argia.eus
INPRIMATU
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
“Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu”
  • Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko berezitasunak gora-behera. Donostiako MK proiektuaren bueltako gurasoek, esaterako, euskara “bereizgarri, ildo eta balore” dela esan digute. Eta antzekoak irakurri ditugu udal eta diputazioen webguneetan ere, eskola kirolaren printzipioen bueltan. Hain justu, “kirola euskaraz egitea” du helburu Nafarroa Beherean abiatu duten KEA ekimenak, “eskolatik kanpo, lehiaketarik gabe eta neska-mutikoak nahas”.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko irailaren 24a
KEA egitasmoan parte hartzen duten umeetako batzuk, Ortzaizen.
KEA egitasmoan parte hartzen duten umeetako batzuk, Ortzaizen.KEA

Ortzaizen sortua, KEA Kirola Euskara Ahoan elkarteak 2022an eman zituen aurreneko urratsak, Garazi-Baigorri aldeko ikastolako guraso talde batek hauspotuta. Haietako baten –Antton Seychal errugbi hezitzailearen– semea Garaziko klub batean ari zen, “eta kezkatua zen ikusten zuelako biziki zaila dela talde kiroletan euskara bermatzea”, kontatu digu Lorea Etxeberriak, Ortzaizeko ikastolako guraso eta KEA egitasmoaren sortzaileetako batek: “Anttonek mezua igorri zuen, eta dozena erdi lagun bildu ginen”. Halaxe hasi ziren.

Landetako departamenduan badira kirol anitzaren eredua lantzen duten elkarte pribatuak, eta haien jarduna ardatz hartuta jarri zuten KEA abian, euren helburu eta beharretara moldatuta. Orain arte, umeak klub batean ala bestean izena ematen zuen eta han besterik ez zen aritzen araututako kirolean, aparteko eskaintzarik apenas zegoen. “Guk bakantzak baditugu aski usu, zazpi astez behin bi aste opor, eta epealdi bakoitzean kirol bat egiten dugu, bost orotara”, azaldu digu Etxeberriak. Ohituta gaudenerako kirol bereziak dira: “Ez diegu inguruko elkarteei itzala egin nahi. Klubetako jarduna eta gurea osagarriak dira, haur anitz etortzen da astelehenetan KEAra, eta gainerako egunetan klub batean aritzen dira”.

EUSKARAZ EGITEKO OHITURA SORTU

Trebatzaile euskaldunak topatzea zaila dela diote, eta hainbatetan gertatzen den moduan, euskalduna delarik ere, nahikoa dela taldeko ume bat erdalduna izatea guztiek frantsesez egiteko. Ohartu dira, gainera, nahiz eta haurrak ikastetxe berekoak izan, klub berean dabiltzanean eta han frantsesez egiten badute, ikastolara itzultzen direlarik horrek segitzen duela, euren artean erdaraz egingo dutela. Izan futbola, saskibaloia, eskubaloia edo errugbia, egoera antzekoa da guztietan. “Pilotan ere euskara ez da segurtatua”, dio Etxeberriak.

Gazteek bestelakoan egiten ez dituzten kirolak izanik, guztiak hutsetik-edo hasten dira: “Ez da haur txar edo onik, ez dute denborarik haien artean konparatzeko ere, jokoa denondako berria da", dio Etxeberriak

KEAn bestelakoa da panorama. Elkarteak antolatzen dituen ekintzetan biltzen dira hainbat ikastolatako umeak, eta bera ziur da euren arteko lehen harremanak euskaraz baldin badira, betiko atxikiko dutela. “Haur horiek kolegio berera joaten dira, Larzabalera, eta badakigu han fite frantsesera lerratzen direla usu. Bada, sinetsita nago KEAn ibili diren haurrek harremana euskaraz atxikiko dutela kolegiora heltzean ere, eta ez zaiela burutik pasako frantsesez mintzatzea. Jostatu, joko anitz esperimentatu, jende desberdinarekin gurutzatu… Hori guztia euskaraz egitean, euskaraz solasteko plazera ere lortzen da, euskara plazerarekin lotzen dute”.

