2018ko uztailean, CAF Beasaingo enpresa batzordeak lehen aldiz eskatu zion ofizialki CAFeko zuzendaritzari Jerusalemgo tranbiaren esleipen konkurtsoan ez parte hartzeko. Momentu horretan egoerak gaurkoarekin zerikusirik ez bazuen ere, ohiko trenbide batetik harago, proiektu hori kolonizazioan beste urrats bat zela ulertu genuen LABeko sail sindikalean.
Lehen irakurketa horretan, zuzendaritza zuzenean interpelatzeaz gain, langileon aldetik palestinar herriari atxikimendua, babesa eta elkartasun keinuak biderkatzeko deia ere egin genuen. Lehen mugimendu hark oihartzun handia izan zuen, ez baita inolaz ere ohikoa langileen ordezkari direnak enpresari lan jakin bat ez onartzeko publikoki eskatzea.
2019ko abuztuan, Jerusalem Transportation Master Plan Team (JTMT) autoritate israeldarrak CAFi esleitu zizkion 114 tranbiaren diseinua eta ekoizpena (linea berdea), 46 tranbiaren zahar-berritzea (linea gorria), bi linea horietan hamabost urterako mantentze eta kudeatze lanak, eta seinalizazio, energia eta komunikazio sistemen hornitzea. Momentu horretan bertan, enpresa batzordeak beste deialdi bat egin zion zuzendaritzari, eta irmoki berretsi zuen proiektu horretan ez parte hartzeko eskaera. Gure saiakera guztien gainetik, ordea, zuzendaritzak aurrera egitea erabaki zuen.
Aldarrikapen eta elkartasun ekintza ugari egin ditugu denbora tarte honetan: lanuzteak, diru bilketak, hitzaldiak, mobilizazioak... Hala ere, enpresak norabide berean jarraitzen du. Jerusalemgo proiektua oso aurreratuta dago, eta lanik handienak CAFek Erresuma Batuan duen lan zentroan egiten dira.
Enpresa batzordeak irmoki berretsi zuen proiektu horretan ez parte hartzeko eskaera. Gure saiakera guztien gainetik, ordea, zuzendaritzak aurrera egitea erabaki zuen
Hori gutxi ez, eta 2022ko urtarrilean CAFek Tel Aviveko beste proiektu bat ere eskuratu zuen (98 tranbia ekoiztu, mantentze lanak, seinalizazioa…). Horrela, enpresak Israelekin duen harreman komertzialak eskari zorroan 1.000 milioi eurotik gorako eragina du.
CAFeko akzio konposaketa ere izan da hizpide zenbaitetan. Bada, enpresaren jabetzaren zati bat zeharka langileon esku egonda ere, ez dugu inolako erabaki ahalmenik. Parte-hartze sistemaren diseinua horretara bideratuta dago: enpresan badugu partea, baina inolako eragin politikorako eskumenik ez. Beraz, hortik eragiten saiatu bagara ere, ez du bideragarritasunik.
2023an Israelek Gazan azken sarraski masiboari ekin aurretik eta genozidio horrek gizarteko esparru zabaletako kontzientziak astindu aurretik, CAFeko langileon ordezkariok jada enpresa arduradunen jarrera salatu genuen eta enpresari eskatu genion gobernu sionistekin haustea. Euskal Herrian 700 enpresa inguruk esportatzen dute materiala Israelera, eta CAFeko enpresa batzordea izan da bakarra era horretako adierazpen eta ekintzak egin dituena, baina jakin badakigu ez dela nahikoa, eta praktikan zer gehiago egin dezakegun aztertzen ari gara etengabe.
Enpresaburuek eta administrazioak bideratutako harreman komertzialen arduradunak ez dira langileak, edonola ere. Adierazpen instituzionalez eta keinu politiko puntualez harago, Israelekin harreman komertzialak eteteko oinarri orokorra behar da. Israel baztertzeko arautze legal sendoa behar da, eta ez soilik enpresaburuen borondatean edota langileon presio gaitasunean oinarritu, eta hori ez da soilik CAFen egin daitekeen presioaren araberakoa izango. Ezinbestekoa da patronalak, gai honen gainean inolako aipamenik egin ez duen eta bere buruari funtzio soziala aitortzen dion instituzio horrek, bere parte diren enpresak behartzea Israelekin dituzten kontratuak errebisatzera eta etetera.
Testuinguru horretan, CAFeko zuzendaritzak JTMTrekin duen kontratua berrikusi beharko luke. Proiektuaren une honetako garapena kontutan hartuta, egiteke gelditzen dena bertan behera nola utzi aztertu behar da. CAFek Israelekin dituen harreman komertzialak hausteko urratsak egin behar ditu.
Aitor Martinez Baraiazarra, LABeko ordezkaria CAF Beasaingo Enpresa Batzordean