argia.eus
INPRIMATU
Euskararen periferiak
Zer egin beheranzko eskailera mekanikoetan gorantz bagabiltza
  • Ertzetatik aztertu dute hizkuntza UEUk antolatutako Euskararen periferiak jardunaldietan. Euskarak dituen testuinguru oztopatzaileez mintzatu dira Beñat Garaio HABEko ikerlaria, Iker Villa abeslaria eta aktorea, Diego Pallés EHUko ikerlaria eta Maialen Gago Guka mugimenduko kidea. Erdalduntze makina, oztopoei aurre egiteko estrategiak, komunitatearen garrantzia, pribilegioak eta tentsioak izan dituzte hizpide.

Olaia L. Garaialde 2025eko urriaren 01
Ezkerretik eskuinera, Diego Pallés, Maddi Kintana (moderatzailea), Maialen Gago, Beñat Garaio eta Iker Villa, UEUk joan den ekainaren 30ean Gasteizen antolatutako mahai-inguruan. Argazkia: UEU.
Ezkerretik eskuinera, Diego Pallés, Maddi Kintana (moderatzailea), Maialen Gago, Beñat Garaio eta Iker Villa, UEUk joan den ekainaren 30ean Gasteizen antolatutako mahai-inguruan. Argazkia: UEU.

Testuinguru oztopatzaileak euskal hiztun komunitateak botererik ez daukan espazioak dira. Hortaz, euskaraz bizitzeko saiakera, korrontearen aurka egitea da, edo Iñaki Iurrebasok dioen bezala, beherantz doazen eskailera mekaniko batzuetan gora egiteko saiakera”. Hitz horiekin deskribatu ditu testuinguru oztopatzaileak Maialen Gago Fruniz Bilbon diharduen Guka euskaltzaleen mugimenduko kideak. Bilbotarrak, Beñat Garaio Mendizabalek, Diego Pallés Lapuentek eta Iker Villa Barajak, nork bere bizipenak eta egindako ikerketak hartu dituzte oinarri, eta kolektiboan egindakoaz ere aritu dira hizketan. Denek aipatu dute behin baino gehiagotan korrontearen aurka sentitu direla. Gago kasu, deustuarra (Bilbo) eta Gukako kidea da. Bilboko euskaltzaleen "plaza askea" da Guka. Kezkatik sortu zela kontatu du: “Bilbon euskararen aldeko gauza asko egiten ari ziren, baina gauzak, praktikak eta diskurtsoak norabide berean jartzeko eta indar guztiak batzeko beharra zegoen”. Horrekin batera, aztertu nahi dute zer gertatzen den testuinguru oztopatzaileetan eta zeintzuk diren trabak eta zailtasunak: “Euskararen aldeko hautua egin behar dugu, baina ahaztu gabe mila oztopo daudela”.

Bizkaiko beste periferia batetik solastatu da Villa. Gaur egun Gernikan bizi da, baina Barakaldon sortu eta hazi zen. Gernikarekin alderatuta, egunerokoan Barakaldon euskara “askoz gutxiago” entzuten dela dio. Urtez urte bere auzoko egoera “asko hobetu” dela uste duen arren, testuinguru oztopatzailetzat du Barakaldo: “Gernikan bestelako naturaltasun batekin egiten dute euskaraz”. 2009an Revolta Permanent izeneko rap taldea sortu zuen Iker Aginaga, Aitor Abio eta Mikel Becerra musikariekin batera: “Uste dut garai hartan euskaraz musika egitearen aldeko hautua oso arraroa zela”.

Garaio soziolinguista eta ikertzailea da, eta euskararen biziberritzea, hizkuntzen jabekuntza eta hizkuntza lankidetza dira bere ikergai nagusiak. Gasteiztarra da, eta guraso euskaldunak ditu: ama arnasgune batean jaio zen, eta aitak guraso izan baino lehen ikasi zuen euskara. Gasteiz testuinguru oztopatzailea dela sentitzen du, baina bere testuinguru zehatza kontuan hartuz gero, zalantzak sortzen zaizkio: “Etxe militante batekoa naiz eta D ereduan ikasi dut. Orduan, zein puntura arte da testuinguru oztopatzaile bat niretzat?”. Horregatik, uste du aniztasunetik aztertu behar direla testuinguruok. Kontatu duenez, Boisen (Amerikako Estatu Batuak) Erasmus moduko bat egiten ari zelarik aktibatu zen euskararen alde: “Han ikusi nuen benetan zer den testuinguru oztopatzaile bat eta zein lan egiten zuten ondarea, nortasuna eta hizkuntza zaintzeko”. 

