argia.eus
INPRIMATU
Boikota
Arrakasta izan duten 20 adibide
ARGIA @argia 2025eko irailaren 24a
Coca Colari boikota iragartzeko Bilboko Konpartsen agerraldia. Argazkia: Ekuador Etxea
Coca Colari boikota iragartzeko Bilboko Konpartsen agerraldia. Argazkia: Ekuador Etxea

FINANTZAK ETA INDUSTRIA

AXA

Frantziar aseguru enpresak Israelgo bankuei dirua mailegatzeari utzi zion 2024ko abuztuan, DBZ eta Ekō elkarteen urtetako kanpainaren ostean.  

Sidenor

Israelgo armadari altzairu militarra saltzen zion Euskal Herrian egoitza duen multinazionalak. Sindikatuen presioz, uztailean jakinarazi zuen “harreman komertzialak” hausten zituela. Bere esportazioen %0,5.

Norvegiako Funts Subiranoa

Munduko handiena da. Israelgo 11 enpresetan eta bost bankutan zituen akzioak saldu zituen 2025eko abuztuan.  

Veolia 

Palestinako lurralde okupatuetako kolonietan, energian, hondakinetan, garraioan eta ur kudeaketan eskaintzen zituen zerbitzuak bertan behera utzi zituen 2015ean. 

Txileko Programa Espaziala

Israelgo ImageSat konpainiarekin sinaturiko kontratu milioiduna eten zuen Txileko aire armadak 2024ko azaroan, akatsak eta epeak ez betetzea argudiatuta, baina,  oinarrian, Israelekin dauden “tentsioak” dira arrazoia.

ADMINISTRAZIOA

Nelson City

Zeelanda Berriko hiri horretan, udalbatzak 2024ko abenduan onartutako arau batek debekatu egiten du Nazio Batuen Erakundeak Palestinako asentamendu ilegaletan aritzeagatik seinalatutako enpresekin negozioak egitea. Euskal Herriko udal askotan boikota babesteko mozioak onartu dira. 

AKADEMIA

EHU

247 milioi euroko ikerketa proiektuei uko egin die Euskal Herriko Unibertsitateak, Israelgo erakundeek horietan zuten parte-hartzeagatik. Ikasleek eta Palestinaren aldeko taldeek askotan exijitu diote unibertsitateari Israelekin dituen lotura guztiak hausteko.

Nazioarteko Medikuntza Ikasleen Federazioa

Brasildarrek eginiko eskariz, Israel kanporatu egin dute federaziotik. 2024ko abuztuan ipini zioten zigorra, bi urterako.

Nobel sari banaketa

Iaz ez zuten Israel gonbidatu, presioen eraginez. Azken bi urtetan milaka ikerlarik, akademiako kidek eta elkarte eta erakundeek antolakuntzari exijitu diote.

ELIKADURA

Coca-Cola

Bilboko 27 konpartsetatik hamahiruk 2025eko Aste Nagusian ez zuten Coca-Colaren edari eta produkturik eskaini euren txosnetan. Aaaaagur! lelopean eta zapi zuriak astinduz agerraldia egin zuten boikota iragartzeko: “Coca-Colak ez du soilik freskatzen, finantzatu ere bai”.

Carrefour

Zisjordaniako asentamendu ilegaletatik bere produktuak kendu zituen 2024ko irailean, Yenot Bitan supermerkatu-kate israeldarrarekin sinaturiko akordioa isilpean hautsita. Jordanian, Majid Al Futtaim enpresak harremanak eten zituen Carrefourrekin.

KULTURA

Idazleen deia 

7.000 idazlek baino gehiagok sinatu dute manifestua, esanez ez dutela Israelgo editorialekin, hango festibalekin, literatur aldizkariekin eta dena delakoarekin kolaboratuko, ez badute genozidioa txarresten. Sinatzaileen artean daude Annie Ernaux, Arundhati Roy, Sally Rooney eta Rachel Kushner. 

Zinegileek planto 

Industriako 4.500 langilek 
baino gehiagok uko egin diote Israelgo genozidioaren konplize diren enpresekin lan egiteari. Yargos Lanthimos, Mike Leigh, Olivia Colman, Tilda Swinton eta Emma Stone tartean dira. 

KKR 

Funts estatubatuarrak inbertsioak egiten ditu Israelek okupatutako lurretan. Espainiako Estatuko makrofestibal ezagunenetan parte hartze ekonomikoa du, eta, iragan udan ezagutarazi zenean, hamarnaka artistek uko egin zioten festibal horietan jotzeari.

Barclays

Banka-entitate ezagunak armagintzak sekulako inbertsioak egiten ditu, tartean enpresa israeldarretan, eta, besteak beste, The Greate Escape musika festibal handiaren babesleetako bat da. Presioaren eraginez, aurtengo edizioan bere izena ez da inondik ere ageri.

Captain America 4

Sabra pertsonaia komikian, Mossad inteligentzia zerbitzu israeldarreko agentea da. Protesten ondorioz, Disneyk eta Marvelek filmean ez dute aipatu nongotarra den; orain, AEBetako gobernuarentzat egiten du lan.

Zararen webgunean ehungintza enpresari boikota egiteko paratutako irudietako bat.

EHUNGINTZA

Zara 

Inditex taldeko arropa-kate guztiek jaso dituzte kritikak sionismoa babesteagatik, baina Zara da gehien nabarmentzen dena. 2024an Sun Mizrahi modelo israeldarra hartu zuen irudi nagusitzat, genozidioa zuritzeko modu bat, BDZren esanetan. Aurten, Israelen duen denda handiena ireki du Tel Aviv iparraldean, 4.000 metro koadrokoa. Ekintzaileek enpresa espainiarraren kontrako ekintzak egin dituzte, esaterako, bere webgunean eta saltokietan maindire zuriekin estalitako manikien irudiak jarrita. BDZk enpresa espainiarrari boikota egiteko kanpaina erraldoia abiatu du 2025eko uztailean.

Puma

Israelgo futbol selekzioa hornitzeari utzi zion 2023ko abenduan, palestinarren kontrako apartheida babesteagatik BDZk mundu mailan antolatutako boikotaren ondorioz. Alemanian egoitza duen multinazionalak arrazoi “estrategikoak” aipatu zituen.

KIROLA

Txirrindularitza 
Iragan Espainiako Vueltan istiluak izan dira hainbat etapatan. Datorren urtean Tenerifen amaitzekoa da, baina hango gobernuak esan du ez dela etapa jokatuko Israelgo taldea lehian baldin badago. Frantziako Tourra, bestalde, Bartzelonan hastekoa da, baina udalak baldintza bera ipini du.

Surf junior txapelketa

Donostian jokatzekoa zen ekainean, baina Munduko Surf Ligak bertan behera utzi zuen txapelketa, presioaren eraginez. 

 


 

NoThanks aplikazioa 

Mugikorrerako egina dago eta ohiko lekuetatik deskarga daiteke. Palestinar batek sortu zuen.

Barra-kodea eskaneatuta, edo bilatzailean produktuaren bilaketa eginda, jakin daiteke Israelekin zuzeneko edo zeharkako loturarik duen. Baiezkoa bada, "No thanks" edo "Ez, eskerrik asko" mezua agertzen da pantailan; bestela, "You are good" edo "Ongi zabiltza".