argia.eus
INPRIMATU
Ondare historikoen suntsiketa planifikatua, Israelen izana justifikatzeko
  • Monumentu historikoak, aztarnategi arkeologikoak, artxiboak, liburuak, artefaktuak... Gazako ondarea bonben pean galtzen ari da. 5.000 urtetako iraganaren aztarnak betirako galduak. Hori ez da "gerra-istripu" bat edo genozidioaren "albo-kaltea". Aspaldian hasia du Israelek Palestinako ondare historikoaren suntsiketa, Gazan bezala, 1948az geroztik Israel deitzen zaion lur zatian, Zisjordanian zein Ekialdeko Jerusalemen. Proiektu sionistaren oinarria baliogabetzen dutelako iraganeko aztarna horiek. Eta nola ez, palestinarrek lur horrekin duten lotura oro desagerrarazteko. 

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko irailaren 23a
Argazkian, Yochai Damri, Hebron mendiko Eskualdeko Kontseiluko burua eta Uri Gordin jenerala, Zisjordaniako hegoalde okupatuan, 2021ean, Susiya antzinako judu herrixkaren aztarnak bisitatzen, gaur egun izen bereko palestinar herrixka bat dagoen tokian. Argazkia: Gershon Elinson

Israelgo armada bonbardatzera zihoan Gaza hiriko eraikin hartatik ehunka pieza arkeologiko atera zituzten irailaren 11n. Erasoaren abisua jasota, goseak eta egarriak ahulduta egonik ere, indar apurrak batu eta lotu zitzaien joan-etorri arriskutsuei, bertako ondasunak salbatu nahian: Gazako zerrendako bost gune arkeologiko nagusietako ondasunak, azken hiru hamarkadetako miaketen emaitzak bilduta zituzten bertan. Erreskate bat hondamendi orokortu baten erdian. Doi-doietarik salbatu izana ez da ordea Gazako zerrendako gune arkeologikoen eta monumentu erlijioso, kultural zein historikoen zortea: bi herenak ditu suntsitu Israelen bonbek 2023ko urriaren 7az geroztik. Hori dakigunetik, bertaratzea debekatua zaielako nazioarteko ikerleei eta nola ez ondarearen segipena egitea ezinezkoa zaielako eraikinen %90 baino gehiago bonbek xehaturik dituen eremukoei. Inork ez daki zehazki zer den betirako galdua, zein heinetakoa den galera, baina dakiguna da 5.000 urtetako historiaren aztarna gehienak ezabatuta edo hondatuta direla. Gazako zerrendari dagokionez, 354 gune eta monumentu historiko zerrendatu ditu Unescok. Bilakaera bera izan dute museo, liburutegi eta artxibategiek ere: milaka objektu, dokumentu eta liburu betirako galduak. "Ez dugu neurtzen ahal galdutakoa, hitz egin ahal izateko bertatik bertara begiratu beharko genioke dagoenari, eta horretarako berantetsiak gaude. Baina aitortzen dut biziki ezkorra naizela: Israelen bonbek kasik dena suntsitu dute, eskolak, elizak, meskitak, ospitaleak, ministerioak... irudika dezakegu arlo horri dagokion suntsiketa heina ere", dio Jean-Baptiste Humbert arkeologo frantsesak, 50 urtez arakatze lanetarako Ekialde Hurbilean egondakoak.

Hamdan Taha arkeologo palestinarrak argi du: "Eraikin historikoak eta gune arkeologikoak nahita suntsitzen dabil Israel, Gazako biztanleriaren, bere lurraren eta bere historiaren arteko lotura ezabatzeko helburuarekin. (...) Gazako herritarrak lur horren historiatik deskonektatu nahi ditu, eta aldi berean, bere kontakizunarekiko eta lekuarekiko lotura propioa sortzen dabil etenik gabe". NBEren ikerketa batzordea ere ondorio horretara iritsi zen maiatzaren 6an plazaraturiko txostenean: "Krimen gerratzat" jo dituzte Israelek "nahitara" buruturiko gune historiko eta erlijiosoen suntsiketak. Gazaz gain, Zisjordaniari eta Ekialdeko Jerusalemeko egoerari begiratu diote eta zera diote: "Palestinar herriaren ondare, kultura eta sinesmen erlijiosoei buruzko Israelen mespretxua argi uzten du erasoak jasotako guneen kopuruak eta beraien kultura eta nortasuna arriskuan jartzen ditu". 

