argia.eus
INPRIMATU
Juanlu Primo. Eskuak pedaletan
“Dendan zuloak utzi dituen jendea ez da izan dirurik ez duen jendea”
  • Bizikleta denda bat dauka Juanlu Primok Bilboko San Frantzisko auzoan: bere gurasoek taberna izan zuten auzo berean. Gurpilez betetako dendan jarraitzen du gustura, auzoan izaten ari diren aldaketen lekuko.

Onintza Enbeita 2025eko urriaren 01
Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA
Juanlu Primo (Bilbo, 1977)

Juanlu Primori elkarrizketa bat egin zioten behinola egunkarian. Han kontatu zuen gurasoek jatetxea izan zutela auzoan, eta egun batzuetara neska bat etorri zitzaion dendara: “Ezetz jakin zer daukadan etxean behinola zakarretatik berreskuratuta?”. Jatetxeko kartela zen. Gurasoek lokala saldu zutenean bota egin zuten, baina norbaiti baliagarria iruditu zitzaion. Orain La Ferron dago, auzoaren bizitzaren zati txiki argitsu bat.

Garai batean herri guztietan zeuden bizikletak konpontzen zituzten tailerrak, baina denborarekin ixten joan ziren. Nola sortu zitzaizun La Ferro irekitzeko ideia edo aukera?
Nik bizikletarekin neukan harremana zeuk eduki zenezakeena da. Banuen bizikleta bat udaran ibiltzeko, kirol pixka bat egiteko… hori baino gehiago ez. Kontua da lanik gabe gelditu nintzela, eta zerbait nire kabuz irekitzea pentsatzen hasi nintzen. Eskuekin lan egin nahi nuen, eta bizikletetan pentsatzen hasi nintzen, baina aurretiaz ezer argirik izan gabe.

Eskuekin lan egin nahi zenuen eta gehienok hankekin lotuko genukeen zerbaiti ekin zenion.
Hori da. Nire hasierako asmoak hiru ziren: eskuekin lan egitea, neuk bakarrik kudeatzeko moduko espazio bat izatea eta lantokira txakurrarekin joan ahal izatea. Horretan nenbilela, hor beheko kalean, erreka ondoan, lokal bat ikusi nuen eta uretara salto egitea erabaki nuen. Orain taberna bat dago lokal horretan, hemen husten joan diren lokal gehienetan bezala. Bizikleten inguruko ikastaro batzuk egin nituen, eta hasi egin nintzen. Ez dut sekula lotura berezirik izan bizikletekin, 2015ean La Ferro ireki nuen arte.      

Urteekin lotura hori gehitu egin da?
Pasioa etorri eta joan egiten da. Nire motibazio handiena lanean jarraitu ahal izatea da. Bizikletak konpontzea gustatu egiten zait. Jendearen nahiaren arabera lan egiten dugu, eta gustatu egiten zait sortzen den harremana. Bidaia luzeak egiten dituen jendearekin lan egin ahala, esate baterako, halako lanetan espezializatzen joan gara. Bete egiten nau jendeari zer behar duen entzuteak eta asmatzeak. Guk interpretatu egin behar dugu zer den bezeroek behar dutena, eta uste dut hori ondo egiten dugula hemen, ze jendea itzuli egiten da.

"Umea zarenean 
bizikletak askatasun 
sentipena ematen dizu, 
eta uste dut bizikletak 
sentipen hori gorde egiten duela betirako”

Bizikleta modan jarri dela dirudi, baina zuek hemen bestelako bezeroak ere badituzue. Nola lan egiten duzue batzuekin eta besteekin?
Nire ulertzeko moduaren arabera, Bilbo hiri klasista da, eta jendea leiala da bere buruarekin identifikatzen duen denda edo negozioekin. Gure kasuan, batzuek uste dute pijo-entzako denda garela eta beste batzuek La Ferro txatartegia dela. Niri hori gustatu egiten zait! Izan ere, hemen sartzen bazara, gauza bi horiek aurkituko dituzu. Batzuk etortzen dira eta esaten didate bizikleta zaharrak baino ez ditudala dendan, eta hala da: hemen bizikleta zahar asko dago, baina berriak ere badaude, oso garestiak gainera. Denetariko jendea etortzen zait eta oso pozik nago.

Merkatutik kanpo mantendu naiz erosketen kontuan. Urtero ateratzen dira txirrindula berriak, eta gehienetan aurreko urteko berdinak izaten dira gauza txikiak aldatuta. Berria saldu nahi baduzu, zaharra eskaintza berezietan atera behar duzu, eta hor lehia handia dago. Enkante horretan sartzea itogarria da epe luzera. 