Aisialdi-eskaintzan frantsesak duen “indar handiagatik” euskararen egoera “hauskorra” dela dio, eta badakiela haiek ez dutela hizkuntza “salbatuko”, baina “arnasgune” direla hein handi batean. Zentzu horretan, Urola Garaiko Mankomunitateak (Gipuzkoa) 2022-2023 ikasturtean egindako ikerketa batek berretsi zuen Zumarragan, Urretxun eta Legazpin %78 ingurukoa dela euskararen erabilera eskola kirolean, kalean %18koa denean adin tarte horretan; eta Zarautz, Orio edota Azkoitiko datuek ere joera bera erakusten zuten (herri horietan %84koa zen erabilera). “Euskararen arnasgune dira”, zioen Zumarragako Udalak, eta gaineratu funtsezkoa dela “entrenatzaileen jarrera”, bai ikasleengan baita gurasoengan eragiteko ere.

EZ-OHIKO KIROLAK, DENAK PARETSU HASTEKO

Euskararena da KEA proiektuak duen kezka nagusietako bat. Bigarrena, lehia “goizegi” txertatzen dela. “Kirol bat egiten denean, aski fite lehia eta partidak hasten dira eta haur guztiendako ez da egokia”, Etxeberriaren hitzetan: “Lehia hasten delarik kirola uzten dute, nahiz eta kirola bera maite duten”. Eta horrek lotura du erreportajean hainbatetan aipatu dugun espezializazio goiztiarrarekin: “Haur batzuk enoatzen dira urte batez aktibitate berean arituz”.

Lorea Etxeberria: “Sinetsita nago KEAn ibili diren haurrek harremana euskaraz atxikiko dutela kolegiora heltzean ere” / UDALTOP

Eta gehitzen du: “Hasten zirelarik kirolean, biziki fite bereizten ziren neskak eta mutikoak. Kode hori hautsi nahi genuen”. Igeriketa ziurtagiria du berak, eta eskolak ematen ditu Makean: “Ez zait lehiatzea gustatzen, beraz, lehiakortasuna kendu nahi nuen, eta neskak eta mutilak nahastu; aniztasuna baita gure helburuetako bat. Beste kirol taldeetan, adin batetik goiti ez da gehiago jolas mistoa”. KEAn generoak markatzen ez diren joko eremu eta jostetak antolatzen dituzte, Ortzaizeko ikastolak sustatutako Bizi Jolas egitasmoaren helburuekin bat. Taldean aski orekatua da neska eta mutil kopurua. “Txikitan agian mutiko gehiago dago, eta bai, lehiaren arragatik-edo, 11 urte bete baino lehen uzten dute batzuek, baina paretsua da kopurua”. Dena den, klub batean jokatzean jarrera lehiakorra agertzen duten umeak gai dira KEAn kirola beste modu batera ulertzeko, eta “bietan dabiltza gustura”.

Leku batzuetan maiz bereizten diren bezala neskak eta mutilak, bereizten dira jokalari “on” eta “txarrak”. Ikasturte honetan KEAn egingo dituzte atletismoa, tchoukball, acrogym, roller edo lineako patina, eta parkour. “Iaz kin-ball egin genuen, bada konpetizione pixka bat, baina talde osoak parte hartzen du, denek ukitu behar dute baloia…”. Gazteek bestelakoan egiten ez dituzten kirolak izanik, guztiak hutsetik-edo hasten dira, maila beretsua dute: “Ez da haur txar edo onik, ez dute denborarik haien artean konparatzeko ere, jokoa denondako berria da”. Astean behin biltzen dira Ortzaizeko ezkerparetan –Herriko etxeak uzten die urririk; “inportantea da haren sustengua”–, 6-8 urteko umeak batetik, 9-11 artekoak bestetik. 50 bat dira guztira, Ortzaize, Baigorri edo Garaziko ikastoletakoak.

KEA BERRIAK ABIATZEKO ZAILTASUNAK

Boluntarioak dira KEAn ari diren guztiak. Antton Seychal errugbi hezitzailea eta Patxi Caliot mendiko gida aste guztiz aritzen dira lanean, eta tarteka beste guraso batzuek laguntzen dute. Klubetan ere, izan pilotan, futbolean edo errugbian, badira entrenatzaileak ordainduak direnak, baina gehienak –hein handi batean gurasoak– boluntarioak dira. “Zaila da guraso euskaldunak atzematea”, errepikatu digu Etxeberriak, eta pena puntuarekin gehitu: “Guk uste genuen KEA atera genuelarik KEA txikiagoak sortuko zirela alboko herrietan, baina ez da gauzatzen”. Itsasuko Herriko Etxeak bazuen proiektu bat esku artean, ezin ordea animatzaile euskaldunik topatu. “Gure kasuan ez bezala, hezitzaileari ordaindu egingo zioten, astean 2-3 orduko lana besterik ez zen, eta hala ere... Ez dakit aurten lortuko duten”.