Abuztuaren erdian hasi zen eskubaloira entrenatzen seme zaharrena; irailetik aurrera, astean lau entrenamendu ditu (hiru tekniko, bat fisikoa) eta asteburuetan partida. 15 urte ditu. Erdikoak, eskola-kirolaz gain, futbola eta eskubaloia. 9 urte ditu. Etxeko agendan, leku gehiena baloiek hartzen dute. Kirolak osasuna eta lagunartea ematen dizkie, hala da hori, asko da hori. Eta prestigioa.
Baina kirolak zentralitate handiegia du: kirolak denbora kolonizatzen du eta jolas librea ordezkatzen. Sormen autonomoa gutxitzen, errendimendura bideratutako entrenamendu exijenteekin. Haurrak infantil, alebin eta kadete bihurtu dira, haur izateari utziz. Ahaztu egin zaigu irabazi eta galdu gabe ere pasa daitekeela arratsalde bat, asteburu bat, jolas-ordu bat. Bizitza bat.
Irudikatu abuztuan hasita, astean lau bertso-entrenamendu, eta, asteburuetan, bertso-saio bat izango lukeen gazte bat. Gazte bat bere potentzialitate eta aukera guztiekin hitzak sortzera emana. Irudikatu astean lau aldiz dantzan aritu, eta, asteburuetan, dantzarako erromerian elkartuko litzatekeen herri bat. Irudikatu astean lau aldiz marraztera edo musikara askatuko litzatekeen herri bat. Beste doinu batean kantatuko genuke. Edo are, kantatu egingo genuke.
Normalizatu egin dugu kirolak baldintzatzea gure asteburuak: lehenengoa da kirola, eta, horren arabera, antolatzen ditugu familia-planak, kultur-planak, mendi bueltak. Normalizatu egin dugu kirolak baldintzatzea herri planak: kontuz lehen mailako futbol talderen batekin kointziditzen badu manifestazio edo kultur ekitaldi batek.
Badakit ez zaiela lanik falta; egutegian ez dute egun libre askorik aurkituko. Baina lerro hauen bidez, Nazio Batuen Erakundeari otoitz egiten diot izendatu dezaten egun bat, bakarra bada ere, kirol jarduerarik gabekoa, autorik gabeko eguna edo kerik gabeko eguna izendatzen den bezala. Amen.