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Zaila da logika horretatik kanpo irautea?
Batzuetan bai, baina denda askoren egoera ikusita, ez dakit gu hobeto ez gauden. Konfinamenduaren ostean, adibidez, mundu guztiak erosi nahi zuen bizikleta. Sekula ez genuen halakorik ikusi. Fabrikatzaileek pentsatu zuten beti horrela izango zela, eta orain zer egin behar dute bizikleta horiekin guztiekin? Gurpil horretan sartu direnek urtebete lehenago erosi behar dituzte bizikletak eta gero saltzen saiatu. Nik ez dut ura lepoan dudala bizi nahi.

Bizikleta garraiobide moduan ulertzen dugu?
Gero eta jende gehiagorentzat da hala, baina oraindik ez da pentsamendu orokorra. Gehiago esango dizut: jende askok bizikleta bat erabiltzen du lanera joateko eta beste bat aisialdirako. Beno, bada, lanera joateko 200 euroko bizikleta erabiltzen dute eta hilabetean bi aldiz erabiltzeko 5.000 eurokoa daukate. Horrek ez du zure aukera ekonomikoarekin zerikusirik. Zuk 5.000 euroko bizikleta bat erosi ahal izan baduzu, izan dezakezu 3.000ko bat lantokira eroso joateko egunero. Bizikletak izan beharrean kotxeak balira, inork ez luke halakorik egingo. Aldi berean, negozio bezala, hazteko aukera handia dugu jendeak bizikleta garraiobidetzat ulertu ahala. Badago jendea kalkuluak egin dituena, eta kotxea bizikleta elektriko onagatik aldatu duena. Dirua aurrezteaz gain, pisua galdu dutela esaten didate.

"Badago jendea kalkuluak egin dituena, eta kotxea bizikleta elektriko onagatik aldatu duena. Dirua aurrezteaz gain, pisua galdu dutela esaten didate"

Hiriak prestatuta daude bizikleta garraiobide lez erabiltzeko? 
Izango dira hiriak prestatuago daudenak, baina Bilboko bidegorri sarea ez da funtzionala. Parisen, esate baterako, sekulako buelta eman dio oraingo alkateak zirkulazioari. Autoak eta bizikletak elkarrekin iraun ahal izateko neurriak hartu ditu, eta autoen erabilera jaitsi egin da. Ez dute inor ezertara behartu, baina jendea bizikletan eroso mugitzeko neurriak ezarri dituzte. Zirkulazioan ez ezik, airearen kalitatean ere eragina izan du horrek. Orduan, Bilbori begiratzen badiot, bada, hemen badaude bidegorriak errekaren alde bietan, baina auzoren batera joan nahi baduzu, jai daukazu. Kotxeak 30era joateko muga ezarri zuten, baina gehienak azkarrago doaz eta bizikletan ibiltzeak beldurra ematen du.

Konfinamendu ostean mundu guztiak bizikleta nahi zuela esan duzu. Burbuila lehertu ostean, ze bezero gelditu dira?
Burbuilen ostean ere beti gelditzen dira bezeroak. Pandemia eta gero, jende gehiago joaten da lanera bizikletan; ez pandemia amaitu berritan joaten zen adina, baina aurretik baino gehiago. Begira, Bilboko Udalak bizikleta elektrikoen sarea jarri zuenean esaten zidaten kalte egingo zidala horrek, baina beti dago norbait bere bizikleta propioa nahi izango duena. Gauza horiek ondo daude, beste era batera bizikleta hartuko ez lukeen jendeak har dezan. Guk saldu, gehiago saltzen dugu kanpora Bilbon bertan baino; eta hala ere, La Ferro auzoko denda bat da. 

Ze harreman daukazue La Ferrok eta biok auzoarekin? 
Handia. Dendak La Ferro izena dauka nire gurasoek hemen, San Frantzisko auzoan, izan zuten jatetxearen omenez: La Ferroviaria. Ni hemen bizi izan nintzen 9-10 urtera arte, eta denda jartzeko lokalaren bila hasi nintzenean, Bilboko beste auzoetan ekonomikoki ezinezkoa zena hemen posible zen. Auzoaren parte sentitzen naiz. Jende askok umea nintzenetik ezagutzen nau. Badira lapurtuko dioten beldurrez etorri nahi ez duten bezeroak, baina nik bizikletak ez ditut etxera eramaten. Nahi duenak hona etorri behar du bila. Nik ez dut hemendik mugitu nahi. Gaztela eta Galiziako migratzaileak zeuden lehen, eta giro horretan hazi nintzen ni. Orain Sahara azpiko eta Magrebeko migrazioa dago, baina auzoak batuta jarraitzen du. Aurreiritziak aurreiritzi, nik bizikletak atean uzten ditut, eta ez dizkidate sekula eraman. Lokal hau erosi egin nuen, baina lehengo lokala alokairuan izan nuen. Orain lokal hura dagoen moilan, dena taberna da.