Diego Pallés Lapuente, jatorri espainiarreko gurasoak dituen gasteiztarra : “Gizartearen eta familiaren partetik ez badago inolako heziketa soziolinguistikorik oso erraza da bakoitzak jarrera euskarafoboak barneratzea”

Pallés ere gasteiztarra da, eta bere gurasoak Espainiatik etorritako migratzaileak dira. D ereduan sartzea erabaki zuten, euskarak lan aukerak hobetzeko balio zuen diskurtsoa zegoelako. Kontatu du “oso dezepzionatuta” dagoela jasotako heziketa soziolinguistikoarekin: “Niregan zein ingurukoen artean oso nabarmenak ziren euskararen aurkako jarrerak. Hezkuntza sistematik, konturatu gabe eta naturalizatuz, euskararen aurkako iritziarekin atera nintzen. Gizartearen eta familiaren partetik ez badago inolako heziketa soziolinguistikorik oso erraza da bakoitzak jarrera euskarafoboak barneratzea”. Madrilen bizi zelarik, bertako lagunek arreta eman eta euskarafoboa zela esan ziotenean, gogoetatzen eta euskalgintzan murgiltzen hasi zen. Uste du “premiazkoa” dela ikerketa soziolinguistikoak egitea: “Testuinguru oztopatzaileak ez dira gutxi batzuk bakarrik. Euskal Herria bera testuinguru oztopatzaile bat izango da euskara hutsean bizitzea ezinezkoa den bitartean”.

Gasteiz periferia eta testuinguru oztopatzaile gisa duen arren, testuingurua “oso pribilegiatua” dela sentitzen du. Bi abantaila nagusi nabarmendu ditu: ofizialtasuna eta erreferente izateko aukera: “Ofizialtasunak berez ez ditu gazte euskaldunak edo euskara gaitasunak dituztenak sortzen urtero. Halere, euskararen aldeko diskurtso sozialean adostasun lauso moduko bat sortzen du. Gainera, ondoan ez daukagu konparatzeko inguru euskaldunagorik”. Alabaina, trabak gailentzen direla uste du.
 

Iker Villa musikaria, Barakaldon jaioa eta Gernikan bizi dena: “Zure hizkuntzan egiten duzunean musika, kasu honetan euskaraz, uste dut mezu bat bidaltzeko izan behar dela”

Aniztasuna ardatz 
Ofizialtasunean eta testuinguru oztopatzaileetan dagoen aniztasunean jarri du arreta Garaiok. Azpimarratu du ez direla Trebiñu (Araba) bezalako enklabeak ahaztu behar. Uste du giro sozial berean sortu diren bi pertsonek euskararekiko oso jarrera desberdina izan dezaketela: “Gaur egun nik ez dut ia gaztelaniaz egiten eta nire gaztelania minimo historikoetan dago. Kontziente naiz salbuespena dela. Eskolako prozesua nirekin batera egin duen txikitako lagun batek oso bestelako hizkuntza erabilera dauka. Euskara ia ez du erabiltzen”. 

Horregatik, uste du ezaugarri asko hartu behar direla kontuan; esate baterako, nolakoa den bakoitza, norberaren gaitasun linguistikoak, bakoitzak nola erantzuten dion estres linguistikoari eta zein tresna dituen gatazka eta tentsio uneetan. “Iurrebasok gaitasun erlatiboaren garrantzia aipatzen du bere tesian. 

Villak “zeharo desberdin” bizi du bere prozesua. Azpimarratu du D ereduan ikasita ere, ikasleek nabarmen ikusten zituztela trabak. Euskaraz ikasi arren, “pila bat” kostatzen zitzaien lagunen artean euskaraz aritzea: “Giroa aldatu zuena esplizitatu gabeko itun moduko bat izan zen. Denborarekin jarrera hori naturalizatu egin zen”. Musikari dagokionez, duela hamabost urte inguru, Barakaldon euskaraz musika sortzeko hautua egitea ezohikoa zen, eta erreferente “gutxi batzuk” zituzten Euskal Herrian; esate baterako, Selektah Kolektiboa, 121 krew eta Norte Apache. “Gaur egun gazte batek Barakaldon talde bat sortu nahiko balu uste dut erreferente gehiago izango lituzkeela. Ez dut esango hobeagoak edo txarragoak, baina gehiago bai”, esan du Villak. 

