioberria zatikatu eta egosi omen zuen bisitariak jan zezan; santuak zatiak hartu eta puzzlea bailitzan muntatu eta berpiztu zuen haur txikia. Santa Kolonba Ionakoak Ness lakuko munstroa bera (kondaira guztiz paganoa) mendean hartu omen zuen. Eta Santa Brigida Kildarekoak, Irlandako patroietako batek, askorengan inbidia piztuko duen gaitasun bat zeukan: ura garagardo bihurtzen zuen.
Baina mirari ikusgarri horiek apalduz joan dira denboraren poderioz. Berriki kanonizatutako Carlo Acutis sarean jainkoaren hitza zabaltzeagatik nabarmendu arren, eliza katokikoak internet bidezko mirariak oraindik ez ditu homologatu, eta italiar nerabeari irudimen gutxiko bi mirari egokitu dizkiote: gaixo bat sendatu omen zen haren elastikoaren oihala ukituta, eta beste pertsona bat ere osatu omen zen Acutisen hilobian otoitz egin ondoren.
Mirarien kalitatearekin batera kantitateak ere nabarmen egin du behera. Garaiaren arabera, hil ondorengo mirarien gutxieneko kopurua aldatuz joan da. Aro exijenteenetan santuko ehunka mirari asmatu behar ziren; Vatikanoko II. Kontzilioaz geroztik (1962-1965), bi besterik ez dira behar.
Eskakizunak apaltzeak, hautagaien kopurua handitzea dakar. Egun, 2.600 santu inguru ditu eliza katokikoak (10.000 inguru beatoak gehituta). 1756an Alban Butler apaizak 1.486 santu zenbatu zituen; horrek esan nahi du bi mende eta erdi pasatxotan kopurua ia bikoiztu egin dela. Joan Paulo II.ak hautsi zituen marka guztiak, 25 urteko agintaldian 1.300 beatifikazio eta kanonizazio egin zituen, santuen gurtzaren negozioa zabalduz.
Horrenbestez, eliza katolikoak komeni bezala moldatu ditu santu izateko irizpideak. Baina funtsezko baldintza bati finko eutsi dio, oraingoz behintzat: hautagaiak hilda egon behar du.