argia.eus
INPRIMATU
Palestinarainoko olatua
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2025eko urriaren 01

Ikasturte berriarekin batera, EHU Palestina plataformako kideok berriro batzen hasi gara, ikasgela, ikerketa eta gainerako unibertsitate-jardueretan Palestinan Israel egiten ari den genozidioa eta horren konplizeak salatu eta baztertzeko. Abiatu ginenean oso bakarti sentitu arren, elefantea mugiarazi ahalko genuen konbikzioa genuen, eta, epela bazen ere, lehenengo adierazpen bat lortu genuen. Aldi berean, Espainiako Estatuko zein nazioarteko beste unibertsitateekin sareak josten hasi ginen, salaketa eta elkartasun ahotsa campusetan anplifikatzeko.

Orain, Errektoretzak beste urrats bat egin du, eta hainbat ikerketa atzera bota ditu hartutako konpromisoari eutsita. Ez dagokit niri horren balorazioa egiterik, baina gogoeta hona ekarri nahi dut, EHUn ez ezik iritzi publikoan ere nabaritzen baitut aldaketa. Batzuei gero eta zailagoa egiten zaie beren txepelkeria –isiltasun konplizea ez bada– justifikatzea, nazka adierazten duen herriaren elkartasun oihua kriminalizatzea, edo enpresa batzuen jarduna defendatzea.

Hau idazten ari naizela, Gazarako ontzidian dut bihotza, mundu osoan milaka pertsonak bezala, eta badakit, erasotzen badute, kaleak beteko ditugula, Palestinarekiko elkartasun olatua tsunami geldiezina baita.