Euskal kulturaz orokorrean ere mintzatu da. Uste du eskaintza “pila bat” aberastu dela estiloan zein kopuruan, baina azken aldian euskara kanpora ateratzea dutela helburu proiektu askok: “Zure hizkuntzan egiten duzunean musika, kasu honetan euskaraz, uste dut mezu bat bidaltzeko izan behar duela. Helburu bat eduki behar du Euskal Herrian, euskaldunen, eta euskal herritarren artean. Ez dago gaizki La revueltan [Espainiako telebista kate publikoko saio bat] euskarazko kantu bat egitea. Oso ondo dago, baina begirada, batez ere, testuinguru oztopatzaileetan eduki beharko genuke. Azkenean interesa hemen egon behar da”. Aspalditik ez da Barakaldon bizi, baina gustatuko litzaioke jakitea zer-nolako egoera dagoen gaur egun. 

Bilbo erdalduntze makina handi baten gisan irudikatu dute Gukako kideek: “Euskaraz bizi nahi dutenek, eta baita erdaldunek ere, erdalduntzera daramatzan prozesu bat bizi dute”. Bost mekanismo identifikatu dituzte: aisialdi eskaintza erdalduna, euskara ikasteko zailtasunak, hezkuntza ez-formal erdalduna, euskararen kontrako diskurtsoak eta komunikabide sistema erdalduna. “Horren kontrako alternatiba bat pentsatzen ari gara”, esan du Gagok. 

Maialen Gago, Guka (Bilbo) euskaltzaleen mugimenduko kidea: “Euskararen aldeko hautua egin behar dugu, baina ahaztu gabe mila oztopo daudela”

Gukak emandako datuen arabera, 2024an Arriaga Antzokiko euskarazko eskaintza %20 baino ez da izan.  Horren %37 Loraldiaren programazioa da. Gazte Euskaltzaleen Sareak dioenez, Bilboko Udalaren webgunean dauden helduentzako aisialdi jardueren %97,5 gaztelaniaz dira. Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz egitasmoek diote Euskal Herriko zinemetako emanaldien %1 baino gutxiago izan dela euskaraz 2024an.

Kontzientzia, motibazioa eta atxikimendua
Euskarazko testuinguruetatik kanpo euskaraz aritzen jarraitzeko oztopoez eta estrategiez ere eztabaidatu dute. Kezka adierazi dute maiz modu instrumentalean irakasten delako euskara, eta ikastetxeetara mugatzen delako. Pallésen arabera, faktore asko hartu behar dira kontuan; hala nola traba instituzionalak eta demografikoak: “Pertsona askorentzat oso zaila da sare euskaldun bat sortzea. Eta askotan gertatzen da, euskaraz ikasi arren, ez badituzu bi gazte inoiz entzun euskaraz, zure hizkuntzarekiko pertzepzioa oso desberdina dela". Horregatik, aitortu du “oso zaila” dela harreman sare euskaldun autonomoak edo espontaneoak ez dauden lekuetan gazteek euskaraz aritzearen aldeko kontzientzia garatzea.

Uste du kontzientzia lantzeaz gain, motibazioa ere “nahitaezkoa” dela: “Pertsona batzuek kontzientzia izan dezakete, euskaraz ez egin arren, ahalbidetu dezakete besteek hitz egitea, eta espazio horretan babesle izan daitezke. Orduan, ez da soilik ez zaitudala txarto epaituko, baizik eta sustatu egingo dut”. Zentzu horretan, euskara biziberritzeko estrategietan, lehen, familiako transmisioa azpimarratzen zen, eta gaur egun kontzientzia eta motibazioa.

Pallésekin bat egin du Gagok. Nabarmendu du beharrezkoa dela euskaraz egitea arrunta izango den guneak sortzea eta beste kontzientzia bat lantzea. Adibidez, Deustuko futbol taldea oso estrategikoa izan daitekeela iritzi dio: “Gazteentzako berebiziko espazioa da eta entrenatzailea gazteentzat munduko gauzarik onena da. Horrek euskaraz funtzionatuko balu, beste testuinguru batean egongo ginateke. Hori ere erdalduntze makinaren adibide bat da”. Uste du “berebizikoa” dela euskaraz bizitzea ezinezkoa den lekuetan euskararen alde egitea, estres linguistikoa pairatzeko hautua egitea, eta tinko mantentzea.

