Grebek laguntzen digute ideologizazioan, kontzientziazioan, kolektibizazioan. Greba prozesu bat da, lanuzteaz harago. Epe motzean emaitzak lortu gabe ere –galdetu bestela Gasteizko lorezainei edota Gipuzkoako erresidentzietako langileei–, borrokarako eta antolakuntzarako kultura indartzen du.
Urte luzetako borroka feminista eta sindikalari esker, eta 2023ko greba feministak aldarrikatutako zaintza eskubide kolektiboa mugarri gisa dugula, kontziliazio eta zaintzari begira aurrerapauso itzelak lortu ditugu lantokietan. Urtez urte jaiotza eta adopzioagatiko baimenak nabarmen luzatzeaz gain, txikien zaintzarako 8 asteko baimenak onartu zituen Estatu espainiarreko gobernuak 2023an. Bi aste gehiagoko baimen ordainduak, berriz, 2025ean. Gurasoontzako bakarrik ez, bizikide eta familiartekoen ospitaleratze eta mendekotasun egoeretarako ere baimenak luzatu dira –enpresek legearen interpretazio oso ezberdinak egiten dituzten arren–.
Gero, legeaz gaindi, negoziazio kolektiborako sindikatuek osatutako plataformek bilatu dituzte bestelako kontziliazio neurriak, pertsonak erdigunera eramateko estrategiak landuz. Kooperatiben kasuan, bazkideon ahaleginari eta kontzientziazioari esker saiatzen ari gara aurrerapausoak ematen; doluari bere espazioa aitortu eta emanda, adibidez.
Dena den, adinean aurrera goazen heinean, guraso edota ahaideen gaixotasun eta ezintasunek gure agendetan gero eta espazio zabalagoa hartzen dute. Egoitzak, ospitaleak, eguneko zentroak... gero eta sarriago errepikatzen zaizkigun egoerak dira, gure osasun propioan eragiten dutenak. Zein den sarri gure irtenbidea? Familia medikuak osasun mentalarengatik baja ematea, gaixotasun arruntez mozorrotuta. Zaintzari bere lekua aitortuta, tresna osagarriak behar ditugu, sisteman lan erreproduktiboari ere espazioa emango diotenak.