“Arkeologiak, esentziaz, ez du ematen eskuin muturreko ministro etnokratikoek nahiko luketen ziurtasun eta purutasun hori. Beraz, asmatu egin behar dute” 
RAPHAEL GREENBERG 
(arkeologoa)
Brontze Aroaz geroztik, zibilizazioen bidegurutze

Gazako lehen aztarna arkeologikoak Brontze Arokoak dira. Horusen bidea faraoien garaian, Sultanaren bidea otomandarren garaian... betidanik izan da pasaleku inportantea, Afrikaren, Europaren eta Asiaren arteko lotura egiteko, merkataritzarako besteak beste. Milaka urteko historiaren aztarnak gordetzen dituzte lur horren erraiek eta azalak. Lekukoen edota sateliteen irudien bidez, badakigu dagoeneko erraustu dituztela Brontze Aroko Tell es-Sakan gunea –Kristo aurretik 3.200 eta 2.000 urteetako egiptoarren eta kanaandarren presentziaren aztarna aberatsa–; Antzinako Greziar aroan eraikitako Anthedon hiriko portua; IV. mendean eraikitako San Hilarion monasterioa –bizitza komunitario kristauaren aztarna zaharrenetakoa– ; XII. mendeko Gazako Meskita Nagusia –filistiar tenplu baten gainean V. mendean bizantziarrek eraikitako eliza, VII. mendean meskita bihurtu zutena–; Qasr al-Basha museoa XIII. mendeko mamluktar gaztelu batean eraikitakoa; eta abar eta abar. Eta abar luze bat. 

Proiektu sionistaren justifikatzeko

Berez, zibilizazio eta kultura nahasketa aberats bat da Gazako zerrenda, baina bakarra azaleratu nahian dabiltza sionistak. Palestinako ondarearen ezabaketa hurbiletik segitzen dabil Abdulrezzak Matani ikerlea, eta dioenaz, sionisten kontakizunari balio zientifikoa emateko asmoz dabiltza iraganeko aztarnak ezabatzen: "Ondare arabiarra eta islamiarra alde batera utzi edo sistematikoki ezabatu dute. Torraren kontakizunak dioenez, Kristo aurreko X. mendean, David eta Salomonen erregealdietan, Israelgo erresuma bateratu eta boteretsu bat ezarri omen zen Palestinan, Nilotik Eufratesera hedatuz, Jerusalem erdigune politiko eta erlijioso nagusi izanik. Kontakizun hori funtsezko zutabea da tesi sionista modernoan, ‘juduek Palestinari buruz duten eskubide historikoari’ buruzkoa". Biblian leku garrantzitsua duen Kanaan lurraldeari lotzen dutelako Israel –Mediterraneo ekialdeko kostaldetik Jordan ibaira zihoana; egungo Israel, Zisjordania, Gaza, Libano, Siria eta Jordaniako lurralde zenbait–, eta mendeetako erbesteratze eta sarraskien gainetik, lur sakraturako itzulera ukaezintzat dutelako. Sionisten iparrorratza da kontakizun hori –Biblia historiako liburu kontsidera daiteke? Hori ere dute, nola ez, historialariek eztabaidagai– eta ukaezina kraskaratzen duten aztarnak desagerrarazi, eta alderantziz, Bibliako hebrearren edota iraganeko judu komunitatearen presentziarenak argiratzen dabiltza.

Zisjordanian eta 
Ekialdeko Jerusalemen miaketa arkeologikoak bideratzen dabil Israel, nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa den arren. Aitzakia horrekin, palestinarrak beraien etxeetatik eta lurretatik kanporatzen dabiltza. Argazkia: AFP

Alta, ondareak dakarrenari begiratuz gero, bestelakoa dugu iraganaren osaketa: Israelgo erreinua existitu arren, ez zaigu hain boteretsu eta ospetsu agertzen; eta bestelako zibilizazio andana egon zen bertan, batzuk anitzez presentzia sakon eta iraunkorragoarekin gainera. Hori horrela, helburu bati segi bideraturiko arkeologian dabiltzala dio: "Palestina ‘hitzemandako lurra’ eta ‘arbasoen sorleku’ gisa aurkeztu dute. Diasporako juduentzako lotura historiko eta territoriala eraiki dute kontakizun horren bidez. Hala, Torraren kontakizuna identitate nazional modernoaren eraikuntzaren zutabe bihurtu dute. Arkeologia biblikoa ez da diziplina zientifiko inpartzial gisa erabili, baizik eta kontakizun sionista indartzeko, lurren jabetza aldarrikatzeko eta Palestinako presentzia arabiar-islamikoari muzin egiteko edo ezabatzeko".