Beñat Garaio, ikertzaile eta soziolinguista gasteiztarra: “Pribilegioak ditut gizon zuri klase ertainekoa naizen heinean, baina ez euskalduna izateagatik, edo ez behintzat hainbeste”

Euskara pribilegioarekin lotzearen arriskuez ere ohartarazi du eta kritiko agertu da: “Nik, adibidez, D ereduan ikasi dut 18 urte bete arte, eta orain 29 ditut. Klasekide batzuekin egiten dut topo eta ez dira gai euskaraz aritzeko. Hamaika urteotan gaitasuna, erosotasuna edo dena delakoa galdu dute. Haiek ez bezala, nik espazio batzuk eraikitzeko hautua egin dut”. Horregatik, euskaraz aritzea euskaraz bizitzeko eskubidearekin lotu du, eta pribilegioa, hizkuntza-oztopoen aurrean erdaldunez mozorrotu eta hiztun erdaldunak dituen pribilegioak baliatzearekin. Azpimarratu du Bilboko Kale Nagusian ibiltzean bi aukera daudela: euskararen aldeko hautua mantendu eta “etengabeko talkan” aritu edo erdaldunez mozorrotu eta beste pribilegio batzuekin aurrera egin: “Esaten dute ezin dela euskaltzaletasuna feminismoarekin alderatu. Nire iritziz, apur bat antzekoa da: Gabonetako afarian nire izebak esaten didanean noiz izanen ditudan haurrak edo noiz ezkonduko naizen. Bi aukera ditut: konfrontatzea edo esatea, ‘Oraindik ez, kar-kar-kar’".

Aipatu du batzuetan estrategia linguistikoa izan ohi dela "izua zabaltzea", eta datu linguistikoak txarrak direla esatea. Hizkuntzarekiko atxikimendua lantzeko hori baino estrategia “hobeak” daudela iruditzen zaio: “Cira Crespok dio eskaintzen duguna ez dela hizkuntza bat, baizik eta aske biziko den eta eskubide guztiak izango dituen herri bateranzko pasabidea. Uste dut bestelako herri bat amesteko ideiatik atxikimendua areagotu daitekeela”.


Komunitatearen garrantzia 
Tentsioak, pribilegioak eta beste ideia batzuk agertu dira solasaldian, eta Garaiok inposaketan ere jarri du arreta: “Iruditzen zait batzuetan ez dugula onartzen edo bazter batean uzten dugula badagoela nolabaiteko gatazka linguistikoa eta inposaketaren mamua”. Euskararen kontrako diskurtsoak “oso erraz” barreiatzen direla dio, eta gizarte osoan eragiten dutela. Euskara pribilegioarekin lotzearen kontra borrokatzea aldarrikatu du: “Min handia egiten digu. Pribilegioak ditut gizon zuri klase ertainekoa naizen heinean, baina ez euskalduna izateagatik, edo ez behintzat hainbeste”.

Gaineratu du hizkuntzekiko harremanak eta hierarkiak aldatu egin direla, eta geroz eta hizkuntza gehiago nahasten direla. Arnasguneetan egindako ikerketa bat aipatu du, zeinetan ikusi zuten Azpeitian (Gipuzkoa) korearrez kontsumitzen zutela hainbat eduki eta Aramaion (Araba) italieraz: “Elkarrizketetan hizkuntza horiek sartzen badira, pentsa gaztelania eta ingelesa”. Arnasguneetan arreta jartzeaz gain, itoguneei erreparatzea beharrezkoa dela uste du. Horretarako, euskalduna izatearen eta identitatearen kontzeptuak “zabaldu” behar direla argudiatu du: “Gure hiztun komunitatera etorri nahi duen edonork gure komunitatean ateak zabalik izan ditzan, eta lehenengo momentutik gure parte izan dadin, harrera komunitate bat izan behar gara. Protokolo ez idatzi bat behar dugu eta euskaraz hitz egiteko aukerak, erraztasunak eta baldintzak eskaini”. 

Mahai-ingurua bukatzeko, ideia bana partekatu dute. Gagok herrigintzatik martxan jartzen diren proiektuak laguntzeko eta ematen dituzten emaitzak neurtzeko tresnak eskatu ditu. Villak kontzientzia nola piztu daitekeen galdetu du. Proiektuak aurrera eramateko baliabideak, aukerak eta egonkortasuna behar direla uste du Garaiok. Azkenik, Pallések azpimarratu du kontzientzia lantzeaz gain, ekintzen bidez gauza “asko” aldatu daitezkeela: “Komunitatean egin behar dira gauzak, eta horretarako, askotariko espazioak sortu”.