Milaka pertsonaren inplikazioari esker, Ibaitik itsasora martxak lortu zuen Tuteran hasitako ibilbidea Hendaian burutzea, bidean Gazako genozidioaren eta apartheidaren konplize diren zenbait enpresatan salaketak egin ostean: CAF, M. Torres, Teva, Zara, Carrefour... Irailaren 20an heldu ziren Kantauri itsasora, hamar egunen ostean koloregabetzen hasitako pankarta eta palestinarren itzulerarako eskubidea irudikatzen duen giltza buru zituztela. Israelen sustengu oro eteteko eskatu, eta boikoterako deia egin zuten; izan ere, herritarren presioari esker lor daiteke instituzioek zazpi hamarkadatan mantendu duten konplizitatea orain hautsi behar izatea. Palestinar herriaren erresistentzia goraipatu eta mezu argia eman zuten antolatzaileek: Israelgo estatu sionista isolatu behar da, nazioarteko konplizitateei eta sistema kolonialari esker iraun baitu orain arte.