Iraganaren manipulazio hori ez da berria. Jerusalemgo historialari eta arkeologia ikerlaria da Eyad Salim eta hamarkadaz hamarkada galdutakoa katalogatzen dabil: "1948an suntsitutako herri palestinarretan, meskitak, santutegi islamikoak eta ondare guneak itxi, suntsitu edo sinagoga bihurtu zituzten. Kontu luzea eta konplexua da". Nola ez aipatu 1967ko ekainaren 10etik 11rakogauean, Sei Eguneko Gerraren bukaera zekarren su-etena ezarri eta ordu gutira, erabat suntsitu izana Jerusalemgo Hiri Zaharreko auzo magrebtarra: 130 eraikin inguru eraitsi zituzten, ehunka palestinar aterperik gabe utzi eta azken zortzi mendeetako historia hori ezabatu. Juduen gune sakratua den Erosten Harresiaren plaza eraikiko zuten hor. Historialariek argi uzten dute: suntsiketa hori dena da, historiako istripu bat izan ezik. 

Zifra ofizialei segi, 1967 eta 1992 urteen artean, 3.000.000 pieza arkeologiko lapurtu dizkie Israelek palestinarrei. 2002an abiaturiko Apartheidaren harresiarekin ere 1.100 gune edota monumentu historiko suntsitu dituzte Zisjordaniako lurretan. Eta ez dira horretan gelditzekoak: Zisjordaniako aztarnategi arkeologikoen gaineko kontrola bereganatzeko lege bat ere du bidean Israelek. Baliteke, Antzinako gauzen Agintari Israeldarrak edota Ondare Ministerioak jasotzea ikerketarako eskumena Zisjordania osorako: "Antzinaroaren izenean bideratu anexioa", Emek Shaveh GKE israeldarraren arabera. Erakunde hau 2015az geroztik dabil arkeologiaren instrumentalizazio sionista salatzen. Eta azken albisteen artean, ondokoa: "Israelgo ondare gune" izendatu zituzten agorrilean Zisjordaniako 63 gune arkeologiko.

Egitura pribatuak ere dabiltza estrategia horrekin. Elad izeneko fundazioa dugu seguruenik ezagunena eta indartsuena –Israelgo elkarteen artean aberatsenetarikoa, nazioarteko funts pribatu andanak diruz lagundutakoa–. Ondare arkeologikoa babesteko aitzakian, palestinarrak beren bizitokietatik kanporatu eta kolonoen zabalpena akuilatzeagatik da ezaguna. "Daviden hirian familia judutarrei aterpea bideratzea da gure zeregina", zioen fundazioaren sortzaile David Be´erik, eta horretan dabiltza 1980ko hamarkadaz geroztik. 1950ean Israelek pasatako Falta direnen jabetza legea badute beraien alde, legalki babestuak izateko: 1948ko Nakban beraien etxea utzi behar izan zuten palestinarrei jabetza deuseztatzen die lege horrek –baita Israelen bizi direnei ere–, eta kolonoek ere esku artean dute, lurralde okupatuetan baliatzeko. Okerrena, juduei sistematikoki aitortzen zaiela jabetza historikoa. Ez da arraroa nazioarteko ebanjelistek edota kolonoek buruturiko araketak kausitzea Zisjordanian –Judea eta Samarian, Bibliako izendegiaren arabera–, nahiz eta ondasun historikoak babesteko 1954ko Hagako Itunak hori fermuki debekatu.

Gazan, suntsiketa Gazako zerrenda erabat suntsiturik den honetan, 5.000 urteko historiaren aztarnak galtzen ari dira hondamendian.  Argazkietan, Israelen bonbek Gazan errausturiko San Hilarion monasterioa 
(IV. mendekoa). Argazkia: Wikipedia

Bideraturiko iraganaren manipulazioa Israelen baitatik kritikatzen duenik ere bada, eta horien artean dugu Shlomo Sand historialari israeldarra. Nola judu-herria asmatua izan den liburua 2008an eta Nola Israelgo lurra asmatua izan den 2012an, Israelen kontakizun nazionalista xeheki deseraikitzean datza bere lana. Beste ahots kritiko ezaguna da Raphael Greenberg arkeologo israeldarra ere; "esfera akademikoko belar tzar basatia", Israelgo Kultura ministerioaren begietatik ikusita. Ondokoa dio: "Israel-Palestinaren historiako edozein tarte hartuz gero, ez duzu inoiz lurralde osorako kultura homogeneorik aurkituko. Ez da inoiz egon herrialdea osoki judua, islamiarra, kristaua edo dena delakoa zen momenturik. Arkeologiak, esentziaz, ez du ematen eskuin muturreko ministro etnokratikoek nahiko luketen ziurtasun eta garbitasun mota hori. Beraz, asmatu egin behar dute". Asmakizun horren kontra doazen aztarnak desagerraraziz. Artefaktuz artefaktu, monumentuz monumentu, artxiboz artxibo eta liburuz liburu.