argia.eus
INPRIMATU
Asimilazio estrategiak
Karmelo Landa 2025eko urriaren 01

Genozidioaren faseak, guztiak larriak izanda ere, une batzuetan eskandalagarriak, zaratatsuak, izan ohi dira, baina beste zenbait unetan isilean garatzen dira, ia oharkabean.

Entzutetsuak dira populu indigenen sarraskia Amerikan, Gernikako bonbardaketa, holokausto nazia... eta eskandalua da, halaber, Gazako sarraskia, sionistak Palestinan egiten ari diren genozidio latza orain bertan.

Baina une horiek izango dute segida. Garaileek prestatzen dituzte, errukirik eta lotsarik gabe, beraien neurrirako resort, erreserba, edo eremu kolonizatu eta asimilatuak, genozidio luzearen garaipena eta aro berri itxuraz normaldua ekarri behar dituztenak. Horietan ez da indiar, palestinar edo euskaldun gehiegirik nabarmenduko, marasma ingelesdun edo espainiar kulturaren ozeanoetan sakabanatu eta disolbatuak. Asimilazioa da genozidioaren soluzio finala. Indiarren “arazoari” soluzio finala. Euskaldunon mendeetako matxinadari azken soluzioa.

Hori dela eta, genozidioak toki zehatzetan orain hartzen duen modua txikizio militarra da, baina beste zenbaitetan, gurean, kasu, asimilazio estrategien fasean gaude.

Euskal nortasunaren galera eta asimilazio espainiarra eta frantziarra azeleratu egin dira azkenaldian modu deigarrian. Ez kasualitatez. Lehen estatu espainiarraren eta frantziarraren erasoaldien aurrean erresistentzia eta auto baieztapen euskalduna nabarmentzen ziren kasuetan, orain maizegi asimilazioa, integrazioa eta axolagabekeria nagusitzen baitira. Baina hori guztia indukzioz gertatzen ari da. Aurreko garaiko alderdi abertzaleek zuzendu dute etxe barruan jarrera aldaketa hori, egokitu egin dira sistema politiko-instituzional arrotzetara eta azkartu egin dute asimilazio prozesua.

Asimilazioa geldiarazteko eta aurre egiteko baldintza ezinbestekoa dugu euskal politika parametro propioetan kokatzea, ez estatu zapaltzaile bien mende

EAJ oso eroso dago Euskal Herri zatikatu honen atal baten estatu espainiarraren administrazio autonomoa gobernatzen. Ez ditu nazio arazoak mahai gaineratuko, eta horretara behartzen badute ezinbestean, promesa hutsalak egin eta lehengoan jarraituko du. Euskararen egoera larriaz zerbait antolatuko duelako promesa 2027an edo. Estatus politiko berriaz eta erabakitzeko eskubideaz, kontaktu erronda hasiko duelako promesa… 2026ko udan. Hori bai, dibidenduak berehala eskuratzeko, Madrilen eskatu eta Parisen bereganatu du, modu pribatuan garai kritiko batean euskal ondasun publikoa izan zen egoitza.

Deigarriena, hala ere, garai bateko ezker abertzalearen bira izan da, erresistentziatik eta alternatibatik gaur egun mantentzen dituen posizio politikoetara. Madrileko txandako gobernu espainiar progresistaren aliatu seguru bilakatuta, erlatibizatu egin ditu maila ideologikoan euskal nazioaren zutabeak, euskararen beraren garrantzia erlatibizatuta, bai teorian bai praktikan. Batetik, esentzialismoaren aurkako elebitasuna, multikulturalismo eta multilinguismo akritikoak pregonatuta. Bestetik, elebitasunaren izenean, espainieraren eta frantsesaren estatusa eta erabilera finkatuta euskal jendartean.

Asimilazioa geldiarazteko eta aurre egiteko baldintza ezinbestekoa dugu euskal politika parametro propioetan kokatzea, ez estatu zapaltzaile bien mende. Horrek euskal herritarren mugimendu organizatua eskatzen du, ahalmen eta botere politikoa eskuratu behar dituena. Nazio mailako elkarrizketa bai, euskaraz eta Euskal Herri osoan, independentziarako bideak prestatzeko moduan.