Auzoa aldatzen ari da.
Aldaketak ez ditu auzoak eragin, jakina. Taberna asko ireki dituzte eta horrek protestak eragin ditu. Ni moilan nengoenean ez zegoen ezer: Le Club betiko taberna, biandak saltzen dituen denda orain ere badagoena, neu eta gutxi gehiago. Tabernek inpaktu handia eragiten dute auzokideengan kalea hutsik egotetik sekulako jendetza biltzera pasatu delako. Ni ez nago tabernen kontra: nire familiak jatetxea izan du urte askotan. Oreka da kontua.

Agian azken urteetako gehiegizko turismoak mota konkretu bateko hiriak eta komertzioa eraikitzera garamatza.
Beste norabaitera zoazenean zerbait berezia bilatzen duzu, eta Bilbora bazatoz, errekaren alde honetan daukazu hori. Indautxun ez da jendea luze geldituko beste leku guztietan dagoena dagoelako. Niri ez zait turismo inbasiboa gustatzen, eta saiatzen naiz beste leku batean halakoa ez izaten, baina turistak guztiok gara. Taberna horien arazoa ez dira turistak bakarrik, ordea. Nik uste dut udalak pentsatu zuela Zazpi Kaleak lehertuta daudela eta beste gune bat eskaintzen hasi zirela aisialdirako aukera gisa, eta hau geldi egotetik mugimendu handia izatera pasatu da. Gero egia da auzo honetan onartzen direla beste batzuetan onartuko ez liratekeen gauzak zaratari eta jendeari dagokienez. Dena den, ni auzoan pozik nago: hemen bizi naiz eta hemen lan egiten dut.

"Gero, egia da San Frantzisko auzo honetan onartzen direla beste batzuetan onartuko ez liratekeen gauzak zaratari eta jendeari dagokienez"

Lehen esan duzu Bilbo hiri klasista dela. Seguruenetik euskal gizartea orokorrean hala izango da. Edozelan ere Bilbo asko aldatzen ari da. Komertzio txikian igartzen da hori?
Komertzio txikiaren kasuan aldaketak txarrerako dira. Duela gutxi Manchesterren egon naiz eta ez dago denda txikirik. Kozinatutako janaria saltzen duten dendak daude leku guztietan, eta etengabe betetzen dituzte apalategiak. Jendea egun osoan ari da erosten egindako janari hori, eta kito. Londresen lehenengoz Glovo eta Libero ikusi nituenean, nire buruari galdetu nion ea hori Bilbora iritsiko ote zen, eta iritsi da. Hasieran ideia ona iruditzen zitzaidan diru estra bat behar duen jendearentzat edo ordu gutxi lan egin dezakeenarentzat, baina esplotazioa ekarri du. Komertzio txikia desagertzen ari da. Niri tailerrak asko laguntzen dit. Bezero asko ditut komertzio txikia izatea kontuan hartzen dutenak, baina Internet hor dago. Mundu guztia ikusten dut joko horretan, eta geldiezina iruditzen zait. Jendeak deitzen dit zerbait eskatzeko eta itxaron ahal duenak itxaroten dit, eta nik ikaragarri eskertzen dut hori. Baina beste batzuetan pentsatzen dut, zer egingo dute, bada? Beste nonbait aurkitu baldin badute, normalena erostea da. Nik auzoan egiten ditut erosketak, eta gustatzen zait beste jendeak ere aukera hori egitea, baina jende gehiena ez dago horretan. 

Tailerrari esker irauten duzu?  
Garaiak izaten dira: batzuetan tailerrak ematen dit lan gehiago eta besteetan dendak. 

