argia.eus
INPRIMATU
Rakel Mateo
“Ez dut saiatu ez izanaz damutu nahi”
  • Ideia bat argi duenean, oztopoak oztopo aurrera doa Rakel Mateo triatleta (Mungia, Bizkaia, 1975). 2001ean lan istripu bat izan ostean, ezkerreko hanka txikituta geratu zitzaion. Horren ondorioz, kirol egokitua deskubritu zuen eta hiru Paralinpiar Jokotan parte hartu du. 

Olaia L. Garaialde 2025eko urriaren 01

Uztailaren 12an Magogen (Kanada) lehiatu ostean, hezur-edema bat egin zuen peronean, pista ez zegoelako behar bezala egokituta. Ia bi hilabetez lesionatuta egon ostean, Alhandrako Munduko Kopan parte hartu du irailean, Portugalen. Kontent itzuli da, ez zekielako nola erreakzionatuko zuen orkatilak.

Supermerkatuan lanean zegoelarik, 2001ean, ehun kilo erori zitzaizkion ezkerreko hankara Rakel Mateo triatletari. Lan istripuak paralisia eragin zion hankan. Horrek epaiketak, mediku probak eta beste protokolo asko aktibatu zituen: “Toki guztietara autoan edo poliki-poliki ibiltzen joaten nintzen. Nebaren bizikleta ikusi nuenean, neure buruari galdetu nion ea nola izanen litzatekeen berriz bizikletan ibiltzea. Banekien desgaitasunarekin konplexua izanen zela, baina nire modua aurkitu nuen. Prozesu horretatik ateratzeko ihesbide bat bihurtu zen”. Bizikletan geroz eta kilometro gehiago aritzen zenez, istripuren bat eragitearen beldur zen. Horregatik, baimenak eta seguruak bilatzen kirol egokitua deskubritu zuen: “Istripuak onerako aldatu dit bizitza”. 

“Hala moduz” egokitu zuen hasieran bizikleta. Hanka guztiz luzatuta eraman behar zuen, eta poliki-poliki eta frenatuta zihoala dio. Triatloien berri jakin zuenean, istripuaz geroztik igerian eta korrika ez zekien arren, probatzen joan zen. 2014an lehiatu zen lehenengo aldiz, eta bi urtera Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen. “Sinestezina iruditzen zitzaidan. 35 urterekin hasi nintzen kirolaria izaten, eta hori baino lehen, 12tik 22 urtera arte anorexia izan nuen. Haztetik baino, autosuntsitzetik nentorren. Baina, azkenean, neure buruari galdetu nion: 'Eta saiatu ez izanaz damutzen banaiz?'”. Helmugara iritsi, eta triatloia uztea zen Mateoren helburua, baina geroz eta erronka gehiagori aurre egiteko grinak gaina hartu dio. Ordutik, filosofia horrekin jarraitu du. 

“Dudarik gabe laguntza ekonomiko faltagatik lehiatu ezin diren kirolari onak egonen dira”

Hasieran, makuluekin egiten zuen korrika, baina egun protesia darama hanka ebaki ziotelako. Tokioko 2020ko Paralinpiar Jokoetara joan baino sei hilabete lehenago egin zioten ebakuntza. Hanka ebaki berritan, Espainiako Batzorde Paralinpikoak eta Espainiako Federazioak deitu zioten esanez goizegi zela lehiatzeko, baina hala ere, parte hartzea erabaki zuen: “Muinoia hesgailuz beteta ikusten nuen, baina argi nuen, ia bost urtez prestatzen egon ostean, horrek ez ninduela geldiaraziko. Nire xedea helmuga pasatzea zen”. Parisko 2024ko Paralinpiar Jokoetan ere izan da, baina horren aurretik femurra apurtu zuen lehiatzen: “Ez dut marka olinpikorik lortu, baina inoiz ez dut damutu nahi izan saiatu ez izanaz”.

Beste lesio batzuk ere izan ditu bidean. Esate baterako, uztailaren 12an Magogen lehiatzen hezur-edema bat egin zuen peronean. Ia bi hilabetez lesionatuta egon ondoren, irailean, Portugalen izan da Alhandrako Munduko Kopan lehiatzen. Soilik bi aste izan ditu korrika egin ahal izateko, baina bertan egon nahi zuen puntuak lortzeko: “Pozik nago ez nekielako nola erreakzionatuko zuen orkatillak”. Kontatu duenez, beste batzuetan ez bezala, korrika egiteko pista ez zegoen egokituta, eta albo batera makurtuta zegoen. Gainera, ez zuten pista horren errekonozimendua egiteko aukerarik izan. Hori dela eta, Nazioarteko Batzorde Paralinpikoari kexa bat helarazi dio: “Esan zidaten jende gehiago kexatu zela. Gainera oso estua zen. Ni juxtu-juxtu pasatzen banintzen, pentsa pertsona itsu bat bide-erakusle batekin. Antolatzaileek ez dituztenez oztopo horiek, ez dituzte akatsak ikusten. Egia esan,  ondo hartzen dituzte kritika konstruktiboak”. 

Traba ekonomikoak
Argazkia: Espainiako Triatloi Federazioa

Beste oztopo batzuez ere mintzatu da Mateo; tartean, kirol munduaz bizitzeko dauden zailtasun ekonomikoez. Iruditzen zaio “oso zaila” dela kirolaz bizitzea, eta “are gehiago” pertsona desgaitua izanik, gastu handiagoak daudelako. Triatloian bete-betean aritu nahiko luke; alabaina, Lantegi Batuak Fundazioan lan egiten du. Azpimarratu du oso eskertuta dagoela, lan-utzialdia eskatu zuenean lanaldia murrizteko aukera eskaini ziotelako eta txapelketekin antolatzen laguntzen diotelako: “Argi dut honaino iristea lortu badut ondoan dudan guztien laguntzarengatik dela”. 

Horregatik, nahiz eta diru-laguntzak egon, babesle pribatuak lotu behar direla dio: “Agian beka handi bat lortzen baduzu bizi zaitezke kirolaz, baina azkenean gastu ekonomikoa handiagoa da, osagarri gehiago behar ditugulako. Naturalizatzearren, txantxetan,  haurrei esaten diet Barbie eta bere osagarriak bezala naizela”. Gastu horien artean daude, besteak beste, protesiak, tandemak eta bide-erakusleak: “Nire kasuan protesia babesletzari esker daukat. Dudarik gabe, laguntza ekonomiko faltagatik lehiatu ezin diren kirolari onak egonen dira”. 

Gorputzeko atal bat?

"Protesia eta muinoia. Batzuek betaurrekoak dituzte, beste batzuek bibotea edota bizarra, batzuk ilehoriak dira eta nik protesia daukat. Gustatuko litzaidake naturalizatzea denok ezaugarri propioak ditugula".