Bizikletak egin izan dituzue.
Badaukat lagun bat bizikletako koadroak eskuz sortzen dituena, eta bion artean egin izan ditugu bizikletak gero guk sinisten ditugun gauzen alde dirua ateratzeko. Open Armsentzat egin genuen kanpaina bat eta La Cuadri del Hospirentzat beste bat. Batzuetan sartzen gara saltsetan: zergatik ez, bada? Hala ere, guk egin dezakegun gizarte lanik handiena, bizikleta lanerako behar duen jendeari laguntzea da. Glovon eta ari diren langileei sekulako sermoiak botatzen dizkiet. Denak dira autonomo faltsuak, eta neuk esaten diet hartzeko fakturak eta bizikletaren gastuak aurkezteko lan gastu moduan. Gehienek sarean hartzen dituzte aholkulariak eta ez daukate ganorazko laguntzarik. Askotan ezin izaten digute momentuan ordaindu, baina bizikleta lanerako behar duenari utzi egiten diot eraman dezan: ordainduko dit ahal duenean. Ez badiot lanerako tresna bueltatzen nola ordainduko dit? Beti ordaindu didate: beti, beti, beti.

Argazkia: Eider Iturriaga / ARGIA CC BY-SA

Oraindik ere jendearengan konfidantza izan daiteke, beraz?
Gauza bat esango dizut: hemen zuloak utzi dituen jendea ez da izan dirurik ez duen jendea. 

La Ferrok esan nahi duen guztitik zer da gehien betetzen zaituena?
Hasieran gurasoei eskatzen nien dirua bizikletak konpontzeko materiala erosi ahal izateko. Horrela hasi nintzen. Denborarekin ekosistema propioa eraiki dut. Gero gauza bat dago: bizikletak konpontzeak poz handia ematen du. Batzuek lanerako bidean hiria gurutzatzen dute bizikletan eta beste batzuek munduari buelta ematen diote, baina denak ateratzen dira hemendik irribarre batekin bizikletaren gainean. Umea zarenean bizikletak askatasun sentipena ematen dizu, eta uste dut bizikletak sentipen hori gorde egiten duela betirako.

"Nik auzoan egiten ditut erosketak, eta gustatzen zait beste jendeak ere aukera hori egitea, baina jende gehiena ez dago horretan"

Ze galdera egin behar dizkio bere buruari bizikleta bat erosi nahi duenak?
Nik galdera bi egiten dizkiet hona datozenei: zertarako erabiliko duzu bizikleta? Zenbat diru gastatu nahi duzu? Oreka bilatu behar dugu nahi dugunaren eta ahal dugunaren artean. Jendeak ez du nik esaten dudana egin behar, jakina, baina nire lana da interpretatzea zer den bakoitzak behar duena. Nik nahi dudana da jendea hemendik atera ostean esatea, “hauxe zen nik nahi nuena”. Esate baterako, jende asko lohi-babesen bila etortzen da. Nik galdetu egiten diet ea euria egiten duenean bizikleta hartuko duten. Askok ezetz esaten didate, eta orduan galdera da ea zertarako nahi dituzu lohi-babesak euria denean ez baduzu bizikleta aterako? Denei erakusten dizkiet hemen dauden aukera guztiak, eta gero bakoitzaren zalantzak argitu ahala, behar duena eman.

Auzoa etengabe aldatzen ari da eta hiria ere bai. Zelan proiektatzen duzu La Ferro hemendik urte batzuetara?
Iruditzen zait halako denda edo proiektu gehiago sortu daitezkeela eta gu lehenagotik egoteak ez du beti balio bezeroei eusteko. Gure burua ezagutzera ematen jarraitu beharko dugu. Webgunea eramaten didan laguna eta biok, beti ari gara horri bueltaka. Aldaketak etengabeak izango dira, eta guk ahalegindu beharko dugu aldaketa horiek onerako izan daitezen. Baita derrigor egin behar ditugunak ere. Denda bera ez dut gehiago hazterik nahi. Bizikleta gutxiago izan nahiko nituzke dendan eta langileekin harreman ona mantendu. Nik nire aukeren barruan ordaintzen dut, eta ordaindu dezakedanaren arabera eskatzen diet langileei. Mekaniko bat daukat orain oso ona dena, baina atera dakioke zerbait hobea. Orduan nik eskaini nahi diot hemen pozik egotea, ze gerta daitezke aurreikusten ez dituzun gauzak eta prest egon behar duzu aurrera egiteko. Epe motzean nire helburua dendan gauza gutxiago izatea eta ordu gutxiago lan egitea da, adibidez. Iaz mekaniko gabe gelditu nintzen, eta erotu arte lan egin nuen bezero guztiei erantzun ahal izateko.

Inoiz imajinatu duzu La Ferro Bilbo ez den hiri batean?
Ez..